Kritika Zinematografikoa: “The Old Oak”
Kritika Zinematografikoa: “The Old Oak” –
Zuzendaria: Ken Loach
Urtea: 2023
Herrialdea: Britainia Handia
-Haritz zahar eta gogorrarena-
Ingalaterrako ipar-ekialdeko herri bat. Bizilagunak lurraldea uzten ari dira tokiko meategiak ixtearekin batera herrian zabaldutako prekarietatea atzean utzi nahian. Ihes egiteko aukera ez dutenek, ordea, The Old Oak taberna zaharraren baitan kokatzen dute bere erresistentzia, balore zaharren ikur lez. Esperantza edo ametsik ez da, dena galdu duen herrian. Eta hala eta guztiz ere, harrera-leku egokia dela iritzita bidali dituzte bertara Erresuma Batura asilo bila joandako Siriar errefuxiatuak.
Berehalakoa izango da komunitate prekario, zigortu eta nekatu horren erreakzioa: errealitate berri horri aurre egiteko batu egingo dira, antolatu… baina, errudunak bilatzerako orduan, behera begira jarriko dira.
Ez izan zalantzarik orduan gertatuko den oro aurreikus daitekeela. Idealistegia (eta manikeoa?) izatea leporatu ahal zaion ikuspegi batetik, bizilagunen arteko harremanen bilakaera erakutsiko du zuzendariak. Hobea izan litekeen mundu baterantz igaro beharreko estadio guztiak: mesfidantza, beldur eta arbuioa lehenik, horiengandik eratorriko erasoa eta muturreko gorrotoa ondoren eta, amaitzeko, enpatia eta elkartasuna.
Emoziotik abiatutako bidean, eta itxaropenera heltzeko nahiarekin, aktore ez-profesionalen lanak indartu egingo du zuzendariaren saiakera, eta The Old Oak sermoitik, melodrama sentimentaletik gertu dagoen arren, mezu garrantzitsu bat gordetzen duen lana bilakatuko da, beste ezeren gainetik.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “The Old Oak”