Saharako loreak

Saharako loreak –

Saharako loreak

Saharako koloreen hodei semantikotik erortzen dira hitzak, eta okrea etorri zait niri burura. Basamortuko koloreen koreografiari segika, berriki Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan uholdeak izan dira. Okrez tindatutako Dakhlako kanpalekuan umeak ur uherretan dantzan aritu dira bozkarioz, pezozko horma pitzatuei soraio.

Zorionez, Dakhlan bertan duela urte gutxi batzuk Bubisher proiektuaren bidez eraikitako liburutegiak eutsi dio uholdeari eta ez du kalte handirik jasan. Izan ere, egoera zalditik astora eta astotik lurrera joanda ere, Saharako herriak aspaldi ikasia du deuseztatzen ez zaituenak gogorragoa bihurtzen zaituela, eta okrez zipriztindutako ume horiek gai dira kinka larrian ere jolas eta aitzina egiteko. Ume horiek dira Saharako loreak.

Zizeron handiak esana utzi zuen: «Si hortum in bibliotheca habes, deerit nihil», baratze bat baduzu liburutegian, ez duzula ezer gehiagoren beharrik; hortum elea uler bedi lorategia, berdegunea, ez soilik ortua. Bada, bide hori hasi gara lantzen proiektu berri baten bidez, basamortuko liburutegietan, lorategi edo baratze edo berdegune bat —geroak eta sahararrek beraiek erranen— eraikitzeko asmoz; Saharako Kabiak elkartetik alor hori jorratzen hasi gara, Bubisher proiektuaren txori alegerak pausaleku koloretsua izan dezan eta errefuxiatu kanpamentuetako liburutegiek izan ditzaten txoko berde babestu baten, okre kolore okerraren ordez, Sahara koloreak.

Saharako loreak –

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude