Gaintxurizketako Sorgina
Gaintxurizketako Sorgina –
Haurra eta gaztea nintzela, oso ohikoa zen horrelako edo halako sorginaz entzutea, jendeak sinesten zuen eta maiz, arazo baten aurrean, horiengana joaten zen irtenbide baten bila. Nire inguruetan baziren bi biziki ezagunak zirenak, Uliako Sorgina eta Gaintxurizketakoa. Ni orain, bigarren horretaz mintzatuko naiz, buruan, nahasian, ditudan oroitzapenak pixka bat antolatu ondoren.
Hirurogeita hamarreko hamarkada zen, erdi aldera, gutti gora-behera, eta ni hemeretzi edo hogei urteko gaztea nintzen. Orain, berriz, nire hirurogeita zortzi urterekin, melankonia handiz oroitzen ditut garai haiek. Hego Euskal Herrian egoera zail samarra zen, eta esperantza handiak genituen geroari begira, gaur neurri handi batean zapuztu direnak. Herritarrok ez genuen diru askorik, eta umil bizi ginen gehien-gehienok. Beharbada, horiek ziren sorgin edo igarleengana joateko herritarrok genituen arrazoiak, baliteke!
Sorgin hitza erabiltzen genuen, baina benetan, emakume haiek ez ziren horrelakoak, igarleak edota tarot-irakurtzaileak baizik. Gaur, askok, nire oroitzapen hauek irakurtzean, iruzurti sos-zaleak zirela pentsatuko dute, ziur, baina ez, ez ziren horrelakoak, emakume zintzoak ziren, askotan kobratzen ez zutenak, sortzez zituzten doan bereziak lagun-hurkoa laguntzeko erabiltzen zutenak.
Gazteak ginela, gure kezkak eta zalantzak buruan jira-biraka sumatzen genituela, eta geroari bidezidor bat bilatu nahian, lagun bat eta ni, Gaintxurizketako Sorginarengana joatea erabaki genuen. Erabaki eta egin, horrela, arratsalde batez, Gaintxurizketako tren geltokitik gertu bizi zen Santo Kristo izeneko etxera hurbildu baikinen.
Atea zabaldu zigun orduko, zertara gindoazen argitu genion, eta gela zabal batera sartu gintuen. Hor izan ginen pixka bat itxoiten, sorgina beste bezero batekin ari zelako, eta bukatu bezain laster, banan-banan sartzeko gonbita egin zigun. Lehenik, ene adiskidea sartu zen, eta ia ordubete egon zen barruan. Adiskidea ateratzean, niri sartzeko txanda iritsi zitzaidan. Mahai baten inguruan eseri ginen biok eta tarota aterata, eta arkano guztiak erabiliz, gurpil handia egiteari ekin zion. Gurpileko kartak aztertu zituen luzaz, eta gero, era guztietako azalpenak eman zizkidan.
Sorgina deitzen genuen hark Ramoni Perez Azkarate izena zuen, eta biziki ongi hartu gintuen laguna eta biok. Orduan emandako azalpenak berezi samarrak iruditu zitzaizkigun, baina urteak pasata, eta bizitzak aurrera egin zigun neurrian, azalpen horiek zehatzak eta egiazkoak zirela ikusi genuen. Bete-betean igarri zigun geroa Ramoni andereak, bai horixe!
Ene lagunari kontuz ibiltzeko erran zion, heriotzaren itzala hurbil ikusten zuelako. Ondoko herri batean hil-kanpaiak entzuten omen zituen, eta ez bazuen erne eta zuzen jokatzen, heriotza horrekin betiko nahasirik geldituko zela erran zion. Sufrimendua eta kartzela zituen zain, ez bazuen egoera ongi bideratzen. Ene laguna, arrunt pentsakor gelditu zen, zer pentsa ez zekiela.
Niri, berriz, aditzera eman zidan Gipuzkoatik kanpora, estatutik kanpora, bizitzera joanen nintzela. Euskal mendi artean ikusten ninduen, baina ez hango bazterretan, hurbil bai, baina estatutik kanpo. Emaztea eta bi seme ere aipatu zizkidan. Bitxi samarra iruditu zitzaidan azalpen hura, nire proiektuetan ez baitzen inora joateko asmorik.
Urteak pasatu ziren, arrapaladan, bat bestearen atzetik, etenik gabe, abiadura ikaragarrian. Handik sei edo zazpi urtetara, gizon bat hil zuten bailarako herri batean, eta nire lagunak arazoak izan zituen poliziarekin, errudunetako bat izan zitekeelakoan. Joan Mari Bandres abokatu gogoangarriarekin mintzatu zen, eta hari esker, dena argitu zen, eta errugabea zela garbi erakutsi zuen. Hori zen, dudarik gabe, Ramoni Perez Azkarate sorginak zenbait urte lehenago iragarri ziona.
Niri dagokidanez, ezkondua eta bi semettorekin nintzela, bizi ginen Gipuzkoako Lezo herritik Lapurdiko Urruña herrira bizitzera aldatu ginen, bertan, mendi artean, Agorreta auzoan, eraiki genuen Amalur-baita etxe goxora. Orduz geroztik, hemen bizi gara lauok pozik eta uros. Jadanik, gure semeak ez dira gari bateko muttikoak, gizon gazteak baizik, eta emaztea eta biok adinean sarturik gara. Nik, oroitzapen moduko hau, etxeko goxoan, erretirak edo erretretak ematen didan lasaitasunetik idazten dut.
Ramoni Perez Azkarate 1990eko apirilaren 25ean zendu zen, hirurogeita lau urte zituela. Ordutik hona, Gaintxurizketan ez dago sorginik, ez dago inor etorkizuna igartzen duenik, eta haren izena ahanzturaren kutxan sarturik dago. Nire oroitzapen hau izan dadila, emakume argi hari eskerrak emateko dudan bidea. Mila esker, Ramoni!
Milesker Joseba idatzi dituzun hitzengatik. Oso ondo etorri zaizkit zure kontairak, nere seme-alabek beste modu batera ikusten baitute beraien birramona. Mila esker bihotzez