Kazetariaren beldurra
Beldur gabe esan dio okinari: “Hau ez, eman hango ogi hura, kolore hobea du”. Okindegiko ilaran nire aurretik zegoen gizon hori: mende erditik gora, burusoila, zira urdina eta besapean, eguneko Berria.
Gauzak zer diren, La Gaceta, La Razón eta ABC saltzen dituzte okindegian, Berriarik ez. Ogia txigortuta eskatzen duen gizonak beste nonbait erosiko zuen egunkaria. Okinarekin bezain zorrotza izango al da Berriako kazetariekin? Ogi zuria maradikatzen duen bezala “artikulu hau batere landu gabea da” esaten imaginatu dut gizona. Bertigo pixka bat sortu dit horrek. Nik astean zehar idatzitako erreportajea izango du laster begien parean.
Jakin nahi nuke zein aldarterekin irekiko duen egunkaria. Nola pausatzen den iritzi sailean, argazkiek zenbateraino erakartzen duten, nola arduragabeki pasatzen dituen orriak beretzat idatzitako letrei betiko agur esanez. Prentsa irakurtzea bada eguneroko erritu pertsonal gisakoa, bakarkako jokoa. Orriz orri hautua egitera behartuta dago irakurlea. Gehien-gehienetan albistearen azalaren arabera egingo du jauzi muinera. Oskolaren arabera intxaur bat edo bestea kraskatzea bezala.
Badakit, besteren artean, irakurriko duela nik idatzitako oskol hori. Lortuko al dut luzaroan landutako hizki ale horiek irakurriak izatea? Aukera bat eta bakarra dut, “atzoko egunkaria” bilakatzen denean hil egingo baita. Gaur, egunkari parean dagoenean, hainbeste kontu izango ditu irakurtzea merezi duenaren eta ez duenaren arteko mugan… eta gutxi batzuk dira galbahea gainditzen dutenak.
Eta behin hori gertatzen denean? Orduan bai ardura egilearena. Irakurleak konfidantza du zugan, ez iezaizu hutsik egin: ez al da hori kazetariak eltzea sutan jartzen duen unea?
Eguerdian okidengian ikusi dudan gizona da gaurkoan nire helburua, ez ditut askotan ikusten Gasteizen Berria erosleak, honi beraz poza eman nahi diot. Tarte erosoa izan dezala ostiraleko Berriarekin, asetu ditzala jakin-minak. Nire erreportajearekin ez bada, lankideenekin. Hala izan dadila, asko eskatzea ez bada, ogi txigortuaz bezain beste goza dezala gaurko Berriaz.
Bejondeiala Joxe, erkdei eskertu diat nik hik grabatutako saioak entzun ahal izatea. Bai jauna. Bermutarentzako unea erkdei merezita.