Herrira
Herrira –
10 urte igaro dira. 2013Ko irailaren 30ean Herrira mugimenduko kide ginen 18 lagun atxilotu gintuen guardia zibilak. Gehienak Hernanin, gure egoitzan, lan-bilera batean geundela. ETAko kide eta presoen eremuan arduradunak ginelakoan, diru-zuriketa eta biolentziaren goratzeaz ere akusaturik. Bertan egin ziren lehen protestetan, Amaiurreko senatari bat Ertzaintzak odoletan uzteraino kolpatu zuen.
Intxaurrondoko komandantziara eraman gintuzten, bulego-miaketen ondoren; handik Madrilera. Komunikazio erregimenean 3 egunez giltzaperaturik egon eta gero, Entzutegi Nazionalera deklaratzera eraman gintuzten, gerora gure auzipetu-kideak izan ziren konfiantzazko abokatuekin. Behin behinean eta neurriekin utzi gintuen Eloy Velasco instrukzio epaileak, kalean. Euro-aginduak indarrean jarri zituen Ipar EHko lagunentzat. Urriak lehen egunak zituen.
Lerro hauek idazteko ariketa bat egin dut. Orduko bideoak -euskal komunikabideenak, nagusiki- ikusten jarri naiz. Eta nire buruarekin harritu naiz. Noski, 10 urte gazteagoak ginelako eta norberak bere burua ikustean sortzen duen inpresioagatik, batetik; baina, batez ere, -eta sarri sentitu dut- gertaera haiek beste norbaiti pasa izanaren sentipen arraroa gailentzen zaidalako. Baina ez. Nik ere bizi izan nituen.
Urrun eta gertu, aldi berean, sumatu ditut irudiak. Milaka urte igaro edo atzo bertan izan zirelakoan. Biak batera, nahasturik. Denbora bada poligrafo bakarra… hankaz gora izan ohi dut, horrelakoetan.
Bigarren ariketa bat eginez, bizipen pertsonalei erreparatu diet. Eta, geroztik, ume kopurua zeharo handitu dela ohartu naiz, adibidez; gugandik hasita. Bi ginen etxean; orain lau. Ondoren etorri ziren sarekadetako lagunekin epaitu gintuztenean ere, arreta jarri genion motxiladun ume gehiago sortzeko zegoen arriskuari. Bi pertsonek heriotzarekin egin dute topo hurrengo urteetan. Bata gaixotasun baten ondorioz; bestea istripu batean. Bizitzaren alde guztiek aurrera darraie.
Gaia ez da xamurra tratatzeko, norberak berera bizi duelako. Aitzitik, pentsatzen hasita, guretzat agian hain normalizatua dagoen gertaeren kontakizuna, gure hurrengokoei (umeei bereziki) nola kontatu egokituko zaigu, arestian izkiriaturiko bi paragrafo “deskribatzaileen” artean dagoen unibertso osoa helarazteko. Eta ez da erraza izango.
Herrira ginen, bai; izenarekin jada heldulekua adierazten genuenok. Hamarkada bat igaro da, eta gaur izen deitura zalantza sortzerainoko egoera bat bizi dugu Euskal Herrian, dispertsio politika amaiturik; iheslariak eta deportatuak ez eze, presoak herrira ekarri ditugulako. Baina gatibu jarraitzen dute. Denak. Eta, errepresioak, beste behin ere, ez zigun eztabaida ebazten utzi. Gugatik erabaki baitzuen: Herrira ekuaziotik kendu beharra zegoen. Kitto.
Galdera pertinenteena, agian, zera da: zer zen egoera hartatik kolpeka ezabatzen ari zirena? 18 lagun, marka bat, eragile bat… bai; hori ere bai, noski. Baina…
Laburrean, 197/2003 salbuespen neurriaren ondorioz zigorrak luzaturik zituzten 60 bat presoren ebazpena Estrasburge-ko epaitegian ebatzi behar zen hiru astera, Ines del Rio tafallarraren lehen kasuaren bidez (izan ere, guardia zibila armekin sartu zenean bulegora, horretaz ari ginen bileran).
Tartean, lan filosofia bat bazegoen ere: termino eraikitzaileetan eraturiko mugimendua, norbanako guztien parte-hartzerako tresna, jendartearen bizitza zabalean presentziarekin, gehiengo sozialak bereak egiten zituen aldarrien bozgorailua.
Orduko Jorge Fernandez barne ministroak -gerora ustelkeri kasu ezagunetan auzipetutakoak- gure atxiloketen aurrean argudio gisa baliatu zuen “Herrira mobilizazio gaitasun gehien duen eragilea da egun” izan daiteke pisuzko arrazoietariko bat, apika.
Baina estatuak mezu kontundenteagoa igorri nahi zion euskal jendarteari: Euskal Herriak hamarkadetan enkistaturik izandako arazo politikoaren aurrean esperantza testuinguru bat sortu da, eta edozer egiteko prest gaude berau zapuzteko. Euskal preso-iheslarien afera ez da sekula konponduko, gatibu politikoak ditugun heinean, demanda nazional-sozialak katramilatuko ditugulako. At eternum…
Aldiz, beste zerbaitekin egin zuten topo: erreakzio sozial bateratua. Euskal Herriko jendartearen sektore eta eremu ezberdinetako ordezkari politiko, sozial, instituzional, sindikal anitzek, aurreko egoerara eraman gintzakeen edozein espresio ez zuelako jada onartzen. Aldarri hori Tantaz Tanta-ren 2014ko urtarrileko manifestazioaren debekuaren aurrean argiago geratu zen.
Guretzat, ordea, osagai gehiago zituen jarduna baldintzaturik sumatu genuen. Ez genbiltzalako soilik dinamika sozio-politiko bat garatzen, ez. Jende askorekin batera -askorekin- eta oso ezberdinak (baita gerora Espainiar estatuko presidente-orde izandako tximaluze batekin, judikatura espainiarrean ezagunak izandakoekin, edota Ipar EHko lurretan historikoak izan diren urratsen babes sozial-instituzionaleko aktoreekin) gure herriko errealitatea aldatzeko eta hobetzeko lanean genbiltzalako, eta erronka hori geldiezina zen; eta da. Inoiz ez diogulako beldurrik izan konponbideari, ezta bakeari.
Ifrentzuan, norberari galdera gehiago suertatzen zaizkio, halabeharrez, kartzelatik aterata eta ia bi urtera, berriz ere dèjá vu berean zure burua aurkiturik. Berriz ere atxiloketa (laugarrena, ordukoa), berriz ere guardia zibila (bigarrengoz), berriz ere entzutegi nazionala (enegarrenez), berriz ere espetxe arriskua (hirutan egonda aurretik), berriz ere…berriz ere berriz ereak.
Errepresioak zenbat eta nola, zenbateraino eta noraino baldintza ditzakeen bizitzak, prozesuak eta jardunak ezin ditugu erlatibizatu ezta normalizatu hainbestetan ezagutu eta pairatze hutsagatik. Eta gure herrian badugu horretaz asko hausnartu eta egiteko. Egia kontatzetik hasita. Gertatutakoaren aitortza erdiguneratzen. Erreparazio klabetan urratsak emanez. Berriro ere ez gertatzeko berme integralekin eraikia. Baina aurrena, soluzio bidean jarrita gaur egun indarrean dagoen sufrimendua. Herrira? Ez, ez. Etxera!
Bide baten partaideak garenean, forma eta modu ezberdinak hartzen ditu, baina inoiz ez da geratzen. Oraindik orain lan handia dago egiteko eta orduan bezala itsasoko ur tanta izateak duen balioa, infinitua da.
Izan ere, gaur ere, motibazio berdinak mugitzen gaitu: herri bat egingo dugu kartzelarik gabekoa.
Herrira