Euskaraz mintza

Euskaraz mintza –

Euskaraz mintza

Euskara biziarazi nahi badugu, beti euskaraz mintzatu behar dugu euskaldun guziekin. Aski ote zaigu? Ez dut uste. Euskararen kalitatea zaindu behar dugu, ez baita goiti ari. Iduri luke euskara batua Hegoaldean entzuten dugun hizkera dela soilik, eta maiz itsutuki kopiatzen dugu, hutsak barne. Aldiz batua Ipar eta Hegoaldearen artean egiten duguna da, Euskaltzaindiak markatu bidetik. Horren Hiztegian sartzen dira euskalki guzietako hitzak, hein bat idatzi diren ber. Iparraldeko hitz eta erranaldiak ez ditzagun bazter utz, gipuzkera osatura mugatuz. Oreka bat erdiets daiteke mugaren bi aldeetarik. Euskaldunen kopuru gorena Hegoaldeak du naski, baina guk literaturako lehentasuna dugu.

Haatik txarrena da frantsesaren kopiatzea, eta hori ustekabean egiten dugu gero eta gehiago. Etsenplutako, hona gaizki erabiliak diren hitzen zerrenda labur bat, ohar zenbaitekin.

Agur – Gaur Hegoaldean «adios» errateko baizik ez dut entzuten. Euskal tradizio luzean, harrera egiteko ere balio du: Agur Jaunak, Agur Maria, Agur Xiberoa… Bikoiztasun hori atxik dezagun.

Algeria: frantseskeria bat da g horrekin. Euskaraz, arabieratik zuze- nean, Aljeria da, jotarekin.

Apetitu on – Frantsesetik hartu berria. Zaharrek ordea: egizu bazkari edo afari, eta on dagizula.

Arazo eta arrazoi(n) – Maiz nahasiak Iparraldean. Arazo: problema. Arrazoi(n): raison.

Atzeman – Attraper, saisir. – Trouver: aurkitu, ediren, kausitu, topatu.

Baizik – Gaur Zuberoan bereziki gaizki erabilia, bakarrik edo bakoizki errateko. Beti ez bat behar du lagun. Adibidez katixima zaharretan: « Zenbat Jainko dira? Bat baizik ez da. »

Batez ere – Berria, Iparraldean ezezaguna, eta «batere ez» bikotearekin nahas daiteke.

Batzuk eta batzuek – Biak badira, bakoitza bere lekuan: batzuk dira, batzuek dute.

Bere – Iparraldeko gazterian galdua, berriz ikasi beharra.

Bereziki – Eskiulatik Bilboraino dabilan hitz argia ezabatzen digu «batez ere» nahasgarriak.

Da eta dago – Iparraldean ez ditugu ongi bereizten, dago kasik baztertua dugu, eta berriz bildu behar genuke iragankorra den zerbaiten adierazteko: handia da eta (orain) hemen dago.

Det – Gipuzkoa ekialdetik hedatu nahiz dabilkigu, batuko dut zabalaren aurka.

Egur – Leña, bois de chauffage. Zur: madera, bois d’oeuvre. Altzari eta mubleak ez dira surako.

Esperantxa dut – Arrunta Iparraldean «j’espère» errateko.

Espero dut – Gaztelaniaz «j’attends». Espero modan dago, gaizki erabilia, nahasgarria.

Galde bat pausatu – «Poser une question». Euskaraz: galdegin, galde bat egin.

Guziz – Beste hitz guziak bezala deklinatzen da: egun guziez idatz, egun guziz erranik ere.

Haren – Bere uxatzen digu. Biak behar dira, bakoitza bere lekuan.

Harro – Iparraldean ezkorra da: harroputzaBurgoi eta fier atxik: biak Hiztegi batuan daude.

Instalatu – Hitz luze, konplikatu, itsusia, burrustan frantsesetik sartu berria, plantatu haizatuz.

Izan eta ukan – Hegoaldean «être» eta «avoir», bietarako dabil izan. Iparraldean izan eta ukan bereizten ditugu: aberastasun bat da, ideiak argitzen dituena.

Jelos – Mesfida zenak, bekaizti ordezkatzen du orain, hizkuntza pobretuz eta nahasiz.

Ohiko – Hegoaldeko ohizko modan dago, baina Euskaltzaindiak gure ohiko hobesten du.

Ondo – Gipuzkoatik burrustan entzuten dugu, baina batuan ongi hobesten da.

Ontsa – Batzuek untsa idazten dute, baina O behar du, ondok eta ongik bezala, erro beretik.

Plantatu – Ez da landatu, baina jarri: laborantzan plantatu, eta ez instalatu.

Portablea? Sakelakoa!

Ezagutu «Euskara ene gisara», helduak euskalduntzera sustatzeko komunikazio kanpaina ezagutzeko

Euskaraz mintza

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

Zer duzu buruan “Euskaraz mintza”-ri buruz

  • Benat Castorene 2024-10-09 09:21

    Euskararen kalitatea zaindu behar dugula, egia handia baina ez da erraz egitea hiztunen komunitatea gero ta tipia denean, gero ta barreiatua erdaldunen uholdearen erdian. Baina zer egin? entseiatu besterik?
    Hiztegiari dagokionez, lagun batzek erraiten zidan ez ditugula ezagutzen eskuragarri ditugun lapurtar klasikoaren hitzak. Konparazione, harro eta fier hitzen ondoan beren tokian beti erabil ditzagunak bada “haido” baina ezdakit posible den oraino hitz zahar bat berpiztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude