Kritika Zinematografikoa: “Zinzindurrunkarratz”
Kritika Zinematografikoa: “Zinzindurrunkarratz” –
Zuzendaria: Oskar Alegria
Urtea: 2023
Herrialdea: Euskal Herria
-Kamera isil baten memoria bisuala-
Bi film luze besterik ez dizkiogu ezagutu Oskar Alegriari gaur arte: Emak Bakia baita (2012) eta Zumiriki (2019). Bata zein bestea, sailkaezinak. Esaiozue bestela Alberto Barberari, zinemagile nafarraren bigarren lana 76. Veneziako Mostran programatzerako orduan latz sufritu baitzuen, non eta nola eskaini asmatu ezinik. Alegriak ZINZINDURRUNKARRATZ ekarri digu orain, 18. Punto de Vistako sail ofizialean lehiaz kanpo erakutsi dutena, eta Barberari berriz ere buruko mina eragingo liokeena.
Nafarraren hirugarren ez-fikziozko proiektuak izenburutik bertatik sortzen du ezinegona, ahoan korapilatuko zaizkigun silaba musikal eta errepikakorrez ondutakoa baita: zinzin (haize arina), durrun-durrun (leize bertikala) eta kurrutz-karratz (tximistek kolpatutako gailurra). Baina, lasai. Memoriaren zirrikituetara egindako bidaia poetiko honekin sintonizatu bezain laster, ahaztu egingo zaizkigu aurreiritzi eta beldur guztiak.
Paolo astoarekin batera, Artazu jaioterritik Andimendira zazpi egunetan egindako ibilaldia dokumentatu du, iraganean aitonak eta hainbat artzainek zapaldutako bidezidorretan zehar; eskuartean, 40 urtez ilunpean ezkutatuta egon den Super 8 kamera zaharra dauka. Honek dagoeneko ez du soinurik jasotzen, aitonaren ahotsa erregistratzeko zorian zela bobina bukatu eta ez baita sekula erabilia izan. Nola berreskuratu iraganeko ahots hori? Ezinezkoa dirudien erronkari askabide emozionala eman dio Alegriak, estimulu bisual, historiko, filosofiko eta artistikoei helduta.
Isiltasuna da nagusi ZINZINDURRUNKARRATZ-en, baina berau biziberritzeko, testurak, soinuak eta koloreak, zein zauriak, arrakalak eta ahanzturan gelditzear dauden oroitzapenak (bir)sortuko ditu. Mimoz elkartuta, eguneroko baten forma eman die Alegriak, inperfekzioek berezko duten poesia harrotasunez erakutsiz. Galdutako mundu baten hondarrak, bizilagunen keinuak eta paisaiak betikotuko dizkigu erregistro-makina mutuak, folklorismo hutsalera mugatu gabe, landa-eremuko bizitzaren gainbeheraren testigantza izateko. Hala, motibazio familiarrak bultzatutako sorkuntza lan soila izatetik dimentsio unibertsalagoa hartzera pasatuko da filma, guda zibilaren itzala ere hautemango delarik bikoteak (zinemagileak eta bidelagun duen astoak) bidean aurkituko dituen baserrietan, haitzetan eta garitza zabaletan barrena.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Zinzindurrunkarratz”