Nortasunaz, euskalduntasunaz
Nortasunaz, euskalduntasunaz –
Gizakiok izaki sozialak gara eta taldearen beharra dugu bizirik irauteko. Gizabanakoa garrantzitsua bada ere, ez da ezer gainerakorik gabe. Gizabanakoz gizabanako osatzen da komunitatea. Sarritan, ez gara soilik komunitate bakarraren parte, talde askotako parte baizik. Eta aldi berean, gutako bakoitzak komunitate horiek sortzen laguntzen dugu. Beraz, identitate kolektiboaren sorreran parte hartzen dugu norbanakook.
Identitate kolektiboa harreman sozial eta kulturalen ondorioa da, komunitatean izaten diren hartu emanen emaitza. Interakzio horiek guztiek Gutasunaren eraikuntzan garrantzia handia dute.
Beraz, identitatea sozialki eraikitzen den zerbait da. Gutasuna ematen diguna. Nor garen zehaztuko duena. Eta gizakiok eraikitzen dugunez, ordezkatu ere egin dezakegu. Beraz, kolektiboaren identitatea sortu eta landu beharreko kontua da. Sinboloak, ezaugarriak, hizkuntzak, moduak edo tradizioak komunitateak beharrezkoa duen nortasuna garatzen laguntzen dute. Horiek landu ezean, ordezkatu egingo dira. Ordezkapen kulturala emango da: asimilazioa.
Futbolaren adibidea aipatzeko modukoa iruditzen zait. Gero eta gaztetxo gehiago ikusten diut Paris Saint Germain, Municheko Bayern, Real Madril edo Manchester Cityren kamisetekin. Erreleko, Osasunako, Alaveseko edo Athleticeko kamisetak iada ez dira hain ohikoak Hego Euskal Herriko plaza eta eskoletan. Pertsona batzuek Euskal Herriko taldeak alboratu eta atzerriko beste hainbat besarkatu dituzte. Beraz, pertenentzia sentimendua aldatu egin da. Gaztetxo horiek ez dute haien burua bertako taldeekin identifikatzen eta atzerrira jo dute identifikazio bila, nortasun bila.
Euskalduntasunarekin ere antzeko fenomenoa gertatzen ari dela uste dut. Esango nuke gero eta jende gutxiago identifikatzen dela euskalduntasunarekin, eta gero eta gehiago atzerriko ezaugarriekin. Gure markoa ere, mundua nondik eta noraino ikusten dugun, aldatzen ari dela iruditzen zait.
Euskalduntasunak, euskalduntasunaren iruditeriak, euskalduntasunaren markoak ez ditu garai oparoenak bizi. Pertenentzia sentimendua ahuldu egin da eta horren ordezkoek hartu dute indar handiagoa. Futbolaren adibidea aipatu dut gorago, baina beste askotan ere agerikoa da ordezkapena. Mundu digitaleko aplikazio sorta zabalean gutxienekoa euskaldunon sorkuntza eta erreferentzialtasuna. Bertako eduki sortzaileak badaude ere, euskalduna ez den beste marko baten arabera egiten dute haien ekoizpena. Gurea alboratzen ari, gureari unibertsaltasuna ukatzen ari eta ordezkatzen ari gara.
Gainera, gizakiok berezkoa dugu zerbaiten/norbaiten parte sentitzea. Komunitatetik at gizakiok ez dugu izaterik eta etengabe bilatuko dugu kolektiboaren onarpena: nor izan. Bestela, gureak egingo du. Horrexegatik, ordezkapen kulturala gerta daiteke, bata ez bada bestea izango delako. Euskalduntasunik ez bada, beste batzuk izango direlako.
Nortasun kolektikoa, gainera, bada gizakion ongizaterako gakoetako bat. Pertenentzia sentimendua oso da garrantzitsua gizakiok orekan bizi gaitezen. Kolektiboaren parte ez izateak pertsonoi zuzenean eragin diezaguke. Izan ere, gizakiok animalia sozialak gara eta kolektiboa behar dugu bizirauteko. Bakardadean ez baikara bizirik irauteko gai. Eta euskalduntasunak, nortasun kolektibo gisa, berebiziko garrantzia izan lezake pertsonen ongizate emozionalean. Identitatea Gutasuna da, zerbaiten parte izaten laguntzen diguna: nor garen.
Euskalduntasuna sustatzea inteteresgarria litzateke ordezkapen kulturalik eman ez dadin eta pertenentzia sentimendua indartu dadin, guztiok barnebilduko gaituen euskalduntasuna. Gure etxea.
Nortasunaz, euskalduntasunaz Nortasunaz, euskalduntasunaz
Real Madrileko kamiseta eta ekipamendua badakigu zein kolektibok eramaten duen bereziki. Baina ez da politikoki zuzena esatea
Garbi esan dezagun. Testuan pertsonak esaten da, eta testuz kanpo gelditzen da. Hemen kolonizazio eta asimilazio bide garbia dago. Ongi etorriak!
Eta garbiago eta aratzago esanda, pertsona horiek, zuk esan bezala, nire inguruan, nire herrian, nire familian ez dira gu, haiek dira, nola diren aspaldi iritsitako espainolak, ezin gu izan. Zergatik? Estaturik ez dugulako.
Zinez aitzingibel askotako gaia da zurea, Jon.
“Gizabanakoz gizabanako osatzen da komunitatea” diozu arrazoirekin. Ausartuko nintzateke geitzera komunitateak belaunaldiz belaunaldiko lotura bizirik mantentzen duela. Hil diren arbasoekin ere baita oraindik sortu ez diren gure ondokoekin ere. Komunitate bateko bizitzan aktiboki parte hartu gabe gure erroak galtzen ditugu eta ohartu gabe ere, errogabetuak gelditzen gara.
Egia erraiteko, gaurko bizimodu modernoak nahitaez “anywhere” izaitera eramaiten gaitu. Hortik dator seinalatzen dituzun errelatibismo kulturala eta euskaltasunaren gainbera. Neurri batean behintzat, zeren hertsidura politikoak ezin baitu horretan dena esplikatu, eta beste garai batean, alderantziz, euskal komunitatea trinkatuko zuen perila aurrean.
Zure gaia Bilboko Kafe filosofikoan proposatu beharko zinuke. Azken aldiko gaia “zeintzuk dira gaur gure erroak?” ez zen zure artikuluaren edukitik biziki urrun.
Adetasunez.