Maskarada bikaina Urdiñarbe ederrean
Maskarada bikaina Urdiñarbe ederrean –
Apirilaren 14a zen, igandea, eta eguna goiz-goizetik ederra eta ateria sortua zen. Imanol eta Joanito aspaldiko adiskideak Gipuzkoatik nire bila Urruñako gure etxera etorri zitzaizkidan eta hiruok Xiberoa aldera abiatu ginen. Autoan kontu zaharrak gogora ekarriz konta-kontari aritu ginenez gero, bidea labur samarra egin zitzaigun eta konturatu orduko Urdiñarben geunden. Barrikadak jadanik hasita zeuden eta Didier Dager lagun pagolarrari kasu eginez, hirugarrena egin behar zuten tokian itxoin genuen.
Laster etorri ziren denak, maskaradako partaideak eta gibeletik zihoakion segizioa. Bertsoz eta dantzaz aritu ziren, urdiñarbetarrak eta pagolarrak, ohiko sinbolismoari eutsiz, eta ohiko harrera egin ondoren, hirugarren barrikada zabaldu zuten. Lehendabizi maskaradakoak hurbildu ziren haientzat zabaldutako jan-edariez mukuru ziren mahaietara eta horren ondotik, pittaka-pittaka, barrikada ezarri zutenak gainerakoengana hurbildu ziren plater eta azpiletan jan-edanak eskainiz. Guregana ere hurbildu ziren eta atsegin handiz jan eta edan genuen eskaini ziguten guztia, den-dena goxoa baitzen. Barrikadako mahaietan baziren kauserak, krispetak, matahamiak, bizkotxak, moleta zatiak… eta era guztietako ardo, sagardo eta pattarrak.
Osora zortzi barrikada izan ziren. Bosgarrena Bedaxagar familia ezagunaren aroztegiaren aurrean, eta hor ibili ziren ama-alabak jan-edariak eskaintzen eta etorritako guztiei harrera ona egiten. Xorrotxek ohiko bertsoak egin zituzten, harrera eskertuz, eta Maider alabak bertso hauekin erantzun zien:
“Goizaldi eder hontan agur gazteria,
Pagolaren maskaradak, ai zer balentria!
Lepoz gainti hedatzen bada aberria,
Madalenak Sibasek amestu herria!”
Seigarren barrikada Jako Etxeberri Llargo etxe-eraikitzaile euskaltzale ospetsuak eskaini zuen, eta xorrotxek eskaini zizkioten bertsoei berak ere bertsoz, honela erantzun zien:
“Honki jin pagolarrak eta lekütarrak,
antzea belhandik bai gure agurrak,
plazerekin emanen edari-bazkariak,
mediküen arabera ondar batzarriak.”
“Pastuala zen hasi Xiberotik joaiten,
orai maskarada deiküe ebasten,
Xiberoan dioie, ez da konprenitzen,
manex mintzajia düziela hedatzen.”
“Gük günin ützi heben Müsika Egüna
eta züek abiatü ordin Trilalaika,
auzteian ere zabaltü zuen dinamika,
gük ere jarraik dezagün zabaltzez ildoa.”
Zazpigarren barrikada Xistera ostatuaren inguruetan egin zuten eta azkena, hau da, zortzigarrena, herriko plazan. Eta hortxe aritu ziren kantuz eta dantzaz oso berandu arte. Bazkaltzeko tenorea ederki pasatua zenez, ikustera eta gozatzera joan ginenok, eliza eta errekaren arteko paraje ederrean, hedatu ginen eta gure zakuetan eramandakoa jan genuen. Arratsaldeko joko nagusia berandu samar hasi zen, bostak aldean, ordurako jendez lepo zegoen pilota-plazan.
Eguraldi eder-ederra zen Urdiñarben, eguzkiak ongi berotzen zuen, eta pagolarrek maskaradan erakutsi zuten trebeziari esker, hor pasatutako orduak ez zitzaizkigun luzeak egin, laburrak eta alegerak baizik. Joko ederra erakutsi zuten pagolarrek, zamalzaina, entseinaria, kantiniersak, marixalak, ttipiak, buhameak, Kabana Handia, Pitxu…, denak bikainak. Herrietako kontuak, Pitxuren testamentüa, dantzak, azken kanthorea…, den-dena ederki jokatua eta umore handiz bideratua. Lerro hauetatik pagolarrak zoriondu nahi ditut, abilezia handia erakutsi baitute. Ziur naiz Xiberoan luzaz oroituko dutela pagolarrek eskainitako maskarada eder eta alegera. Biba zuek!