Anything is possible

Anything is possible –

Honela zioen handik bi egunetara egitekoa zen Gasteizko Ironmanaren berri emateko publizitate-olanak: “Anything is possible”. Lagun batekin hitzordua nuen Gasteizko Plaza Berrian eta harako bidean, beste zenbait kartel, publizitate euskarri eta karpa ikusi nituen. Batzuk ingeles hutsez (“Finish Line”, “Official Store”, ”Village”…); beste batzuk, ingelesez eta gazteleraz (“Athlete Guide/ Guía del Atleta”, “Main Locations/ Ubicaciones Principales”, “Bus Service/ Servicio de Autobús”…). Baina ez nuen euskararen arrastorik ikusi aipatutako euskarrietan.

Anything is possible
Arg: libellule789

Ulertzen dut Ironmana nazioarteko marka bat dela, parte-hartzaile gehienak Euskal Herritik kanpokoak direla eta hirian duen eragin ekonomikoa izugarria dela. Hori dena ez dut zalantzan jarriko. Eta, beraz, ingelesaren erabilera ez dago ezbaian. Nabarmentzen ari naizena da gure hiriko plazak, kaleak eta/edo errepideak hainbat egunez okupatzen dituen ekitaldia izanik eta administrazioen diru ekarpena jasotzen duela aintzat hartuta, baldintza batzuk bete beharko lituzkeela, baita hizkuntzen erabilerari dagokionez ere. Eta, egia esan, kasu honetan, baldintza horiek jasota daude Gasteizko Udalarekin duten babesletza-hitzarmenean: “Kontratistak eta, hala badagokio, azpikontratistek, kontratua gauzatzen den bitartean, bi hizkuntzen koofizialtasuna (euskara eta gaztelania) zaindu beharko dute, eta beren jarduera elebitasunaren eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzearen irizpideei lotuko zaie (…) Komunikazio orokor guztiek elebidunak izan behar dute (…) Komunikazio orokortzat hartzen dira honako hauek: webguneak, errotulazioa eta seinaleztapena, informazioak, publizitatea, iragarkiak eta zerbitzu-eskaintzako dokumentuak, megafonia bidez igorritako komunikazioak (…) Puntu honetan ezarritako hizkuntza-irizpideak betetzen ez badira, zigorra ezarriko da (…)”.

Hau adibide bat baino ez da. Euskal Herrian zehar ugariak baitira uda garaian ez ezik, urtean zehar ere antolatzen diren era guztietako jarduerak, kirol-probak, kultur-ekitaldiak, kontzertuak, musika-jaialdiak, industriaren esparru askotako azokak, era abar. Horietako gehienetan, administrazio publikoa antolatzailea izaten da edo bere babesa izaten dute, diru-ekarpena barne. Bistan denez, dena da posible, baita administrazioen parte hartzea duten ekimenetan erabiltzen diren publizitate-euskarrietan lurraldeko hizkuntzak ez erabiltzea ere, hitzarmen batean jasota egonda ere. Oro har, ez da hitzarmenen betetze mailaren segimendurik egiten eta, bete ezean, ez da inolako zehapenik ezartzen. Noiz ikusiko ditugu administrazioak beren hizkuntza-irizpideak aplikatzen eta ikuskizun edo ekitaldi bat garatu nahi dutenei hizkuntza-baldintzak betetzen direla egiaztatzen?

Laguna hitzordura garaiz iritsi ez zenez, egunkarietako azalei begira aritu nintzen kafea hartzen nuen bitartean. Egun horretako albistea zen Gasteizen zabaltzekoa den “EDA Drinks and Wine Campus” berrirako egoitzaren diseinua, Basque Culinary Center ekosistemaren barruan kokatuko den espazioa, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatua eta Gasteizko Udalaren parte hartzea izango duena. Ehunka dira izendapena ingelesez duten proiektuak eta era guztietako ekimenak, kosmopolitak eta hedapen handiagokoak izango direla iritzita. Maiatzean bertan, esate baterako, “Vitoria-Gasteiz, City of Flowers” izeneko ekimena izan genuen, Gasteizko Udalak antolatuta, Jaurlaritzaren eta Aldundiaren babesarekin, eta merkatari zein enpresarien elkarteen babesarekin. Egitarauari erreparatuta, helburu publikoa ez zen atzerrikoa, ez zen hitzaldirik edo jarduerarik ingelesez programatu… Zein estrategiari jarraiki erabaki zuten izendapen hori?

Nolanahi ere, bertako administrazioek antolatua, sustatua edo babestua izanik, euskararen erabilera egokia bermatu beharrekoa da. Euskarari balioa eman behar zaio eta orain arteko praktikak iraultzeko palankak behar ditugu: lidergoa, arduradun politiko eta teknikoen bisio argia, euskararen erabilera ahalbidetuko duten politika publikoak, administrazioek antolatutako, sustatutako edo babestutako era guztietako ekitaldietan euskara bermatuko duten neurriak, finantziazioa eta segimendua, besteak beste. Posiblea da, palanka eta egile egokiekin asmatuz gero.

Anything is possible  Anything is possible

Euskaltzalea

Zer duzu buruan “Anything is possible”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2024-07-20 11:37

    Sarritan salatu ohi duguna… lagunartean bada ere. “Basque naming Obssesion” (https://iazkoaga.com/2021/11/21/los-nombres-en-ingles-y-el-cosmopaletismo/). Baina badirudi inor ez dela konturatzen, agintarien artean, Euskaraz irakurtzen ez dutelako edo. Irakurtzen ez dutelako…
    Paroxismora iritsita, hor dugu “Eusko label”, ez baitakit non deabru saldu nahi duten kaka hori. Gurea nabarmendu nahi eta gureaz harro agertu nahi… eta kanpotar izenaz bataiatu. Eta zestapuntako “summer series” eta “winter series”, hain zuzen ere Euskal Herrian geure kirola berrindartzen saiatzeko; eta pilota playofez beterik, inoiz behar izan ez direlarik, eta abar.
    “Learning from reality”, zioen hemengo unibertsitate baten iragarkiak, errealitatea Ingelesez bide da, ez besterik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude