Bizitzan gomazko kaioletako turistak bezala (Iain Matthew)

Bizitzan gomazko kaioletako turistak bezala (Iain Matthew) –

Iain Mathew-k, orain jada urte batzuk, Impacto de Dios: claves para la lectura de San Juan de la Cruz bere obran, egungo eguneko gizakiaren egoera existentzialaren azterketa interesgarri bat egin zuen. Bere ikusian, egungo gizakia zentzu faltako gau ilun batean dago bete-betean murgildurik. Eguneroko faktizitateak eramana, hara eta hona, eta bere ziztuzko abiadurak entzungortuta. Bizi duen eta bera den errealitatearen sakona antzemateko guztiz jada ezindua, lagun hurkoekiko harreman ezin azalekoagoak dituelarik, eta eginkizunetik eginkizunera, kontsumo-esperientziatik kontsumo esperientziara ahaleginak eta bi ditu egiten bere barne hustasuna arindu nahian-edo. Aipatu egungo gizaki-klase hau “bizitza-turistatzat” jotzen duen Matthew-k. Gaur egun, alde-alde, den-denok bizi gaitu pertsona molde honek.

Gustuko dudan eta ez dudan horren arabera bizitzeak (gustu, gurari, sentsazio berriak…), geure bizitza horren jira-bueltan bestetan errotua ez egoteak, turista bilakatzen gaitu, bizitza-turista, eta turismo horretara geure burua guztiz lerratuta, gero eta gauza gehiago probatuaz eta eginaz, gero eta egoera berri gehiago esperimentuaz aurki uste diogu irtenbide geure bizitzari. Azaletiko esperientzian bestetan ez gara bizi, gero eta gehiago esperimentatuaz, baina halaber gero eta sakontasun gutxiagoz.

Kontuak horrela ere, nor edo nor, bere barren-hustasun hori betetze aldera, beste esperientzia berri batekin konpontzeari (estaltzeari), edo beste harreman edo proiektu bati ekiteari uko egitera ausartuko balitz, behingoagatik, eta agian estreinako aldiz ausartuko balitz, eta horren guztiorren ordez, oraintxe puntuan soilik duen horrekin, esku artean duen horrekin besterekin ez, bizitzaren sakonari kontu egin nahi izango balio, hala egingo balu, orduantxe bere bizitzak jauzi kualitatibo bat egingo luke. Honek guztionek gauzekiko eta gizarte-lorpenekiko des-atxikitzearekin dago hertsiki lotuta. Izan ere, benetako askatasuna ez da kanporakoa, barrurakoa baizik. Eta zinezko askatasuna den horrek, Gurutzeko San Joanekin esanda, bi mehatxu nagusi ditu; “loreak hartzea” eta “piztien beldur izatea” (ni cogeré las flores/ ni temeré las fieras). Aurrenekoak desirekin, gurariekin, du lotura; bigarrenekoak gure giza beldurrekin. Eta biek ala biek, modu batez edo bestez, atxikiz egote-bizitze horrekin dute zerikusirik. Desiratik desirara arrapaladan bizi izanda, eta den-dena, hori guztia, galduko ote dugun izuz, murgiltzenago gara desiren asebetetze gurpil zoroa ezin bukatuzkoan. Bizitza-turista hutsak bezala bizitzera gonbidapena digu luzatzen behin eta berriz bizitzea tokatu zaigun historia-uneak, bizitzaren azaletik bizitzera, berorren sakonari guztiz entzungor, Matthew-rekin esanda, “gomazko kaioletan turistak antzo”, zeharo anestesiatuak, itxurazko konfort batean guztiz anfetaminizatuak.

Ziurtasun txiki guztiek huts eginda,
txikiak zirela orain jakin dudan berritan.
eta txikiak batera jada huts eginak direla bateratsu jakin berritan,
dut irmo txikitasun apurño horiek sorturiko ibilbide-ziurtasun-sostengu handia zeharo deseginda sentitzen,
gaurdaino zinez eta ezein kontzientziarik gabe ziurtasun handi oraino ezezagun hori,
jada desegina,
zinetan ezagutu ez dudana,
txiki ezagutuez, eta jada bertan behera eroriez, eraikitako ustezko handi hori,
zait goitik behera jausi
amets, espektro oraingo hori, hutsal eta ezdeus orain baino lehen, hutsal eta ezdeus orain artean une oro,
izan dut orainokoan bidearen bulkagarri….

……………………………………………………………..
Errealitatea!, bai sakona!
Bere azalean sakonak bahiturik, ezin luze-zabala izatea lortu.
Errealitatea serio harturik,
zentimetro eskas xume bat egite aldera,
asko du gora eta behera egin beharreko uneko eta guneko sakona gainditze aldera

…………………………………………………………………………………
Isilik behar zaigu mintzo derrigor errealitatea bere sakonean.
Xuxurla isila da berea.
Ezin bestera izan.
Haren sakonak hainbesteraino egingo liguke gainezka,
ezen tantakako xuxurlaz zaigun errespetuz zabaltzen ezinbestez…

Bizitzan gomazko kaioletako turistak bezala (Iain Matthew)

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.