Madalena Moujan Otaño, euskal jatorria zainetan

Madalena Moujan Otaño –

Asko eta asko izan ziren Ameriketara etorkizun hobe baten bila abiatu  ziren euskaldunak. Milaka joan ziren eta milioika dira gaur, Amerika osoan, beraien burua euskotartzat jotzen dutenak, euskaldun-amerikanoak dira, euskal diasporaren seme-alabak. Horietako bat izan genuen Madalena Moujan Otaño, Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildar handiaren biloba izan zena.

1.- Jatorria, ikasketak eta lanbideak

Madalena Moujan Otaño Buenos Aires probintziako  Pehuajo herrian jaio zen 1926ko martxoaren 26an. Aita Armando Moujan zuen eta ama, berriz, Teresa Otaño Alberdi, Pello Mari Otaño bertsolariaren alaba bakarra. Etxean, amarekin eta aitonarekin beti euskaraz egiten zuten eta Beltxa ezizenez deitzen zioten. Madalenak lotura handia izan zuen beti haren lehengusu-lehengusinak ziren Susana eta Hektor Ardanaz Otañorekin. Familia giroan, Susanari Txuri ezizenaz deitzen zioten eta Hektorri Nere.

Madalena Moujan Otaño
Pello Mari Otaño Barriola (1857-1910)

Bere ikasketa nagusiak La Platako Unibertsitatean egin zituen, eta 1950ean matematika-doktore titulua eskuratu zuen. Hortik aitzina irakaskuntzan eta ikerkuntzan aritu zen beti.  1957. urtean, Argentinako Armadak Ikerketa Operatiboen Taldea sortu zuen, eta euskal jatorrikoa zen Agustin Durañona Bedia matematikaria zuzendari izendatu zuten. Madalena Moujan Otaño haren lan-taldean aritu zen zenbait urtetan.

Gerora, Argentinako bost unibertsitatetan irakasle gisa aritu zen eta 1960. urtean, 34 urte zituelarik, Argentinako Unibertsitate Katolikoaren Zientzia Fisikomekaniko eta Ingeniaritzako Fakultateko sortzaileetariko bat izan zen. Urtebete beranduago, hau da, 1961. urtean, Argentinako Energia Atomikoaren Batzordeko partaide izan zen eta garai hartan, Buenos Aireseko Unibertsitateko Kalkulu Institutuan jaso berri zuten Clementina ezizeneko super-konputagailuarekin lan egin zuen lehenengoetakoa izan zen. Aipatu ordenagailua erabiliz, ekuazio diferentzialen sistemaren bi arazo ebaztea lortu zuen.

Haren lana eta ikerketak zirela eta, hainbat unibertsitatetan Honoris Causa izendatu zuten eta Energia Atomikoaren Batzorde nazionalean eta Buenos Aires probintziako Energia Zuzendaritzan buru-belarri lanean aritu zen. Kontaezinak dira matematika eta fisika arloetan argitara eman zituen artikuluak eta ikerketak.

1966an, Ongania jeneralak estatu kolpea eman zuen Argentinan eta Madalena Moujan Otañok, erregimen kolpistaren kontra mintzatu zenez gero, irakaskuntza mundua utzi behari izan zuen.  Handik zenbait urtetara irakaskuntzara itzuli ahal izan zen, eta bere ikerketekin jarraitu ahal izan zuen.

Madalena Moujan Otaño
Madalena Moujan Otaño. Clementina konputagailuan lanean.

 

2.- Literaturaren bideetan

Gazte-gaztetik, bere lan ibilbidea zientziaren bideetatik bideratu  bazuen ere, literaturarekiko zaletasuna ere erakutsi zuen. Argentinan lehena izan zen zientzia-fikzioa idazten eta izen handia lortu zuen bere artikulu eta kontakizunekin. Haren lanak Argentinako aldizkari, egunkari eta antologia ugaritan agertu ziren, zoritxarrez gaur gehienak galduak badira ere. Haren publikazio askotan, euskara eta euskaldunak sutsuki defendatu zituen, bera ere euskalduna zela garbi utzirik.

1968an, “Gu ta gutarrak” izeneko ipuina plazaratu zuen, Pello Mari Otaño aitonaren izen bereko bertsoetatik abiatuta. Ipuin horrekin, 1968ko Argentinako zientzia-fikzio alorreko ipuinen Sari Nagusia eskuratu zuen.

Ipuin honetan, Madalenak euskaldun batzuk denboraren makinan egindako bidaia kontatu zuen umorez.  Zabalkunde eta ospe handia atzeman zuenez, gerora frantsesez, alemanez, suedieraz, finlandieraz eta ingelesez ere plazaratu eta hedatu zuten.

1970ean, Herrialde Katalanetan kokaleku zuen Nueva Dimensión izeneko zientzia-fikzio eta fantasiazko aldizkaria Madalenaren ipuin hau plazaratzen saiatu zen, baina jadanik inprimategitik atera eta banatzeko zorian zela, Espainian garai hartan informazio ministro frankista zen Manuel Fraga Iribarnek aldizkariaren zenbaki hori bahitzeko agindua eman zuen, Espainiaren batasunaren aurka egiten zuelakoan. Zenbait urte beranduago, Franco diktadorea hil zelarik, aipatu aldizkariak Madalenaren ipuina argitara eman zuen.

Aipatu ipuinean, euskaraz eta olerki moduan,  honela dio euskara eta euskaldunei buruz:

Gu ta gutarrak.
Zer da euskera?  nor dira euskaldunak?
zein  ta nongotarrak dira?
Galdezka daude atzerritarrak
alde hontara begira,
mundu guztian bere berdinik
ez dute Euskal Herrian.
Ezin ikusi gaituzte ondo,
irten gaitezen argira,
inork mantxarik sortu ez dezan
gure jatorri garbian.

Madalena Moujan Otaño
Gu ta gutarrak ipuineko marrazkia

3.- Madalenaren azken urteak

Bizitzaren azken urteak Mar de la Platan eman zituen eta bertan hil zen 2005eko uztailaren 16an, hirurogeita hemeretzi urte zituela. La Platako hilerrian ehortzi zuten, familiaren hilobian, ama Teresa eta Pello Mari eta Malen aitona-amonekin batera.

Ia 50 urte beranduago, hau da, 2018. urtean, Susana eta Hektor Ardanaz Otaño lehengusu-lehengusinek “Gu ta gutarrak” ipuinaren edizio berria prestatu zuten eta Xalbador Garmendiak euskaraturik, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak, herriko udalaren laguntzaz, plazaratu eta zabaldu zuten oso edizio eder eta txukunean. Beraz, gaur irakur dezakegu euskaraz Madalena Moujan Otañoren ipuin ospetsua. Ongi legoke, gainerako artikulu eta ipuinekin euskal edizio bat prestatzea, horiek ere gure historiaren zati baitira. Agian, agian, egun batez…!

Madalena Moujan Otaño  Madalena Moujan Otaño  Madalena Moujan Otaño

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Madalena Moujan Otaño, euskal jatorria zainetan”-ri buruz

  • Gu eta gutarrak, Magdalena Araceli Moujan Otaño, Pello Mari Otaño bertsolari azkarraren biloba aurreratuak idatzitako zientzia fikziozko ipuinaz diozunarekin ados… Gauzatxo batzuk falta dira ordea, eta tartean Ostiela! Aldizkariaren 1998ko udazkeneko 11. zenbakian berrargitaratu genuela gazteleraz, gehi bere “Aldiaren zentzunaz euskotarra naiz” eta beste hamasei ohar itzuliz, eta sarrera bat eginez errelatu horri: Itzulera EHtxe ezezagunera, non narrazioa nondik eta nola ezagutu genuen, Juan San Martinek ipuinaren debekuaz zioena, e. a., e. a. luze samarra. Argentinako euskaldunen ondorengo emakume iaio eta aparteko haren ipuina, Koldo Mitxelena Kulturuneko hemerotekan erraz aurkitu liteke Ostiela klikatu eta emandako datetan bilatuta. Geroago Iban Zalduak ere beste iruzkin bat egin zuen aldizkari honen hurrengo zenbaki batean, eta aurkitzen dudanean, izango duzue horren berri konplitua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude