Mike Daggett-en indioak eta artzain zuberotarrak

Mike Daggett-en indioak eta artzain zuberotarrak –

XIX. mendean euskal artzainak, jadanik Estatu batuetakoak ziren Nevadan, Arizona, Idahon… zabaldu ziren inork egin nahi ez zituen lanak eginez, eta ainitzetan, indioen lurraldeetan. Euskal artzainak bakardadean bizi ziren, beraien artean euskaraz egiten, eta oso ingeles gutxi jakinik. Gizarte estatubatuar berrian, euskaldunak beraien lanpostuak kentzera zihoazen kanpotar gisa ikusten zituzten, nahiz eta hauek gizartetik kanpo bizi ziren, artaldeekin eta indioekin. Ez du ematen indioekin arazo handirik izan zutenik, agian bi giza taldeak, nolabaiteko bazterkerian bizi zirelako, indioak erreserbetan, eta euskaldunak lautadetako bakardadean. Baina beti ez zen horrela izan.

Mike Daggett-en indioak eta artzain zuberotarrak
Euskal artzaina bere artaldea zaintzen

1.- Mike Daggett indio shoshonearen matxinada

1910eko udaberrian, Mikel Daggett (geroago Shoshone Mike deitua izan zena) eta bere taldea, Ihahoko Rock Creek-eko Fort Hall erreserbatik atera eta Nevadako iparrerantz abiatu ziren. Osora hamaika indio shoshone ziren, denak Mike Daggetten familiakoak, bi gizon salbu. Taldean baziren hiru emakume eta lauzpabost haur. Nevadatik mendebaldera egin zuten, Kalifornia aldera. Gerora, handik Nevadara itzuli ziren, Washoe izeneko konderrira, Little Higt Rock Canyon-en negua pasatzeko asmoz. 1911ko urtarrilean, zer jaterik ez zutela, arrantxo batean zenbait behi hil eta ebatsi zituzten. Bert (Bertrand) Indiano artzain zuberotarrak dena ikusi zuen eta abisua eman zien lurralde haietako gainerako arrantxeroei.

Mike Daggett-en indioak eta artzain zuberotarrak
Euskal artzainak Nevadan

Gertatutakoa jakinik, hiru gizon abiatu ziren, Bert Indianorekin batera, hango arrantxoak zaintzera: Harry Cambron  eta inguruetan zebiltzan bi euskal artzain: Betti Erramuzpe eta Janbattitt Laxaga zuberotarrak, han Peter eta John izenez ezagutuak zirenak. Lehen aipatu arrantxora iristean, Mikel Daggett eta bi seme zain zeuden, bide estu batean gorderik, eta lau gizonak, hortik pasatzen hasi zirelarik, tiroz josi zituzten. Gero, adatsak moztu, eta gorpuak erreka batera bota zituzten.

Mike Daggett-en indioak eta artzain zuberotarrak
Shoshone indioen kanpamendua. 1890

2.- Kelley Creek-eko borroka eta sarraskia

Handik zenbait astetara, otsailaren 8an, hain zuzen, lau gizonen bila zebiltzan poliziek gorpuak aurkitu zituzten erreka zulo batean botata. Albistea bolbora bezala zabaldu zen inguruetako eskualdeetan, eta asko izan ziren arrantxoak abandonatu eta leku seguruagoetara abiatu ziren familiak. Nevada eta Kaliforniako poliziek talde armatu bat antolatu zuten, eta J.P. Donnelly kapitainaren agindupean jarri ondoren, otsailaren 13an, Daggett-en shoshoneen bila abiatu ziren.

Otsailaren 25ean, Winnemuccako ipar-ekialdean, Kelley Creek izeneko lekuan aurkitu zituzten. Berehala borroka piztu zen bi aldeen artean, hiru ordu luzez iraun zuen borroka. Shoshoneen emakumeak ere, gizonak bezala borrokatu ziren. Mike Daggett buruzagia izan zen hil zuten lehenengoetako bat. Shoshoneek, muniziorik gabe gelditu zirenean, arkuak, lantzak eta aizkorak erabili zituzten haien defentsan. Azkenean, denak hil zituzten, hamazazpi urteko neska bat eta hiru haur ttipi izan ezik. Hildakoen artean, baziren beste bi haur.

Mike Daggett-en indioak eta artzain zuberotarrak
Donnelly kapitaina eta Kelley Creek-eko borrokan parte hartu zuten gizonak.

Indioen gorpuak Nevadako Golcondara eraman zituzten orgaz eta hantxe ehortzi zituzten. Mike Daggett eta bere semeak shoshoneak ziren arren, badirudi, haren ama eta besteak bannocks tribukoak zirela. 1987an, Franck Bergon idazle eusko-amerikarrak  Kelley Creek-eko borroka eta sarraskia kontatu zuen “Shoshone Mike”  izeneko eleberrian. Euskal Herrian oraino inork ez ditu gertakizun hauek literaturara eraman.

Mike Daggett-en indioak eta artzain zuberotarrak  Mike Daggett-en indioak eta artzain zuberotarrak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude