Elkar kutsatzea

Elkar kutsatzea –

Nagore Eslabak, Nafarroako Hitzan.


Edonor akordatzen da txikitan ikusten zituen marrazki bizidunekin. Buruan iltzatuta geratzen zaizkigun oroitzapenak dira, inkontzienteki gugan arrasto bat uzten dutenak. Niri zer ikusten nuen galdetzen didatenean saio asko datozkit burura, baina guztien artean banuen faboritoa: Berebiziko espioiak.

Elkar kutsatzea

Lagunartean gai honen inguruan hitz egiten ari ginela, irakaslea den eta haurrekin egunero dabilen batek hurrengoa bota zuen: «Bisualki askoz sofistikatuagoak diren arren, egungo marrazki bizidunak hutsalak dira, emoziorik gabeak». Entretenimendu hutsetik haratago doan edukiaren falta sumatzen du, emozioak pizteko eta ikusleekin, kasu honetan haurrekin, konektatzeko gai dena.

Izan daiteke egungo edukiaren kalitatea ez dela duela hogei urtekoa bezain ona, baina onartu beharra dugu norberaren nostalgiak ere baduela zeresana. Gogoan dut nola 8 urte nituela Heidi ikusten negar egiten nuen. Nire modura beste hainbatek, seguru asko. Ispilu neuronen fenomenoa benetan kuriosoa da. Pantailaren bestaldean dagoen horrek sentitzen duena gure egiten dugu eta elkarren arteko inolako estimurik izan gabe, emozioen kutsatze moduko bat gertatzen da.

Neurona hauek taldean gabiltzanean aktibatzen dira gehienbat. Lagun batek irri egin eta arrazoia jakin gabe guk irriarekin erantzuten diogunean, ispilu neuronak ditugu lanean. Berdin norbait negarrez ikusi eta begiak urtsu ipintzen zaizkigunean. Izan ere, gure buruak emozio positibo zein negatiboak irudikatzen ditu, guk geuk biziko bagenitu bezala. Hala, emozioen nolabaiteko partekatze hori giza harremanak garatu eta sendotzeko giltzarri bihurtzen da.

Hori delako Korrikak duen xarmetako bat, edonor jartzen duela motibazioz gainezka. Baina bereizgarri guztien artean bat hautatzekotan, herri oso bat kohesionatzeko duen gaitasuna nabarmenduko nuke.

Bihar emozioz beteriko eguna dugu Irunberrin, Korrika goizean goizetik pasatuko baita herritik. Udalak ekimenari babesa ematea baztertu zuen urtarrilean, lehen aldiz kilometro bat erosteari ezezkoa eman zioten euskarari jada babes nahikoa ematen diotela argudiatuta. Errealitatea, ordea, bestelakoa da; euskarak bultzada horren behar argia du eta aipatzen duten babes horrekin ez da aski. Pena da gure testuinguruan, kontuan hartuta Nafarroaren kasuistika zein den, gisa horretako irakurketak entzun behar izatea.

Ziur naiz bihar eskualdeko lagun asko batuko garela, eta bi urtean behineko urduritasun eta grina hori biziko dugula. Sekula korrika egiten ez dutenak ere hor egongo dira eta noizbehinka egiten dugunok bikoitza egiteko prest azalduko gara. Hori delako Korrikak duen xarmetako bat, edonor jartzen duela motibazioz gainezka. Baina bereizgarri guztien artean bat hautatzekotan, herri oso bat kohesionatzeko duen gaitasuna nabarmenduko nuke.

Hala, ilusio horretan murgildurik, polita litzateke ezberdinen arteko emozioen elkar kutsatze hori gertatzea, edo behintzat, sortzen den zirrara berezi hori transmititzeko gai izatea. Sentimendua euren barrenetik jaiotzen ez den arren, ispiluaren efektuari esker gurea jaso dezaten.

Elkar kutsatzea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude