[Paperezko Itsasoa #Podcast] Opioaren Gerrak eta Txinaren gainbehera

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Opioaren Gerrak eta Txinaren gainbehera – 

“Utziozue Txinari lo egiten, esnatzen denean, munduak dar-dar egingo duelako.”

Arestian entzun duzuen aipuaren egilea Napoleon Bonaparte dela uste da, baina batek daki. Anekdota eta esaldi famatu ugarirekin gertatzen den bezala honako hau ere apokrifoa izan baitaiteke. Hala eta guztiz ere, si non è vero è ben trovatto eta esaldi sonatu hori gure gaurko gaiari sarrera emateko aitzakia gisa baliatuko dugu.

Bizi garen XXI. mende hau Txinaren mendea izango dela esatea cliché bilakatu da dagoeneko. Asiako erraldoi horren hazkundea, mundu mailan erdiesten ari den hegemonia, begi bistakoak dira. Baina fenomeno hau ez da berria, XVIII. mendean ere Txina baitzen munduko herrialderik aberatsena, handiena eta populatuena. Baieztapen hau nahiko xelebrea irudituko zaio askori eta ez da harritzekoa, azken finean, gure baitan oso errotua daukagulako etnozentrismo okzidentala, besteen gainetik gaudela eta beti egon garela pentsatzera garamatzan halako zilborkeria bat.

Askotan ahaztu egiten zaigu gure Erdi Aroan, Londres eta Parisek 10.000 biztanle inguru zeuzkaten garaian, Txinak bazuela ehunka mila bizilaguneko hiri-sare aski dentso bat eta horietako zenbait milioi bat biztanle izatera heldu zirela. 1000. urtearen inguruan, Europa nekazaritzan oinarritutako zibilizazio landatarra zelarik, Txina, Song dinastiaren pean, bere urrezko aroa bizitzera heldu zen, merkataritza eta industria aberatsarekin, sofistikazio kultural eta artistiko paregabearekin. XI. mendetik aurrera Europan hasitako urbanizazio prozesua, zeinak, gizaldi batzuen buruan, Berpizkundea ekarriko baitzuen, aspaldiko fenomenoa zen mundu musulmanean eta Ekialde Urrunean. Europarrak, argi eta garbi esateko, hiritartze prozesu guzti horretan azken putzak izan ginen, baina, halarik ere, prozesu horri probetxu handiena atera ziotenak ere.

Baina ez gaitezen desbideratu eta hel diezaiogun berriz gaiaren hariari. Demagun XVIII. mendearen amaieran gaudela, Frantziako Iraultzaren ingurumarietan. Har dezagun garai hartako mapa mundia. Lehen bistakoan irudi luke Lur Planeta Europa mendebaldeko potentzia bakan batzuena dela: Espainiaren menpeko lurraldeak Alaskatik Suaren Lurralderaino hedatzen dira; Portugalek baditu Brasil eta Afrikako kostaldeko eskualde zabalak; Britainia Handiak bost kontinenteetan ditu jabetzak eta Zazpi Itsasoetako jaun eta jabe ukaezina da; frantsesen eta nederlandarren domeinuak ere ez dira nolanahikoak; zer esanik ez errusiarrez!

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Opioaren Gerrak eta Txinaren gainbehera

Asia Ekialdean Txina dago. XVIII. mende amaierako Txina hori, baina, XXI. mendekoa baino are handiagoa da, bere baitan biltzen baititu ez bakarrik gaur egungo Txinako Herri Errepublika, baizik eta baita Taiwan, Mongolia eta Siberiako zenbait eskualde ere. Qin dinastiak gobernatzen du inperioa eta Qianlong da enperadore. Qin-darrak, halere, ez dira han etniakoa, ez dira txinatarrak zentzu hertsian. 1644an, mende eta erdi lehenago, eta historian beste hainbat aldiz gertatu bezala, iparraldeko estepetako herri batek Txina inbaditu zuen. Kasu honetan jürtxendarrak edo mantxuriarrak izan ziren. Mantxuriarrek, Pekin arpilatu ondoren, une horretara arte txinatarren gidari izandako Ming leinua eraitsi eta sei urteko umetxo bat, Shunzhi, izendatu zuten enperadore. Geroztik, eta 1912an errepublika aldarrikatu zen arte, Qin dinastia mantxuriarrak gobernatuko zuen Txina.

Qianlong enperadorearen agintaldian, Europa Argien Mendean murgilduta zegoela, Txinak aurrekaririk gabeko oparotasuna bizi izan zuen. Jean Grenet sinologo frantsesak dioskunez:

Oro har, Yongzheng aroko eta Qianlong aroaren lehen erdiko nekazari txinatarrak askoz hobeto elikatuta daude eta zoriontsuago bizi dira, Luis XV.aren erregealdiko beren homologo frantsesak baino. Eta, orokorrean, ikasiagoak dira ere. Eskola publiko eta pribatuak hain dira ugariak non nekazari aberatsek erraz ziurta baitezakete beren seme-alaben heziketa, eta, izatez, XVIII. mendeko letratu handi batzuk jatorri apalekoak dira.

Ez hori bakarrik: Britainia Handian Industria Iraultza modernoaren lehen zantzuak nabaritzen ari direlarik, Txinan jada milaka lagun dabiltza oihalgintzan zein labe garaietan lanean. Asiako herrialde horrek mundu guztira esportatzen ditu bere tea, zeta eta portzelanak eta, hain zuzen ere, europar eliteak produktu horien erosle konpultsiboak dira. XVIII. mende honetan Txinarenganako sukarrak hartu du Kontinente Zaharra. Horren ondotik, Potosí eta Zacatecaseko Amerikako zilar mehatzeetatik Europara iritsitako mineral ibaiak Txinan isurtzen dira. Estimazioen arabera, 1571tik 1821era 400 milioi dolar zilar inportatu zituen Europak Hego Amerikako eta Mexikoko meategietatik eta horien erdia txinatar produktuak erosteko baliatu ziren.

Amerikaren aurkikuntzak Txinari egin zion onik handiena, inongo zalantzarik gabe, aktibo ekonomiko fluxu etengabe horri nekazaritza produktu berriak agertu izana gehitu behar zaiolako: batata, artoa, basartoa edo sorgoa… Nekazarien elikadura aberastu zen eta, ondorioz, populazioak gora egin zuen, bikoizteraino: 1741ean 143 milioi txinatar zegoen eta 1812an, berriz, 71 urte beranduago, 361 milioi.

Hala eta guztiz ere, oparotasun honek guztiak bere azkena izango zuen. XVIII. gizaldian Txina lehen mailako potentzia ekonomiko eta politikotzat har zitekeen, baina XIX.ean gainbehera hasi zen, 1900. urtean europar herrialdeen uztarripean bukatzeraino, herrialde sasi-kolonial azpiratua bilakatzeraino endekatu zen.

Dekadentzia honen kausetako bat gainpopulazioa izango litzateke. Biztanleria azkarregi ari zen hazten: XIX. gizaldiaren lehen hiru hamarkadetan bakarrik 100 milioi lagun gehiago ageri da txinatar erroldetan. Fenomeno hark lur eskasia eta elikagai urritasuna eragin zituen, baina baita jabetzen kontzentrazioa eta latifundismoa areagotzea. Goseteek eta tentsio sozialek nekazarien matxinadak ekarri zituzten; ezagunenak Loto Zuriaren sektak gidatutakoak.

Nolanahi ere, faktore demografiko soila ez da aski Txina bezalako erraldoi baten ondoratzea azaltzeko. Horri elementu exogeno bat gehitu behar diogu, gaurko saioaren muina hain zuzen ere.

Gorago aipatu dugu ezen europar burgesia eta aristokrazia erabat liluraturik zeudela Txinako produktuekin eta kulturarekin: jauregietako saloi dotoreneetan txinatar tea edaten zen goi mailako txinatar portzelanazko katiluetan; txinatar zeta finenez egiten ziren eliteen arropak… Chinoiserie deritzo fenomeno honi.

Ekialdeko Indietako Konpainiaren bitartez, Ingalaterrak diru kantitate itzelak gastatzen zituen luxuzko produktuok inportatzeko. Albion Zitalak eta Kontinente Zaharreko gainontzeko erresumek balantza komertzial erabat desorekatua zeukaten Txinarekiko, izan ere, txinatarrek euren produktuak saldu bai, baina ordainetan ez zuten europar produkturik erosten, buruaskiak ziren eta Yorkshireko kotoizko oihal ingelesek ez zieten interes amiñik ere eragiten. Zilarra eskatzen zuten ordainetan, arestian aipatu dugun amerikar zilarra. Arazoa zera zen: Ingalaterrak ez zuela zilar iturri propiorik, Zacatecas eta Potosiko meategiak espainiarren menpe zeudelako, eta, haatik, Txinarekiko merkataritzak zilar erreserba ingelesak erabat ahitzen zituen. Hori saihesteko, txinatarrek masiboki erosi nahi izango zuten produktu bat aurkitu beharra zegoen. Produktu hori droga bat izango zen: opioa.

Opioa lo-belarretik (Papaver Somniferum) ateratako gaia da, belarraren latex lehortua. Efektu analgesikoa dauka, min aringarria alegia, eta heroina, morfina edota kodeina bezalako substantzien oinarria da. Mediterraneoan Neolitotik erabili bazen ere Txinan ez zen 1500. urtera arte ezagutu, Ming dinastiara arte. Hasiera batean haren erabilera medikuntzarekin egon zen lotua, baina XVIII. mendetik aurrera kontsumoak osasunaren esparrua gainditu zuen. Ingelesek India berenganatu zutenean, Bengala eskualdean opioa masiboki produzitzeari eta Txinan saltzeari ekin zioten. 1820an 65 kiloko ia 5.000 opio kutxa iritsi ziren Kantoneko portura, 1830ean 20.000 eta 1838an 40.000 gutxienez.

Droga olde batek hartu zuen Txina eta aurrekaririk gabeko krisi sozial eta sanitario bat eragin zuen, Ekialdeko Indietako Konpainiak irabazi neurtezinak jasotzen zituen bitartean. East India Company da, hain zuzen ere, historian izandako droga kartelik handiena. Opioaren kontrabandoak ustelkeria areagotu zuen txinatar funtzionarioen artean eta Estatuaren oinarriak kinka larrian jarri zituen, hain zuzen ere, administrazioko letratuen artean izan zuelako opioak arrakastarik handiena. Ez hori bakarrik: droga oldeak krisi ekonomikoa areagotu zuen, opioa erosteko zilarra erabiltzen hasi zelako. Une horretara arte Txinarentzat mesedegarri izandako balantza komertziala desorekatzen hasi zen.

Dena delarik ere, enperadorearen gorteko mandarinen artean zatiketa zegoen opioaren auziari heltzeko moduari zegokionez. Zenbaiten aburuz zentzuzkoena droga hura legeztatzea zen, hala, kontrabandoaren inguruan eratutako ustelkeria eta krimen sareak hondoratuko zirelako; beste batzuen ustez opioa legeztatu bai, baina muga-zerga handiak ezarri behar zitzaizkion eta europarrak, opioa saltzearen truke, txinatar produktuak erostera derrigortu. Halarik ere, erabateko debekuaren aldekoak irten ziren garaile.

1839an, Daoguang enperadoreak Lin Zexu funtzionarioa igorri zuen Kantonera. Lin Zexuk zintzo fama zekarren, erostezina izatearena; ederki merezitako ospea. Hegoaldeko portu horretara iritsitakoan ontzi ingelesetan gordetako 20.000 opio kutxa konfiskatu eta suntsitzeko agindua eman zuen. Opio guztia portuko dartsena batera isuri zen uretara karea botatzeaz batera, era horretan droga hondatzeko. Opio guzti hura suntsitzeko prozesuak hiru aste iraun zituen. Bestalde, Lin Zexuk merkatari ingelesak Txinatik alde egitera behartu zituen ere.

Txinaren hordagoaren aurrean, Londresen erantzuna ez zen berehalakoa izan, Britainia Handiko iritzi publikoa banatua baitzegoen. Batzuek ez zuten begi onez ikusten opioaren negozioa, ezta arrazoi horregatik gerra bat hastea ere. 1840ko apirilaren 9an Britainiar parlamentuan, hiru eguneko eztabaidaren ostean, gerra deklaratzea bozkatu zenean zatiketa hori argi eta garbi geratu zen, izan ere, proposamena 10 botoko diferentziarekin izan zen onartua: 272 parlamentari gerraren alde eta 262 aurka.

1840ko ekainean iritsi zen Royal Navy Kantoneko Badiara, Perla Ibaiaren itsasadarrera. Txinako kostaldeko zenbait uharte eta portu berenganatu zituzten eta flotaren zati batek iparrera egin zuen, Itsaso Horira, Pekin hiriburua mehatxatzeko. Hurrengo urtean ontzi ingelesek Yangtzi ibaian gora egin zuten, Nankin hiria inguratzeraino. Hegoaldean, britainiarrek Kanton konkistatu zuten.

Junko ontziz osatutako flota txinatarra ez zen Royal Navyri aurre egiteko gai izan. Ontzi ingelesen artilleriak arazorik gabe birrintzen zituen ontzi txinatarrak. Eta lehorreko borroketan ere desoreka ez zen txikiagoa izan: ingelesek 19.000 soldadu baino ez zituzten eta txinatarrek, berriz, 200.000 inguru. Hala eta guztiz ere, ingeles tropen artean 69 hildako baino ez ziren egon eta txinatarren artean, aldiz, 20.000 gutxi gorabehera.

Porrotaren kausak ez dira bakarrik txinatarren atzerapen teknologikoan bilatu behar, Txinak bazituelako bestelako desabantaila batzuk. Administrazioa zentralizatuegi zegoen, erabaki guztiak Pekineko gortean hartzen ziren eta, ondorioz, tokian-tokiko buruzagiek maniobratzeko tarte eskasa zeukaten. Gainera, Kanton Pekinetik 2.000 kilometrora dago eta horrek asko zailtzen eta moteltzen zuen komunikazioa. Kantoneko aldirietan nekazari miliziak osatu ziren eta arrakasta handia izan zuten ingelesen lapurretak neutralizatzeko unean. Hala eta guztiz ere, txinatar eliteek mesfidantza zieten milizia horiei, ez zituzten nekazariak armatu nahi, beldur zirelako gero ez ote ziren iskilu horiek euren aurka bueltatuko.

Kontuak kontu, Txinak porrot umiliagarria jaso zuen. 1842an, Nankineko Itunean Hong Kong uhartearen gaineko subiranotasuna utzi behar izan zieten ingelesei hurrengo 155 urteetarako; 21 milioi dolar zilar eman behar izan zieten kalte-ordain gisa eta Kanton, Shanghai, Amoy eta Ningboko portuak merkataritza askeari ireki behar izan zizkioten, hau da, opio-trafikoari. Aurrerantzean, ingelesak ezin izango zituzten txinatar epaileek epaitu, ez ziren txinatar legeen pean egongo, lege ingelesen pean baizik. Era berean, nazio faboratuenaren printzipioa ezarri zen, hots, beste zeinahi herrialdek Txinarekin abantaila komertzialik lortuko balu automatikoki Ingalaterrak ere eskuratuko luke abantaila hori.

Txinatar historiografiarentzat Nankineko Itunak hasiera eman zion Txinaren umiliazioaren mendeari. Ez da gutxiagorako ere: hurrengo ehun urteetan Txina europarren uztarri pean geratuko zen, sasi-kolonizaturik; bere merkataritza europar potentzien kontrolpera pasa zen eta kostaldeko hiri ugari europar kontzesio bilakatu ziren, ez bakarrik arestian aipatutako Hong Kong, baita Shanghai edota Tsingtao ere, zeina alemaniarren eskuetan baitzegoen. Opioaren bigarren gerra bat egon zen ere, 1856tik 1860era bitarte, Britainia Handiaren, Frantziaren eta Estatu Batuen aurka. Gerra Tianjineko Itunarekin amaitu zen, Txinarentzako beste porrot laidogarri bat: beste hamar portu ireki behar izan zizkioten mendebaldeko merkatariei, baita Yangtzi ibai guztia ere. Ordaindu beharreko kalte ordainek lur jota utzi zuten altxor publikoa.

Txinatar Estatua desagertze bidean zegoen eta horren isla dira XIX. mendeko matxinada erraldoiak.

1847an, Hong Xiu-chuen-ek, familia txiro bateko semeak, funtzionario izateko azterketetan huts egindakoak, Roberts izeneko misiolari estatubatuar bat ezagutu zuen. Kristautasunaren eta erlijio tradizionalen nahasketatik igualitarismo mistiko bat sortu zuen, Erdi Aroan Europan agertutako mugimendu milenaristen oso antzekoa. Hong Xiu-Chuen-ek eldarnioak zeuzkan, haluzinazioak, Zeruak Qing dinastia ustela kanporatzeko agindua eman ziola uste zuen. Haren eskutik Jaungoikoaren Adoratzaileen Elkartea sortu zen eta berandu baino lehen 30.000 jarraitzaile zeuzkan: meatzariak, ikazkinak, nekazari pobreak… Taiping izenez ezagunak. Jaungoikoaren Adoratzaileak aise bereiz zitezkeen gainontzeko txinatarrengandik, motots luzeak, mantxuriarrenganako sumisioaren sinboloa, moztu baitzituzten.

1850 inguruan matxinatu ziren Xiu-Chuen-en jarraitzaileak eta Tàipíng Tinguó izenekoa aldarrikatu zuten, hau da, Zeruko Erresuma Handia. Oinarri teokratikodun Estatua zen, baina berdinzalea eta, bitxia irudi lezakeen arren, feminista: taiping-ek jabe handien lurrak nekazari pobreen artean banatu zituzten; ohaidetza edo konkubinatoa zigortu zuten eta neskatilen oinak bendekin lotzea debekatu; emakumeek erabateko berdintasuna izan zuten, gizonei bezala, lurra eman baitzitzaien eta, gizonek bezala, zerbitzu militarra egin behar zutelako. Zeruko Erresuma Handiak luxua, diru-jokoa, alkohola, tabakoa eta opioa debekatu zituen.

Taiping Matxinadak arrakasta itzela izan zuen hasiera batean, Qing dinastia desagertze arrisku larrian jartzeraino. Nankin, Txinako portu garrantzitsuenetako bat, konkistatu zuten eta izena aldatu zioten: Tianjin, Zeruko Hiriburua.

Hala eta guztiz ere, Zeruko Erresumak hamahiru urte baino ez zuen iraun. Lurren banaketak lur-jabe txiki eta ertainen haserrea eragin zuen, agintariak luxu artean bizi ziren eta etengabeko gerra egoerak ezinezko egin zuen promestutako erreformak aurrera eramatea. Azkenean, txinatar letratu handiek, mendebaldeko potentzien laguntzarekin, errebolta garaitzea, taiping-darrak suntsitzea, lortu zuten. Hala eta guztiz ere, matxinada hark Qing dinastiaren amaieraren hasiera ekarri zuen.

1912an, japoniarren aurka gerra bat galdu ondoren, Boxerren Matxinadaren testuinguruan europarrek Pekin arpilatu ostean… Sun Yat-Senek azken enperadorea, Pu-yi, bost urteko ume koxkorra, tronutik eraitsi eta Txinako Errepublika aldarrikatu zuen. Iraultza horrekin, baina, ez ziren Txinaren ezbeharrak amaituko.

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Opioaren Gerrak eta Txinaren gainbehera
[Paperezko Itsasoa #Podcast] Opioaren Gerrak eta Txinaren gainbehera

Podcast honen helburua humanitateen dibulgazioa egitea da. Historia, filosofia, hizkuntzalaritza, literatura, etnografia... hamaika gai jorratu nahi ditugu ahalik eta modu arin eta gustagarrienean. Eta noski: euskara hutsean.