Trump, errima zaileko abizena
Trump, errima zaileko abizena –
Jon Sarasuak egungo bertsolari txapelketez esandakoaren harira idatzi dut aurrekoa. Zehazki, Amagoia Mujika kazetariak joan den astean Naiz-en argitaratutako Sarasuaren hitzaldiaren kronikatik hartutako pasarte honen harira: «Bere ideiak argitzearren, Sarasuak Idahoko euskal amerikar baten begiradaren adibidea ekarri du hitzaldira, final bat ikusita egingo lituzkeen galderak propio piztuz. ‘Desberdin pentsatzen baduzue, zergatik kantatzen duzue denek gauza bera? Zergatik inork ez du Trumpen alde kantatzen? Hemen gizartearen erdia gaude Trumpen alde. Zergatik inork ez ditu israeldarren arrazoiak aipatzen? Zergatik inork ez du zalantzarik abortuaren gaiaren inguruan?’».
Egia da, batzuetan, bereziki, txapelketetan, bertsolaritzak mitin edo meza kutsua hartzen duela. Ulertzekoa da, horrenbestez, batek baino gehiagok Sarasuak egindako analisian bere ezinegona islaturik ikusi izana. Neuk ere sentitu izan dut batzuetan ezinegon hori. Baina zer neurritan da hori, Sarasuak aipatutako adibideari eutsita, Trumpen aurkakoen erantzukizuna, eta zer neurritan Trumpen aldekoena?
Nekez asmatu daiteke errima zailagoko abizenik, baina nik ere nahiago nuke Trumpen alde kantatuko lukeen bertsolaririk balego.
1980ko hamarkadako gaztetxeetan ez ziren EGIko gazteak sartzen, ezta PSEko gazteak ere, apolitiko puretak ere ez… Zergatik? Laineza eta sektarismo puntu (auto)kritikagarri bat ere bazegoen gaztetxeroon aldetik, baina arrazoi nagusia zen haiei ez zitzaiela interesatzen gaztetxea, edo higuingarri zitzaiela.
Bertsolaritzan bezain modu nabarmenean ez bada ere, euskal literaturan ere gertatu da, edo gertatzen ari da, kanonaren aldaketa aski nabarmen bat, feminismoaren eta Sarasuak «modako ideiak» direla dioen horien alderantz. Beste kontu batzuen artean, horretaz ere mintzatu ziren Itxaro Borda, Harkaitz Cano eta Beñat Sarasola idazleak, urtarrilean, Egan aldizkariak antolatuta, Donostian egin zen mahai inguru batean. Aldizkariaren hurrengo zenbakian jasoko da laburpena.
Mahai inguru horretan esan zen euskal literaturaren kanonaren aldaketa horretan zerikusi handia izan duela, eta duela, hainbat idazle eta literaturazalek elkarrekin batu eta antolatuta egin duten, eta egiten ari diren, lanak: hitzaldiak, mahai inguruak, argitalpen bildumak, itzulpenak… Egia dela, alegia, ideia batzuek haizea alde dutela azkenaldian gure inguruan, baina horrek ez zuen ondorio nabarmenik izango elkarlan antolatuaren eraginarengatik ez balitz.
Lurrak lurra lantzen duenarentzat izan behar zuela aldarrikatzen zen garai batean. Literatura eta bertsolaritza ere lantzen dituenarentzat izatea ere ez da bidegabekeria izango. Landu nahi dituen edonori bere erara lantzeko aukera ukatzen ez zaion bitartean, behintzat, eta ez dut uste hori gertatu denik edo gertatzen ari denik.
Trump, errima zaileko abizena
Bertsolaritzan fin dabiltzan GKSko gazteek, txistuak jaso omen dituzte. Ideien monopolioak, disidentziarik txikiena ere, ez dauka gustoko.
“Lurrak lurra lantzen duenarentzat izan behar zuela aldarrikatzen zen garai batean. Literatura eta bertsolaritza ere lantzen dituenarentzat izatea ere ez da bidegabekeria izango”.
Ados Juan Luis, baina gure zergen dirua norentzat? Bertsolaritza eta literatura horiek aspergarriak izateaz gain, sektario ere ikusten dugunok subentzionatu behar al ditugu?
Nik uste dut ezin dela zalantzan jarri bertsolaritzak azken hamarkadetan jasotako subentzioak antolakuntzaren, lanaren, kalitatearen eta arrakastaren bidez lortu direla, eta kazetari moduan horren lekuko izan naiz oso aspalditik, 90eko hamarkadaren hasieratik. Bide batez esanda, Jon Sarasua eragile nagusien artean zen garai hartan.
Subentzioak ez baitira jasotzen, normalean behintzat, are gutxiago euskarazkoak, kanpandorrera joan eta ezkilak jota. Ondo prestatu eta antolatutako jende askoren ezin konta ahala buruhauste, lan eta nekeren ondorio izan ohi dira, bai behintzat bertsolaritzak jasotzen dituenak.
Antolakuntzaren, lanaren, kalitatearen eta arrakastaren bidez lortutako (eta egoki kudeatutako) subentzioa ezin duzu zalantzan jarri ekimen horretan ideia edo ideologia batzuk ez direlako agertzen, edo agertzen diren ideiekin nazkatuta zaudelako, edo amorragarriak iruditzen zaizkizulako. Ezin diezu ekimen artistiko bateko sortzaileei exijitu subentzioa ordaintzen dieten herritar guztien ideologia guztiei lekua egiteko beren jardunean, hori, ezinezkoa izateaz gain, sortzailearen askatasuna urratzea litzatekeelako, eta giharrik gabeko kulturgintza sustatzea.
Adibide txoro bat jarriko dizut. Euskal herritar monarkiko batek, ikusirik bere zergekin euskal literatura subentzionatzen dela, zalantzan jar dezake subentzio hori ez dagoelako euskal idazle bakar bat ere monarkiaren defentsan idazten duenik, eta euskal idazle gehienek erregea aipatzen dutenean haren kontra aritzeko edo hartaz trufa egiteko aipatzen dutelako?
Esan dezakezu nahiago zenukeela beste era bateko bertsolariak nagusituko balira gaur egungo plazetan, nahiago zenukeela beste ideologia batzuetako bertsolariak sortuko eta indartuko balira, eta horiek arrakasta izango balute, eta antolatu eta subentzioa jaso… Nahi duzuna. Baina orain jasotzen diren subentzioak zalantzan jartzea bertsolaritzan edo literaturan nagusitzen den ideologian zeure burua islaturik ikusten ez duzulako… hori ez zait bidezkoa iruditzen, are gehiago kontuan hartzen badugu zein gutxi subentzionatzen diren euskarazko kultura-ekimenak eta -ekoizpenak erdarazkoekin konparatuta.