Zaplaztekoa
Zaplaztekoa –
Duela urte bete kasik Irulegiko bostekoaz idatzi nuen hemen eta, horri buruzko jakinminari eskua luzatu nioenean, jakintza hura eskuratzeko alegia, eskua aurkitu zuten indusketa gunea bertatik bertara ezagutzera joan nintzen.
Ederra tokia eta are ederrago lanean ari zen taldea.
Hantxe ohartu nintzen, halere, horrek guztiak bere arkeologia propioa, berezkoa, eduki bazuela. Hau da, duela urte batzuk, Aranguren ibarrean zaborren biltegia ezarri nahi izan zenean, inguruko herrien artean erakunde koordinatzaile bat sortu zen, eta horrek aurre egin zion inposaketari ahal izan ziren modu posible guztiez baina… galdu egin zuten.
Bistan da zabortegiaren aldeko jarrera inposatzailea nagusitu zela, nahiz eta, erresistentzia-borrokan sortu ziren harremanei esker, inposizio horren aurka batu zirenek inguruko tokiko gobernuetarako hauteskunde guztiak irabazi dituzte ordutik hona.
Horren ondorioz, politikak kontserbazionistak, ingurumenarekiko begiruneaz eta bere historiarekiko errespetuzkoak sustatuak izan dira han, eta, horrenbestez, laguntza handia eman zaie Aranzadik zuzendua, bolondresen laguntzaz, euskal ongietorriaren esaldiak idatzita dituen eskuaren aurkikuntza ospetsua ekarri duten ikerketa-lanei.
Labur esanda, ia ziur aipatu eskua ez genukeela izango aurretiko borroka hura gauzatu izan ez balitz. Historiak emandako zartako polita, alafede.
Aurkikuntza arkeologiko honek, ordea, argudiorik gabe utzi zituen espainiar «jakintsuak», euskararen ezjakintasun osoarekin eta jarrera supremazistatik euskarak tradizio idatzia eta egiaztatua ez zuela zabaldu zuten haiek. Historian oinarritutako testu zientifikoek aipatzen zizkiguten Erdi Arotik gaztelerazko erromantzea idatzita zegoela esateko.
Ertarotik ez da ezer!… Irulegiren eskutik ongi etorria eman nahi izan diolako euskararen historia sozialaren interpretazio berri bati, zeinean, Burdin Arotik bederen!, euskara izkiriatua izan zela frogatzerik baitagoen eta, bide batez, zaplazteko galanta eman dio gazteleraren supremazismoari.
Baina, dena den, horrelako istorioak izan dira gure kultura subordinatuaren Historian, bai orduan baita orain ere.
Esaterako, euskal literaturako sariak banatu diren egun berean, non irakurzaletasuna sustatzearen premia azpimarratu den, Nafarroako Gobernuak, terrorismoaren biktimen elkarte batzuen eskariz, zeinen kezka ez baita inoiz izan, logikoki, ez euskara ez euskal literatura, Pirinioetako irakurketa zirkulu batzuekiko lankidetzatik kendu nahi du Mikel Antza, ibilbide literario luzeko euskal idazle joria eta estimatua.
Foucaultek adierazi zigun jakintza orok bere ikerketa arkeologikoa behar duela, ezagueraren legitimazioari eta ordenuari eutsi dizkieten diskurtsoak azalarazteko. Ezagutzaren arkeologiak diskurtsoaren ordena eta ordenuaren diskurtsoak erakusten baititu. Are gehiago zioskun, jakintza dena, funtsean arkeologia dela. Horregatik, alderantzizko arkeologia behar dugulakoan nago, iraganeko hondar galduak ikusteko bezain zirraragarria baina geroaren arkeologia izango dena. Ongietorri, bada, mota horretako zahar-berritutako jakintzari, haren eskutik helduta etorkizuneko altxorra bereganatzeko aukera izango dugulako, etorkizun onik mereziko badugu behintzat.
…