Gasoleo A aukeratu duzu
Zure senarra gasolindegian ahazturik utzi duzula konturatuko zarenean -bai, zurekin zihoan-, lasaitu zaitez eta eman buelta hurrengo biribilgunean.
Imajinatu, itzultzen zaren bitartean, eszenatokia: ordurako -handik kilometro bitara zaude- bera komunetik atera da eta noraezean dago zure bila, gero eta argiago (agian ilunago) dagoena sinestu ezinik. Jar zaitez beraren azalean.
Jasoko duzunean, ez jarri inolako aitzakirik: excusatio non petita, accusatio manifesta.
Zure alboan berriro jezarrita izango duzunean, pentsa ezazu -pentsa ezazue, agian- garrantzitsuena ez dela gertatu berri dena; garrantzitsuena gertatu berri denaren esanahia baizik.
Lehertzeko zorian dagoen isilaldi hori arintzeko, kanta ezazu ahapetik irratian jotzen ari den Joe Cockeren abestia: «You can leave your hat on… You give me a reason to live… give me a reason to live”.
Bai, eutsi…
Bizirauteko jarraibideen eskuliburua