Gimenok eta Martinek bazterrak nahasi dituzte berriz Eskola Kontseiluan
Gimenok eta Martinek bazterrak nahasi dituzte berriz Eskola Kontseiluan –
Eskola jantokien Foru Aginduarekin berriz egitera doaz, jardunaldien aginduarekin aurretik egin zutena.
Ahoa betetzen dute “gardentasun eta partehartze” mekanismoekin, baina propaganda egiteko erabiltzen dute, inolako adostasunik gabe, ezarritako araudiei legitimitate demokratikoko itxura emateko. Gobernu ustez “progresista” honek ziria sartzen digu behin eta berriz, pairatzen dugun intentsitate baxuko demokrazia probextuz.
Ikusi dezagun egungo testuingurua. Nahiz eta Nafarroako Gobernua hiru alderdi politikok osatua den eta laugarren baten babesa behar, Carlos Gimeno bere kabuz ari da eta hezkuntza politika nahi bezala gidatzeko baimena du; gainerako indar politikoen sumisioa patetikoa da. Manuel Martín jauna, aldiz, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari izendatu zuen kontseilariak berak, apetaz aukeratua.
Argitu beharra da Nafarroako Eskola Kontseilua organo aholku emaile hutsa dela, eta bere eginkizun nagusia Nafarroako hezkuntzari eragiten dioten gai eta araudiei buruzko txostenak eta zuzentarauak egitea dela.
Osoko bilkurako kide izendatutako 36 pertsonetatik 7 Hezkuntza Departamentuaren ordezkariak dira, 10 ikastetxe pribatu edo patronalenak, soilik 9 direla eskola publikoaren ordezkari eta beste 10ak, aldiz, ospe handiko pertsonak, ordezkari politikoak, aniztasunaren alde lan egiten duten erakundeak edo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarenak.
Kide guzti horiek, azken aldian, Nafarroako hezkuntza publikoari soilik eragiten dioten erregulazioei buruz erabakitzen dabiltza, hala nola eskola jardunaldiaz edo jantokiez. Erosoa gai horietan erabakiak hartzea, onartutako araudi horiek haiei eragiten ez dietenean: eskola pribatuek ahalmena dute araudi horiek aplikatzen dituzten ala ez erabakitzeko, beren zuzendaritza organoen bidez. Mota honetako sasiordezkaritza “txiringitoekin” eta funtzionamendu horrekin ezinezkoa da kalitatezko hezkuntza publikoaren bidean aurrera egitea, ez baitzaie inoiz interesatuko. Era berean, oso larria da 36 pertsona horietatik Eskola Kontseiluko saioetako partehartzaile kopuru arrunta 18-20koa izatea, eta erabakiak gutxieneko quorumik ezarri gabe hartzea.
Eskola jardunaldiari dagokionez, pertsona horiek Nafarroako hezkuntza publikoko langileon ordez erabaki dute, erroldaren %60ko gehiengo kualifikatuak ezarri dizkigute familiei, eta irakasleen klaustroa ahotsik ez bozkarik gabe utzi dute. Orain eskola jantokiak catering enpresa pribatuen esku betikotzera doaz (horrek zaintzaileei eta sukalde langileei dakarkien prekarietatearekin) eta jantoki gehienen kudeaketa guraso boluntarioen edo ikastetxearen beraren esku uztera doaz berriz ere, inolako baliabide pertsonalik gabe, eta jantoki publiko, hezitzaileago, ekologikoago, sasoi eta tokiko produktudun batzuen alde pausorik ez emateko asmo osoz.