Hauteskundeak ate joka eta sentimentalismoa gure botoaren gidari
Hauteskundeak ate joka eta sentimentalismoa gure botoaren gidari –
Oraindik datarik gabe ere, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako deiaren berri datozen edozein egunetan jakin dezakegu, eta, nolanahi ere, oso gertu ditugu. Nolabait edo beste, jada hauteskundeetarako gaudela esan dezakegun honetan, bada kanpaina honetan zerbait, zer edo zer, berez beti burutan hartu izan badut ere, oraingo honetan are indar handiagoz-edo azaltzen dena nire hausnarrean; aukera politiko ezberdinek darabilten justiziaren ideia hau edo beste izan, egungo gizarte egoeraren azterketa baikorra edo kritikoagoa izan, euren soluzio eta proposamen ideologikoak hemendik edo handik joan…aipatutako ideia horiek guztiak barne-biltzeko tresneria eta hedatze politiko indartsuak tarteko ere, boto-emailea, eman dezakeen itxurak itxura, ez da batere arrazionala bere boto hautuan, guztiz bestela baizik, eta irizpide arrazionalez harago, bere emozioen bulkadak agindutakoari kasu egingo dio. Hau mikroekonomian asko ikertua dago aspalditxoan, asko aztertu izan da zerk bultza gaitzakeen gehiago erostera. Politikaren alorrean, aldiz, ez horrenbeste, baina boto-hautuan dagoen bulkada irrazionalean gero eta gehiago ikertzen ari da berriki. Edozein kasutan, politikan dela, gure erosmen jardueretan dela, edota, oro har, gure edozein praktika sozialetan dela, zera geratzen ari da ezin argiago; arrazionalki uste baino askoz kontrol gutxiago dugula gure hautu eta erabaki sozialen gainean. Zaharrak berri, dena den. Nietzschek berak ondo ere azpimarratu zuen arrazionaltzat dugun horrek ihesbide-zulo asko zituela (“nola dakigu dakigun hori ote dakigun?” zioskun berak).
Esandako hau ezagun zaigu oso, ez da inorentzat ezer berri. Psikologiak, eta neurozientziek bereziki, askotan gure erabakiak noraino diren guztiz arrazionalak edo ez ebatzi beharrik izan gabe ere, gure hautuak nola, zer modutan, hartzen ditugun gero eta zehatzago eta sakonago aztertzen ari dira. Hautu politikoa zeharkatzen duen irrazionalismo honen gainean luze eta zabal aritu zen Manuel Arias Maldonado La democracia sentimental izenburuko bere liburu bikainean. Arrazoimenaren jardunean distortsio-gertakari asko aurkitu dituzte euren ikerketetan, eta baten batzuk hona ekartzearren, segidako honako hauek ekar genitzake, besteetan beste;“kaskada efektuetarako” oso sentsibleak gara, hau da, koadrilan edo lagunartean nolabaiteko autoritatea aitortzen diogun horri jarraitu ohi diogu gure erabakia hartze aldera; hartzen dugun erabaki dena delako hori berorrek guren baitan eragingo duen sentipenaren araberakoa izan ohi da, edota, iraganean, horrelako hautu batek sortu zuen sentipenaren erregistroaren arabera; “inkonsistentzia iheskorrek” bizi gaituzte, eta, esaterako, neure buruarekin bestela sentitzera eramango nauen hautu politiko horrek etorkizun batean nire kaltetarako izateak ez dit gehiegitxo axola; halabehar edo patuaren ondorenak gutxietsi ohi ditugu, eta horrekin batera, gure parte-hartzearen garrantzia gehiegi balioetsi, Nassim Taleb-ek, “beltxarga beltzaren” bere metaforaren bidez, azpimarratu zuenez… Joera sozial hauei dagokienean, oso interesgarri deritzot pertzepzio-markoen teoria deitutako horri. Teoria hau aski ezaguna dugu gaur egun, ezagutzaren soziologia marxistan du bere jatorria, eta zera esango digu; gizarte egitateek edo gertakariek ez dute berez eta izatez inongo zentzu-esanahirik, guk eurei aitortzen diegun zentzua baino. Baina honekin batera, zera ere aitortu behar dugu; ez dugu pertsona adina esanahi-zentzurik eta, hori horrela, gertakarien gaineko interpretazio sorta mugatu bat partekatu behar dugu derrigor. Partekatutako interpretazio horiek komunikazio-prozesu sozialen baitatik ernatzen eta euren bidez hedatzen dira, eta, eskuarki, gertakari bakoitzaren gainean bi interpretazio elkarren aurkako baino ez dira egoten. Sortuz joaten diren interpretazioen markoek ikuskera sozialen zatiketak sortu ez ezik, zentzu berriak ere ematen dizkiete gertakariei (resignificación).
Egindako arrazoimenaren kritika honek bete-betean jotzen gure demokrazia liberalek oinarri gisa darabilten hiritarraren ulerpenaren kontra. Izanez ere, liberalismoaren ikusian, gizakiek, hiritarrek, aurrekotasun nolabaiteko bat leukakete euren gizartearekiko. Hein honetan, liberalismoak ez du komunitarismoak zein halaber feminismoak egindako hausnarketarik egin oraindik; izanez ere, azken hauen ikusian, pertsona, bera berau izateko, aurrez komunitateak, aurrez taldeak, aurre-ezarri dio bera berau izan ahal izateko dena delako hori. Taldekotasunak norbanakotasunari dion nagusitasuna edo, hobeki esatera, aurrekotasuna aitortzen duten teoria sozial hauek euren ulerpenaren baitan oinarri biologiko bat ere ikusi izan ohi dute sarri askotan, eta zera postulatu dute; eboluzioak gero eta hobeto egokitua badakar berekin, eta, gizakiei dagokionean, eboluzio-bilakaera hau belaunaldiz belaunaldi partekatuz joan den kultura horrek ezartzen baldin badu, natur hautaketak, disruptiboa izatea bainoago, innobatzailea izatea bainoago, imitazioa du bultzatzen eta saritzen. Orduan “putzu semantiko” modukotzat jo genitzakeen aipatu goiko “zentzu-markoak” “marko mimetikoak” (imitazio-markoak) ere badira. Hein horretan, “morala” deitzen dugun horrek talde-mailan kohesionatzen gaitu, nola jokatu arautzen digu eta, azken buruan, banaka arituko bagina baino emaitza hobeak lor ditzagun ahalbidetzen du. Alabaina, moral horiek, partekatutako balore horiek, taldeka sortuak eta garatuak daude, denok “tribu moral” baten batean parte hartzetik sortzen dira, eta honekin dago hertsiki lotuta egungo egunean ikusten ari garen polarizazio gero eta handiagoa. Eta zergatik hau? Bada , Manuel Arias Maldonadoren esanetan, lehen gizarteek eta kulturek askoz barne kohesioa handiago zuten, baina, egun, kohesio handiko talde horiek gero eta zailago dute euretatik kanpoko inguruarekin zein bestelako taldeekin harremanak izatea, globalizazioa, migrazio mugimenduak eta, horien eraginez, gizarteak gero eta aldakorragoak eta aniztasun handiagokoak izatea tarteko. Antzina gizarteak kohesionatuagoak zeuden eta, oro har, beren baitan bereiz zitezkeen taldeek era egonkor eta orekatuago batean zirauten luzez. Orain, aldiz, gizarteen baitako “tribu moral” horiek kohesioa eman bai, baina, bateratsu, ordainetan, zailtasun gero eta handiagoak sortarazten dizkiote norbanakoari bere tributik kanpokoekin harremanak izateko orduan, izan sinestun eta ateoen artean, izan ezkerreko eta eskuinekoen artean… areago ere, errealitatearen gainean dugun pertzepzio molde bera ere gure talde-atxikipenaren sentimenduak guztiz baldintzatu eta galbahetua dago (eta, esate baterako, ustelkeriari askoz ere barkatzeko modukoago irizten diogu gure atxikimendu-talde barruan baldin bada, ezen ez areriotzat geneukakeen bestelakoren baten barruan bada).
Hau guztia esanda, zera ikusten dezakegu ezinago argi; sentimenduek aurre hartzen diete arrazoiei edo argudioei eta jende-talde baten kide izatetik, talde horren aldezle izatetik, segitzen dira gerora justifikazioak. Azalpen eskema honen zer-nolako eta bere norainokoa ulertze aldera, berau muturrera eramatea oso intereseko iruditzen zait; erradikalismo eta zoriontasuna zenbaitetan zeinen estu elkar lotuta dauden hautematea oso interesgarria da. Manuel Arias Maldonadok, gertakari honen berri emate aldera, 25 urtetan zehar egindako munta handiko ikerketa soziologiko bat eramaten du bere liburura. “Zenbateraino eta zer nola balditzetan den zoriontsu muturreko jarreradun pertsona hori”, galdera hori hartzen du abiagune aipatu ikerketak. Emaitza zeharo interesagarriak luzatu zituen ikerketak eta, besteetan beste, “muturreko ideologia baldintzatuta” (extremismo ideológico condicionado) deituriko horrek berresten duen hipotesiarena dugu bereziki intereseko. Erradikalenak ziren horiek zuten euren zoriontasun mailarako kanpotiko iturri indartsuena. Eta jarrera horren zergatia eta zer-nolakoa segidako baieztapen hauetan aurkitzen ditugu; bateko, arrazoia dutelako konbentzimendurik sendoena zuten hiritarrak zirelako ziren zoriontsuenak; besteko, deigarriki, jende suerte hori are zoriontsuago da bere gogoko taldea boterean ez dagoenean, eta justu aurkari edo etsai duen talde hori dagoenean gobernuan. Guztiz kohesionatua dagoen eta beste taldeen aurrean oso aurka dagoen talde bati geure burua lotuta, zeinen zoriontsuak garen jartzen du nabarmen erakutsian aipatu konstatazio horrek. Muturretako kasuetan ikusten da argiago, baina, berez, intentsitate apalagoz bada ere, “sentimentalismo” mekanismo hauek erdibideko bestelako hautu politikoetan ere izaten dute beren erasana. Asebetetze psikologiko nabarmena lortzen dugu, bai eskaintza politikoren bati lotzen gatzaizkionean (“erromantizismo politikoaren” baitako mekanismoekin zerikusirik leukakeena), bai, hautu politiko dena delako horren alde eginda, eztabaida politikoren baten bati ekiten diogunean eta arrazoia izateari garrantzizko deritzogunean. Politikak “sentimentalki” gure baitan erro egiteak, gerora, politikaz gure hitz egiteko era baldintzatuko du guztiz, hau da, gure “esfera publikoa” dei dezakegun horretan gure parte hartzeko modua baldintzatzen du guztiz.
Orain, bukatze aldera, buruan dabilkidan galdera bat; sare sozialek norbanakoaren esfera publikoan eragin duten ezin ukatuzko iraultza kontuan izanik, hauek nola eragin dute gure hautu politikoetan, beroietan argudio eta argumentuak ugarituz, edo, aldiz, hautu hauek, argumentuak eskastuta, are sentimentalismo pisutsuagoz zamatuz?
Igor Goitia
Hauteskundeak ate joka eta sentimentalismoa gure botoaren gidari
Hauteskundeak ate joka eta sentimentalismoa gure botoaren gidari