Enbata debekatua
Enbata debekatua –
Duela mende erdi bat, Frantziako gobernuak Enbata oldea debekatu zuen ideiengatik.
1973ko abenduaren hogeian ETAko talde batek Madrilen bonbaz hil zuen Carrero Blanco almirante/amirala, Francoren ondotik Espainiako buruzagi gorena izan beharra zena. Frantzian bereziki, izpiritu argituek ez zuten sinesten ETAk egin zuenik, «ces cons de Basques» ez ziren horretarako aski argiak. Gauzen xuxentzeko, ETAk kazetaitzineko bat egin zuen Bordele aldean arrats batez, zaindariak mitrailetekin agertzen zirela kazetetako argazkietan. Frantziako gobernuak mugimendua debekatu zuen. Iparraldeko abertzale gazte batzuek gose greba berri bat hasi zuten Baionako katedralean, laugarrena toki horretan egiten zena. Enbatakoei parte hartzea debekatu ziguten, nik deabru dakita zergatik, eta berek ere bazekitena? Laster ETAko kide andana gaitza juntatu zitzaien.
Ber egunetan trakt batzuk gure aurka hedatuak izan ziren beste muturretik Baionako karriketan. Enbatakoak salatzen gintuzten ETAren sehi eta esku makil bezala. Ekintza horren lekuko izan nintzen emaztearekin katedraletik behera, Les Dames de France saltegitik hurbil, Hazparnetik erosketa batzuen egitera joanak ginen arratsalde apal batez: Renault 4L auto bat katedral aldetik jautsi zen paperak burrustan botatuz.
Gobernuak bi estakuru
1974ko urtarrilaren 30ean, Frantziako gobernuak Enbata debekatu zuen, beste bi mugimendurekin batera: lehena FLB, Front de Libération de la Bretagne delakoa, bigarrena korsikarra: biek zartagailuak erabiltzen zituzten, Enbatak ez bezala. Gobernuak bi estakuru baliatu zituen: bata bortizkeria, bestea separatismoa. Ondoko martxoaren 28an abokatuen arartez dei egin genuen Estatu Kontseiluan/Conseil d’État delakoan. Horrek debekua baieztatu zuen 1975eko urriaren zortzian. Hazparneko jendarmeek berria paperean ekarri zidaten bulegoko beste bost kideei bezala (Haran, Abeberry, Burucoa, Argitxu Noblia eta Haramendy) eta sinadura hartu. Haatik Estatu Kontseiluak boztizkeriaren estakurua bazter utzia zuen, ideiak bakarrik aipatuz honela:
«… il résulte des pièces du dossier… et en particulier du document intitulé «Mouvement Enbata-objectifs et stratégie», que l’Association Enbata s’est donné pour but la «libération» du pays basque français de la «domination» de l’État français et sa réunification avec les provinces basques d’Espagne en une unité politique nouvelle reconnue sur le plan international et assurant au peuple basque le plein exercice de son droit à se gouverner lui-même ; qu’un tel but est de nature à porter atteinte à l’intégrité du territoire national… »
Itsasuko agiria
Idazki horren oinarrian daude gure bi dokumentu: bata, izendatzen duen kaiera, Enbataren laugarrena; bestea Itsasuko agiria, euskaraz harrian zizelkaturik dagoena: bigarren hori ez du izendatzen, baina ondoko hitz hauez hunkitzen: «assurant au peuple basque le plein exercice de son droit à se gouverner lui-même»; Itsasuko agiriak aipu duen oinarrizko eskubidea frantsesezko bertsioan agertzen du, euskaldunek geure buruaren gobernatzeko dugun zuzena, horren obratzeko xede zinarekin.
Enbata mugimendua zinez ahuldua baitzen azken urtean, pentsu genuen kazetaren isilaraztea zutela bilatzen, horren aurka erakutsi zuten errabia kontuan hartuz, eta gure armarik hoberena zen. Beraz horren agertzeari uko egin genion: urte betez mutu egon zen. Haatik bitartean jakin genuen kazeta batek beregaintasun osoa duela, ezin dela legez mugimendu edo alderdi baten zatitzat ikusi: horri esker Enbata elkartearen debekuak ezin zuela kazeta hunki. Beraz urte baten buruan Enbata kazeta berriz agertzen hasi zen, eta oraino hor dago bizirik, hiruetan hogeita bosgarren urtean, erretretan sartzeko gogorik gabe.