Balizko gehiengoaz, irinik ez

Balizko gehiengoaz, irinik ez –

BALIZKO GEHIENGOAZ, IRINIK EZ

Gasteizko Legebiltzarrean “gehiengo soberanista” omen dago; “gehiengo ezkertiarra” ere ei da. Aldiz, denok dakigunez, hautetsien biltzar horretatik aterako den gobernua ez da soberanista, ezta ezkertiarra ere izango. Kontraesan hau bideratzen ahalegina egin du Ehbilduk, baina ezinezkoa da. Besteak beste, titular gisa erabilitako “gehiengo soberanista” eta “gehiengo ezkertiarra” leloek errealitateari heltzen ez diotelako, EAJk soberanista izateari uko egin ziolako eta PSOE indar sozial-liberal eskuindarra delako.

Balizko gehiengoaz, irinik ezHedabideen lerroburuetatik egiten diren etiketa errazak baino askoz konplexua da jardun politikoa. Esaterako, Asier Blas politologoak PNV sektore guztietan bozka lortzeko taldea dela esan du. Beraz, bere xedea nekez sailka liteke izen bakar baten bidez.

Blasek esan ez badu ere, Ehbilduk jeltzaleen eremura hurbiltze-prozesuan mekanismoa berbera erabili duela ematen du. Talde soberanistak Ibarretxismotik Ezker Konfederala doan eremu osoa bereganatzeko kanpaina egin zuen eta. Hortaz, etikatzea zaila.

Haueteskunde ondorengo zenbaki-dantzan, bota diezaiegun begirada bat beste momentu historiko jakin batzuei: 1987 (Ajuria Eneako Itunaren bezperan); 2001 (Lizarra-Garazi ondokoa). Globalizazioaren aurrehistorian, eta hortaz, inondik inora garaikideak.

1987an Hego Euskal Herrian hauek izan ziren emaitzak: PNVk 274.000; HBk 238.000; EAk: 210.000; EEk 130.000. Hots, PNVtik ezkerrera 578.000 bozka; 304.000 gehiago Sabin Etxekoek baino. Haatik, PSOE azaldu zen jeltzaleei laguntzera..

2001an (EAE delako eremuan). Ibarretxek, koalizioan, 604.000; “Batasuna” prozesu-osteko EHk 143.000; Madrazoren Ezker Batuak 78.800; PP eta PSOEk 580.000. Mayor Oreja lehendakaritzara eraman nahi izan zuten hartan, abstentzio oso apala izan zen, %21,5koa. Inoizko mobilizaziorik handiena.

Ikusi dugunez, emaitzetan ere gorabeherak asko, konplexuagoak dira lerroburu sinpleak baino: “hauteskundeak irabazi ditu, lehengo aldiz garaile…”.

Bi une historiko horiek beste modu batez kudeatu ahal izan balira, oso bestelako errealitate batean biziko ginateke. 1987Ko egoera hartan Xabier Arzallus-Felipe bikote NATOzaleari desmilitarizazio prozesu batekin erantzun ahal izan bagenio?; Leitzarango autobiaren auziari Eli Galdos eta PNVrekin proposatutako tartekaritza onartu beharrean, Ekologismoarekin eta Imanol Muruarekin egin izan balira? EAJk izan duen azkeneko lehendakari abertzaleari, Ibarretxe, ezkerreko Independentismotik ondorio guztiekin lagundu izan bagenio? Tartekaritza eskaini zuten eragileen aholku sistemikoak entzun beharrean, tartekaritza eraldatzailea proposatu zutenei entzun izan baliete?… Baina lehortutako errekak ere ez du errota mugitzen, eta garai hartako Euskal Herria behin betiko igaro da.

Hori dela eta, saia gaitezen aztertzen egungo mapak zer-nolako etorkizun posibleak zabaltzen dituen.

Ehbilduk, EAE eremuari lehentasuna emanez, estrategia bakarrera eraman du bere jardun nagusia. Otxandianok adierazi zuen PNV eta PSErekin akordio batera doan ibilbidea dela iparrorratza.; EAJ ukituta , ez ordea hondoratuta, bere burua berrasmatzeko osoa trebea baita talde jeltzalea; PSE apal, baino oso eraginkorra, benetan zentralitatea lortu duena talde hau baita, EAJk eta Ehbilduk beraiei dagokiela uste duten arren. Izan ere, oraingoz EAJ bidaide aukeratu arren, hain urrun ez dagoen etorkizunean Ehbiduri lehendakaritza eskuratzen laguntzeko eska liezaioke PSEk. PSOE dugu gairailerik handiena Hego Euskal Herriko erakunde goren guztietako gobernuetan.

Ezker Konfederala, birrinduta. Zenbait arrazoirengatik, baita bere eremua Otxandianok bereganatu nahi izan duelako ere. PP, anekdotikoa. UPN nortasun krisi larrian. Ehbai alternatiba gisa sendotzen Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalearen berdefinizioari ekinez.

Gauzak horrela, Ehbilduk eremu baten hegemonia eskuratu duelarik, bere burua mugatu du. Ibilbide-orri horretatik jarraituz gero, hurrengo urrats posible bakarra arerio politikoekin hitzarmena lortzea da eta.

Aitzitik, Ipar Irlandako gatazka armatua bideratzeko beharrezko izan zen kabriola estrategiko hura, ez du ematen, geurean, garai historiko berrian, atarramentu handirik lortzeko eraginkorra izango denik.

Tempusak:

45 urte igaro dira “Gernikako Estatutua” onartu zenetik; Frankismo bera baino luzaroagoa, alegia. Jeltzaleek tarteka gogoratzen dutenez, bete gabe dagoen akordioa.

Oposizioa izatetik alternatiba izatera igarotzea aurrera-pausu itzela da; aldiz, sistema errotik aldatu gabe gobernu alternatiba izatea aldarrikatzen hasten denean ondorioak oso bestelakoak dira. Balizko akordio hori lortze aldera, demagun, 2 legealdi erabili beharko balira, eta akordio indarrean jartzeko Gernikako Estatutua garatzeko adina urte beharko balira, non kokatuko ginateke?. Alderdi politikoen egitura profesionaletik at, nork izango luke ilusio txikienik horrelako ibilbide batean buru-belarri laguntzeko?

Egungo munduan, non ziurgabetasuna nagusi bilakatu den, oso arriskutsua da norabide bakarreko estrategia bati baino ez heltzea. Oso arriskutsua da ere kontrakoa, norabide gabe ibiltzea. “Ekintzen ekologiaren” printzipioa ezinbesteko lanabesa dugu itsaso zakarrean ibiltzeko, eta euskal independentismoak ekintza independentistak behar ditu printzipio horrek aldaketa erakargarriagoak sor ditzan.

Gidoi alternatiboak behar dira, Euskal Herri osorako, Euskal Herria berriarentzat, Euskal Herriak etorkizun ukan dezan. Gehiengo soberanista eskura dezagun.

Ezker Abertzale Organikoari beti zaila egin zaio albokoen kritika. Mesfidantzak nagusitu izan dira, talde diziplinari balio handia eman dio, kritika publikoa zigortu da ala harrokeriatzat jo dute sarritan. Bestalde, ezer bideragarririk proposatu gabe beti kritiko ibiltzen dena ez da aholkulari ona, beste garai batzuetan otzana zena eta “enfant terrible”rena egiten punky-punky dabilena ere susmagarria da.

Ezkerreko independentismoaren sektore nagusia ibaiaren beste ertzera igaro da. Denboraldi baterako hor arituko dira eta asko hor geratuko dira; ertzearen beste aldean kudeaezina den anabasa dago, eta nekez sortuko dira beharrezkoak diren alternatiba gauzagarriak epe laburrean, bederen. Zubiak ere egongo dira, zubigintza maite dugunok hor ibiliko gara kantari, ziur baikaude beste momentu batean hauteskundeetan, eta batik bat hauteskundetik landa ere, ezkerreko Independentismoak programa soberanista eta eraldatzaile batez indar sistemikoei aurre hartuko diela, baina hori lortzeko lana gaur hasten da.

Balizko gehiengoaz, irinik ez

Donostiarra Pasaiaratua.

4 pentsamendu “Balizko gehiengoaz, irinik ez”-ri buruz

  • Hiru eremu administratiboetan, eta instituzioetan ezker subiranistaren ildoa garatuz, gero eta sektore gehiagok ikusiko dute natural, egingarri, egitura aldaketa.
    Hori da hipotesia, ta horretara iristeko urratsak egiten ari dira, inork gutxik uste baino azkarrago.
    Hautuak bururaino eraman behar dira.
    Bilduren mezua “legebiltzarra ezkerreko ta abertzale da”, presio.politikoa baino ez da, “Bildu da EHren antza haundiena duen alderdia” esatea, “Herria” kontzeptu labainkorraren bertsio petralena.

  • Ez dakit bada… Zertan da Bildu soberanistago PNV baino? Zertan da ezkertiarrago PSOE baino, edo PNV bera baino? Nik hiru alderdi parekide ikusten ditut, ñabardurak ñabardura, hirurak sisteman ederki kokatuta.

  • Baina Ibon, Hautuak azken bururaino eramateko xede hori aipatzen dudan “ekintzen ekologiaren ” printzipioaz erabat baldintzatuta dago. Horregatik, hautu malgua edota hautu anitza eraginkorragoa izan ohi da

  • Patxi, diozun hori eragile ezberdinen existentzia ta ekintzek egiten dute, ez bakarrak aurpegi ugari izanez.
    Ta Bilduk eztio inori eragitea eragozten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude