Bitoriano Gandiagaren euskal Gabonak

Bitoriano Gandiagaren euskal Gabonak –

Berezia da Gandiagaren kristau fedea, berezia bere jainko ikuskera eta, hortaz, eta hemen ikusiko dugunez, berezia berak Gabonen gainean duen ikuskera. Atzekoz aurrera hasiko naiz, hau da, bere Gabonen ikuskera aurrez aurkeztu, eta behin hori eginda, Gabonekikoan duen sinismen era horren baitan zer egon ote daitekeen aurkezten ahaleginduko naiz.

Bitorianok zer nola ikusten zituen Gabonak aurkeztu aurretik, noan labur-labur eta sarreratxo moduan bere fede moldearen gainean ideia pare bat aurreratzera. Hasteko esan, jada Elorri idatzi zuenean, gerora, handik gutxira, Vatikano II.enarekin, ikusiko dugun Jainko ikuskera aurreratu zigula Gandiagak. Izanez ere, jada 1962.ean, bere lehenengo obra den Elorriko Gandiagaren Jainkoa nekez zen ordura arteko Eliza hartako Jainkoa (J.AZURMENDI, Azken egunak Gandiagarekin, 132. orr). Azurmendiren esanetan, ordurako Jainko intimo eta pertsonala genuen jada Gandiagarena. Hor dugu, hartaz, hasiera-hasieratik Jainkoaren gaineko Gandiagaren sinismen-formaren lehenengo ezaugarria, Jainko intimo, pertsonal eta gertukoa izatea. Gerora, pixkana-pixkana, Jainkoaren bere ikuskera ere aldatuz joango da, eta geruzaz geruza bezala-edo, pertsonala eta intimoa izatea ezaugarri duen Jainko horri bestelako ezaugarri garrantzitsuak eratxikiz joango zaio, hala nola, naturan zein kanpoko errealitatean agertzea, gizadiarena bainoago pobre eta apalena izatea… Momentuz baina, esan dezagun oso berea zela Gandiagaren Jainko-ikuskera.

Orduan, hasteko eta bat, zer-nolakoak dira Gabonak Bitoriano Gandiagaren ikusian? Aurrenik esan, berarentzat Gabonak agerraldi, desestaltze, bertan-bertantxe presente egite baten ospakizun nagusia direla Gabonak. Gandiagaren Jainkoa agertzen den Jainko hori dugu, agertzen zaiguna, modu batez edo bestez, baina, esanda moduan, naturan oroz gain. Hein horretan, eta Azurmendik azpimarratzen duenez, Orixeren Jainkoa “isilik”-edo dagoen Jainkoa, “ixil den Jainkoaren hitza” baldin bada, horren kontrastean, Gandiagarena, aldiz, isiltasun hori emeki urratuz doan Jainkoa da:

Jainko isil zinen
Jainko isil zara
eta hala eta guztiz
Hitza zara jada (Gabonak dut anuntzio, 116)

Jainkoaren ikuskera honen-honen baitan ulertu zuen Gandiagak Gabonaldia, espero izatekoa litzatekeenez. Bitorianorentzat, maila teologikoan Gabonak Jainkoa gizon bilakatu izanaren eta bilakatzearen jaia da, isiltasun handia Hitz bilakatu izana ospakizun duen jaia.

Bestetik, bada Jainko eta Gabonen ikuskera gandiagarraren bigarren ezaugarri azpimarratzeko bat,  gorago esandako horri gehitu beharko ltzaiokeena. Bere Gabonen zer-nolakoan Jainkoaren agertze horrek badu ezaugarri nagusi bat, betiro oso ere oso presente dagoena bere olerki zein adierazpenetan; Jainkoa agertu ez ezik, nola eta pobre ere agertzen zaigu, eta apal-apal agertuta, pobre, apal eta baztertuekiko bereziki gertuko eta sentibera agertzen zaigu Jainkoa Gabonetan. Gaindiagaren Jainkoa, agertzen den Jainko hori, gizadiarena bainoago, pobreena da; hein horretan Jaikoaren ikuskera arrunt soziala du Gandiagak:

Behean simaurra eta
goian ameraunak
pobre pasa zituzten
Belenen Gabonak (Gabon dut anuntzio, 88)

……………………………..
Jende mehearen amorez
pobreza du aukeratu (Gabon dut anuntzio, 114)

Hirugarrenik, Gabonen gaineko bere ikuskeran azpimarratu nahiko nukeen beste bereizgarri bat honako hauxe geneukake: familia dago erdigunean. Pobreak klasetzat, gizarte-klasetzat du Gandiagak. Bere familia pobre eta apal sentitzen du, eta hortaz, pobreen jende-klasearekin bat-bat egiten duena; hein horretan, pobreak bere Gabonen erdigunean bazeuden, beste horrenbeste hain presente duen bere familia:

Ederra sua Gabonez
berotasun gozoenez
haren jiran familia
elkarrentzat bihotz onez … (Gabon dut anuntzio, 73)

……………………………………………….
Gabonerako mukur eiharrak
bildu ohi zituen aitak;
laratz azpian oroitzen ditut
su biziaren txinpartak;
arrosarioz zituen amak
ontzen gisatu ta saltsak;
oi, lurretik hain gertu ginenon
Gabon bero ta aratzak (Gabon dut anuntzio, 77)

Badago azken ezagugarri bereizgarri bat Gandiagaren Gabonetan. Bitorianorentzat Gabonak, jai familiarra izateaz bat, eta horrekin oso bat eginik, suaren jaiak dira. Ikusi ditugu jada justu aurreko olerki sortetan suaren aipamenak. Gabonak suaren jaiak dira, etxeko suaren jaiak, aitak basotik ekarritako zurez elikatua, eta hortaz, suaren bezainbat familiaren jaiak ditugu, alegia, gertukotasunaren eta epelean egotearen jaiak. “Belendik adina, antzinate mitikotik datozen jaiak” (Azurmendi, 134).

Suaren jai izate horrek ematen du, bada, zer pentsaturik asko. Azurmendik erreparatzen duen moduan, Gabonen zentzuak, beren suaren zentzuak, San Joanen suarekin lotzen du Gandiagak beti, eta ez, aldiz, liturgikoki espero izatekoa litzatekeen moduan, Pizkunde Pazkoarekin. Salbuesten baten bat kenduta, Gandiagak beti Gabonetako sua San Joan suarekin du lotzen. Bi zentzu eta bi su, Gabonetako eta San Joangoa; aurrena familia eta etxe barruko gertuko sua, sutondokoa; bigarrena, mundukoa, etxetik kanpokoa biziarazten duena:

Tradizioak, ohiturak
Sanjuan-sua zelaian,
sutondoan Gabongoa

Eguzkiak biziarazten
du zeru goitik mundua,
hori ospatzen du Sanjoan suak;
Gabonak, etxe barruan
sua, etxeko su bajuan eguzkia: euskaldunaren bi urtaroak.
Bi suok ditut oroitzen,
bakoitza bere aroan;
sinbolo-zentzu sakona zuten
haur nintzeneko giroan (Gabon dut anuntzio, 26)

Gandiagak Jainko eta Gabonen ikuskera oso propio eta berezkoa zuela aurreratu dut sarreran. Bada, aurreratutako hori ikusi ahal izan dugu bere Gabonen gaineko ikuskeraren lau ezaugarri horiei erreparatuta (agertzen den Jainkoa, apal eta pobre agertu ere, familiaren baitan agertzen dena eta suaren epelarekin lotzen duena). Orain, azken hausnarketatxo bat egin nahiko nuke lerro hauek bukatze aldera. Erlijiotasun era honi erreparatu eta berorren baitan zer ote dagoen gure buruari galdeginez gero, honelako galdera hauek etorriko zaizkigu burura ziur-ziurrenik; sinetsi molde hori, kristaua izan bai (frantziskotar fededun zintzo goitik beherako zenik nork uka?); baina noraino eta zer mailatan urratzen ote du euskal paganismo zahar eta mitikoaren bidea?; hurrenik, zer mailatan edo zer gradutan bere haurtzaroko eta gaztetango bizipen familiar eta pertsonalek eraman zuten Gandiaga bere fedea alderik alde zeharkatzen zuten baldintza horietatik bizitzera, are, agian fede errebelazio pertsonalizatua edo berari propio egokitutik-edo bitzera? bi galdera eta bi erantzun nekez orain azkar batean erantzuteko modukoak ez direnak, baina bi galdera, erantzun gabe utzita ere, zabalik utzita ere, hezur eta haragizko benetako bizitzatik, bizitzaren baita-baitatik, eta Gandiagaren zirkunstantzia erlijioso, pertsonal eta kulturaletatik haragiztatutako hiru geruzetako fede aitorpenaren berri ematen digutena.

Bitoriano Gandiagaren euskal Gabonak

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

2 pentsamendu “Bitoriano Gandiagaren euskal Gabonak”-ri buruz

  • Oso artikulu ona, Goitia jauna.

    Bizi dugu isiltasun antropologiko bat eta horixe da belaunaldi berriek gure arbasoen sineskeretaz duten ahaztura edota/eta garaikide ditugun hainbat agenteek planteatzen duten borroka anti-erlijiosoa, mundu honetako jainko bat gurtze aldera.

    Ni ez naiz erlijiosoa baina bai espiritualitatea sumatzen duen horietako bat. Eta horregatik aintzakotzat hartzen ditut fenomeno erlijiosoari buruz egiten diren hausnarketak.

    Kasu honetan, Goitiaren azken galderari bapateko erantzun bat emate aldera, gehituko nuke baserrietako “su-bajua” arbasoen sua dela, hildako eta joandakoena, pizturik gertatu behar dena. Ba arbasoen erlijioa da erlijio lehena.

    Kristauen enkarnazioa-haragi-egitea, Jexux haurxoaren irudiaren bitartez, suaren erditze lantzat hartu genezake. Su-bajua beti pizturik egon behar zuen, kobazuloetako oroipen gisa, behin sua itzalita nekez piztu egin behar zenez. Era berean, arbasoek eman behar zioten euskal etxeari beroa eta etorria.

  • A zer luxua halako artikuluak dastatu ahal izatea, inguruko arrunkeria betiberdin guztietatik ihes egin ahal izateko. Eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude