Merkatu librearen mitoa

Merkatu librearen mitoa –

Erdi Aroan Jaungoikoa jaun eta jabe zen bezala, garai modernotan merkatuaren eta bere lege zurrunen menpe bizi gara. Goi mailako soldata erraldoiak merkatuak zehazten omen ditu; izan ere, Iberdrola edo BBVAko CEO-en sariak beraien arloko merkatuek finkatzen omen dituzte, nahiz enplegatu xume batek baino 300 aldiz gehiago zakura eraman. Arau hori argi geratu zen Rodrigo Ratori galdetu ziotenean zergatik zebiltzan aurrezki kutxak hain oker: “Merkatua da, adiskide”. Anartean, aurrezki kutxetako agintari gehienek etxera eraman zuten diru publiko eta pribatu ugari, eta horregatik, askotxok espetxean bukatu.

Merkatu librearen mitoa
“Cuestiones del libre mercado”. Egilea: Francisco Velasques Zambrano

Munduko Merkataritza Erakundeak (MME) gardenki esaten digu merkatu librearen bidez munduko ekonomia hobekiago egongo litzatekeela, kontsumitzaileak gaitasun handiagoa izango lukeela ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko eta enpleguan ere hobekuntzak ezagutuko liratekeela. Finean, egiaren alde bat bakarrik azalduko digu MMEk, ifrentzua ezkutatzen duen bitartean.

Merkatua eraginkorra izateko, pertsona-langileek, merkantziek, kapitalek eta zerbitzuek oztoporik gabe mugitu behar dute munduan. Hori da ekonomia globalizatuak eskatzen duena, muga zergak desagertu behar dira eta arau juridiko, fisio-sanitarioak berdindu herrialdeen artean. Bestela, merkatuak ez dira eraginkorrak eta guztion kalterako da.

Merkatu libreen eraginkortasuna areagotzeko espazio ezin hobea EBkoa dugu. Halere, EBko merkatuan kapitalen zirkulazioak ez daude oztopoetatik at. Adibide garbia Talgo enpresaren aferan daukagu. Talgoren kapital sozialean sartzeko prest zegoen hungariar kapital funts bat eta jabetza berri hori bertan behera uzteko argumentu hutsala erabili dute: funts hori lotuta dagoela errusiar kapitalarekin eta Errusia “gaiztoen ardatzean” kokatuta dagoenez, nahikoa izan da euskal enpresatik kapital freskoa uxatzeko. Beste kasua Commerzbank (alemaniarra) eta Italiako UniCrediten arteko bategitea galaraztea izan da, nahiz biak EBko bankuak izan.

Merkantziek libreki ez dute zirkulatzen. Orain arte, MMEk behartuta herrialde oro, bereziki txiroak, merkantzien gaineko muga zergak arindu beharrean zegoen. Modu horretan, herrialde garatuak erraz sartu zitezkeen herrialde hartzaile txiroetan. Herrialde garatuek beraien arauak ezartzen dituzte, txiroen kaltetan. Baina, zer gertatzen da Txina bezalako herrialde bat ekoizten hasten denean gure merkantziak, garatuok baino kalitatez eta prezioz hobeto?

Kasu hori auto elektrikoetan, altzairugintzan, etxetresna elektrikoetan eta abarretan gertatzen da gaur egun. Ondasun guztien artean, deigarriena auto elektrikoena da. Autogintza errentagarriago izan zedin, EBtik edo AEBetatik Txinara lekuz aldatu ziren enpresa ugari; ondorioz, Txinan autogintza ikaragarri garatu da eta auto elektrikoak hemengoak baino merkeago izateaz gain, teknologia eta itxura fisiko aldetik, gureak bezain erakargarri bilakatu dira. Horrela, EB edo AEBetako auto elektrikoen industria babeste aldera, muga zergak ipini dizkiete auto txinatarrei: Kanadak eta AEBek %100 inguru, EBk %38…

Oraindik okerrago, adibidez, EBko enpresek, AEBen zigorrak saihestu gura badituzte, ezin izango diete makineriarik saldu Txinako enpresei, makina horiek AEBetan ekoitzitako osagai elektronikoak badituzte; hori guztia segurtasunaren izenean. Ezkutuan, Txinaren garapen ekonomikoa galgatu nahi dute, XIX. mendean Opioaren Gerlekin gertatu zen bezala.

Ondorioz, epe laburrean bederen, geure arteko kontsumo neurrigabea murriztu liteke eta ingurumenak eskertuko luke. Ziur.

ARGIAn argitaratua

Merkatu librearen mitoa  Merkatu librearen mitoa

Krutwigen Lagunak ekimena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude