DANA gertatu eta gertatu «dana»
DANA gertatu eta gertatu «dana» –
DANA gertatu eta gertatu «dana», uholde, hondamendi eta tragediaren erdian espektakulu negargarrien arteko bat, Cuatro telebistako Ruben Gisbert kazetariaren pasadizoa. Gogoan dukezunez, “Horizonte” delako programan zuzeneko konexio bat hasi baino lehen, prakak lohiz nahita zikindu zituen aparejua da hori, besteen tragedia tragikomedia bihurtuta.
Borboniako Ikus-entzunezkoen fakultateetan «Plano Pérez-Reverte» delakoa irakasten omen da: iragan den mendeko azken hamarkadan, Balkanetako gerlan kazetari zebilen “Alatriste Kapitaina”-ren egileak ohitura bat zuen: hamar dolar ematen omen zion soldadu bati airera tiro egin zezan zuzeneko konexioan zelarik, ikus-entzuleok pentsatzeko Javier Perez Reverte bera arriskuan zela informazioa ematean, kosta ahala kosta; kostatu, hamar dolar kostatzen zitzaion amarrua, ez besterik. Egun, Perez-Reverte intelektualtzat hartzen den idazle bat da, egunotan RAEren eserlekutik altxatu eta telebistetara joan dena denaz eta DANAz ere mintzatzera, predikatzaile baten pare. Bistan da, eskola sortu zuen, Ruben Gisbert iruzurgilearen esperpentoa ikusita.
Eskrupulurik eta lotsarik gabeko kazetari eta politikariek lortu dute Borbonian, euriaren gainean bustia, lokatzez betetako errealitatea are gehiago lohitzea eta bazterrak zikintzea. Ryszard Kapuscinski idazle poloniarraren hitzetan: «Informazioa negozioa zela ikusi zutelarik, egiak garrantzia izateari utzi zion». DANA gertatu eta gertatu «dana».
Eta hori ‘Horizonte’-koek eta eskuindarren bakarrik egiten dute, ezta?
Gisbertenak auzo-lotsa ematen du, baina ziur nago garbi-garbi atera izan balitz hor egongo zinateketela hori aurpegiratzen. Nik uste gehiago inporta zaizuela nork egiten duen, zer egiten duen baino.