Herriko Batasuna (4) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)
Eskual Herriaren garapen ekonomikoaren estrategia (4/X) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua) –
6 Talde-bizitza
Eskuarki euskaldunek talde-bizitza maite dute. Elizan denek batera kantatzen dute. Koralak, dantzak, bandak eta bertsolari txapelketak taldeentzako eginak dira. Kexatzen bagara euskal herriko tradizio biziak desagertzen ari direla, ez ote da garraio baliabide berriengatik auzo-bizitza barreiatuagoa delako? Euskaldunak biltzen direnean euskal kultura agertzen da.
Euskaldunen artean, instituzio komunitarioak ez dira batere zerbait berri. Zuberoako Silbietaren lehen artikuluan, ez ote da errana: “Zuberoa, zuberotar guziena da”. Kaiolaren erregimena eta ibarren sindikatuak erabat kolektibistak dira. Gure gazte denboran, laborarien artean elkar-laguntza inportantea zen. Lan asko taldetan egiten zen: mahasti-aitzurtze, ogi-epaite, bortutik belarketa, labaki-aitzurtze, arto biltze, arto xuritze, ardi moxte, xerri hiltze, eta abar. Norbaiten etxean istripu bat gertatzen denean (su, ihurtzuri, kabala hiltze, eta abar), orduan gertatzen da herriak diru bilketa bat antolatzea herri komunitatean edo ibarrean.
Gure eskualde atlantiarreko lurraldeen giza arkeogeografiak erakutsiko luke bizimodu komunitario eta demokratikoa aspaldidanik ainguratua dagoela euskaldunen subkontzientean.
Taldean ere euskaldunak bere pertsonalitatea kontserbatzen du. Diskurtso demagogiko batek nekez eramanen ditu gehiegikerietara, Alemaniarra edo japoniarra bezala. Horregatik bilera batean, naturalki, erantzukizun-funtzio bat betetzeko gai da; eta hori demokrazian funtsezko kalitatea bada.
Baina lanjera bada euskalduna eragin monopoliora eramaten duena, alegia diktadurara. Lanjer hau baztertua da bozaren sistemari esker, eta estatu golpea amesten duenak Herriko Batasunean ez luke tokirik aurkituko[1].
Erranen da euskaldun gehienak mugimendu kooperatibistatik kanpo egon direla eta konstatazioa zorigaitzez usu egia da. Baina jakin beharra dago kooperatiban eta Herriko Batasunean taldeek ez dutela eiterik atxikimenduaren izpirituari eta sakontasunari [2]. Ezin dira bi egitura horietako portaerak erkatu larriki erratu gabe.
HERRIKO BATASUNAREN ERAIKITZE FISIKOAREN KROKISA
…
7 Ordua etorri da
Izpiritu argiek, desastre ekonomikoaz kontzienteek, alarma jo dute eskuragarri zeukaten hedabide apurra baliatuz[3]. Gazteak deitu dituzte herriaren patua eskutan har dezaten. Egunero zirkunstantziek agerian jartzen dute oraingo egituren ezgaitasuna soluzio eraginkorrak emateko orduan.
Populua konbentzitua izan behar da ez duela besteengandik ezer lortuko ez badu berak bere kabuz asko egiten. “Zure burua lagun ezazu eta zeruak lagunduko zaitu” dio erran zaharrak. Joera txarra badugu besteei uztea dena egiten, eta behar denean, falta haien gain ematea ere erru guziaren erantzule haiek eginez.
Inork ez ditu guk bezain untsa ezagutzen gure problemak eta ekarri behar dizkiegun soluzioak. Populu osoa iratzarri behar da gaurko bere erantzukizunen aitzinean. eta bakoitza hunkitua sentitu behar da bere ahalbideen neurrian.
Euskaldunek 1968ko maiatzaren iraultzan parte hartu dute. Momentu horretan bat-batean ideia zenbait denen begietara atera ziren batzuek, alta batzuek zeinbat urte lehenago gure herrirako proposatu zituztenak. Vatikano II. eko Kontziliotik eta maiatzeko iraultzatik, gaztea ohartzen da ideiek, pentsatuak eta hausnartuak diren momentutik, mundua daramatela epe guti edo asko laburrean.
8 Ikusmolde bat
Ondoko orrialdeetan, Herriko Batasunaren ene kontzepzioa aurkeztu dut. Utopia bat ote da? Zer nahi gisaz, enetzat behintzat ikusmolde bat da. Irudia argia da. Herriko batasuna aurkezten da artistaren pintura bat bezala zeinean batzutan usaiako argumentazioa nahitara itzalean utzia baita. Kontua da sinestea ala ez sinestea[4].
Arlo askotan proposatutako egitaraua iraultzailea da. Baina errotzen da euskaldunaren bihotzaren hondo-hondoan. Sentimendu biziki gizatiar askok asebetetze bat altuagoa aurki-tzen dute bertan eta aspaldiko aurreiritzi jakin batzuetatik askatu beharko gara.
Ene segurtamena garbi da: Euskal herriaren egiazko garapena, Herriko Batasunen bidez eginen da edo ez da eginen[5].
…
[1] Hemen xaloegia aurkitzen dut. Posible baita talde batek bozkatzea eraginpean. Indibiduoa heziketari esker armatua izan behar da eraginpekotasunaren kontra.
[2] Duela 50 urteko gogoeta hau interesgarria iduritzen zait zeren emaiten bailuke gaur euskal kooperatibismoak jo duen topearen iragarpena.
[3] Ematen du Beñat Laxaguek erreferentzia egiten duela Pako Sudupek seinalaturiko Txillardegiren artikuluari: https://www.jakin.eus/show/415c3aab0b37c1a1e9cc2e6f5ee26c07c7441233
[4] Errespetu handi batekin erran nezake mintzatzen da modu zaharreko fededun bat bezala, baina fededun berri batek erran lezake beharrezkoena dela esperimentatzeko adorea. espeimentatu gabe ezin da ezer jakin.
[5] Gauza segurua garapenik ez zela izan. Baina Herriko batasun bat sortu balitz zer gertatuko ote zen? Nork daki?
Eskual Herriaren garapen ekonomikoaren estrategia (3/X) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)
*Azaleko irudia: Orlandow