Oldarraldiaz gogoeta
Oldarraldiaz gogoeta –
Oldarraldi judizialaz harago, egunerokoan hartzen diren beste hainbat erabakitan ere hizkuntza eskubideak eta euskararen normalizazioa baldintzatu edo mugatzen da, izan arau ezberdinak (Nafarroa osoan ofizialtasuna ezarri nahi ez izana edo EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen legean hizkuntza eskubideek gero eta espazio murritzagoa izatea), zein hizkuntza eskubideak bermatzerakoan, euskararen ezagutza urriagoa dagoen eremuetan, hiztun kopuruaren arabera hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri gutxiago hartzea.
Pasaden larunbatean Euskalgintzaren Kontseiluak «Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat» lemapean deitutako manifestazioaren ostean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkari bezala, zenbait gogoeta plazaratu nahiko nituzke.
Hizkuntza eskubideez eta euskararen normalizazioaz ari gara oldarraldiari aurre egin behar diogula esaten dugunean, baina pertsonen duintasuna, berdintasuna eta gutxitutako herrien eta hauen hizkuntzaz ere ari gara. Norbaiti iruditu dakioke txikikeria dela euskaraz bizitzeko eskubidea dugula esatea edo aldarrikatzea, kapritxo bat dela, baina sinestarazi nahi izan digutenetik harago, bada errealitate bat, funtsean hizkuntza, kultura eta herri zapalkuntzaz ari garela.
Herritarren eskubideen mailakatzearen bidez, hizkuntzen mailakatzea ere egikaritzen da, euskara gaztelaniaren maila berdinean ezin dela egon adierazteko tresna ezberdinak martxan jarriaz. Eta hortxe kokatzen dugu egungo oldarraldia, EAEn eta Nafarroan aurrerapausoak eta lege babesa eskatzen eta egikaritzen goazen heinean, horma handiak eraikitzen dizkigute gaztelania edo frantsesaren hegemoniak behin betikotzeko, egungo errealitate soziolinguistikotik harago ez joateko muga sendoak.
«Azken epaien argudioak hizkuntza politika zehatz bat diseinatu eta legitimatzeko diskurtsoak baino ez baitira»
Euskararen kontrako erasoez ari garenean zuzenez eta zeharkakoez ari gara, noski. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, adibidez, jakin badakigu ez dela euskararen kontrako epairik egon Frantziako Konstituzioa bera dugulako frantsesa ez den beste hizkuntzarik onartzen ez duen zerraila, baina euskararen irakaskuntzak edo honi lotutakoek dituzten oztopo eta mugak ez al doaz euskararen normalizazioaren kontra? Hori ere ez al da oldarraldia?
Jendarteko hainbat sektoretatik ez da euskararen normalizazioa nahi, oldarraldi judizialaz ari garenean ez garelako ari soilik epaile batzuen erabakiez. Jendartean dauden eragile, norbanako zein profesional ezberdinek epaitegietan bilatu dute beren ideien legitimazio eta interes indibidualen defentsa, eta hori ongi koordinatutako ekintza sistematikoek osatzen dutela ikusteko ez da oso urrun joan behar.
Bestalde, ohiko diskurtso horietara zuzenean jo gabe, bestelako aitzakiak ere bilatu nahi izan dira. Besteak beste, euskararen ezagutza egiaztaturik ez duten herritarrak administrazio publikorako sarbidean diskriminatzen direnaren ustea gizartean zabaltzen jarraitzea ere kezkatzekoa da. Izan ere, batzuk fokoa egiaztagiri sisteman jarri nahi izan dute, baina hizkuntza hegemonikoaren eta euskararen egoeren artean erabateko berdintasuna egongo balitz bezala.
«Eragile, norbanako zein profesional ezberdinek epaitegietan bilatu dute beren ideien legitimazio eta interes indibidualen defentsa»
Egungo egoeran euskararen egiaztagiriak ez eskatzeak edo hauek mailaz jaisteak hizkuntza eskubideen bermerako tresna gutxiago izatea suposatuko luke. Europan hizkuntzentzat onetsitako akreditazio maila da egungoa, eta hori birpasatu behar bada ezin da euskarazko zerbitzuen kalterako izan.
Noski euskara gutxiago izan dutenei euskara gehiago eskaintzeko bitarteko publikoak eskaini behar zaizkiela, baina horrek ezin du lanpostu publikoei dagozkien betebeharrak lausotu, interes edo eskubide pertsonalak ez baitaude herritarren eskubideen eta ongizate kolektiboaren gainetik. Azkenik, oldarraldi honen fokoa erakunde publiko ezberdinen gain ere jarri nahiko nuke, zehazki Euskararen Erakunde Publikoa, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren gain.
Izan ere, oldarraldi judizialaz harago, egunerokoan hartzen diren beste hainbat erabakitan ere hizkuntza eskubideak eta euskararen normalizazioa baldintzatu edo mugatzen da, izan arau ezberdinak (adibidez, Nafarroa osoan ofizialtasuna ezarri nahi ez izana edo EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen legean hizkuntza eskubideek gero eta espazio murritzagoa izatea), zein hizkuntza eskubideak bermatzerakoan, euskararen ezagutza urriagoa dagoen eremuetan, hiztun kopuruaren arabera hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri gutxiago hartzea.