Mindfulness xuxurla arrotzen bila
Mindufulness xuxurla arrotzen bila –
Errealiatatea beti dabilkigu esanka, gutxienez xuxurlaka. Berez, bera-berau, errealitatea, datorkigun xuxurla hori baino askoz zabalagoa, sakonagoa da, baliteke baztergabea izaterainokoa ere izatea. Ziur asko, dudarik ez. Berezko duen baztergabe izate hori berau dela medio dugu gizaseme guzti-guztiok geure-geurezko lekutxoa, gure leku pertsonalizatua, bere baita mugagabean, non zeinek errealitate erauntsi baztergabe delako horren baitan bere ezpaltxoa du propio jasotzen, bere ezpaltxo txiki eta fina, ezin hobeki pertsonalizatua. Ezpal konpartituak ere baditugu; ez ziurrenik erralitate-ezpaltxo berbera bati baino gehiagori tokatu zaiolako, bai baina nor bakoitzari egokitu zaion ezpaltxo horrek asko-asko duelako komunean beste norbaiti, edo zenbait eta zenbaiti, egokitu zaion besteren batzuekin. Eta gaitz erdi! Zer bestela, derrigor eta ezinbestez ez legoke harremanetarako aukera txikienik ere, ez maitatzeko, ez ezein komunitate edo gizatalde sor dadin, ez elkarrizketarako, ez partekatutako hizkuntzarik ere egoteko, ez eta lerro honelakoek balizko zer adierazirik izan lezaten ere.
Ezinbestekoa dugu, hortaz, xuxurla, xuxurla partekatua maiz askotan, baina, oroz gain, norberari propio luzatutako xuxurla pertsonalizatu moduan. Norberarena ere zabala da, eta ez zaio beti kasu egiten bere zabalean. Gaitz erdi ere hala egiten dugun!; bestela, kognitibo-psikoki zeharo gainezkatuak txiki-txiki eginda bukatuko genuke-eta. Dena delarik, gurean, alde horretatik, kezkarik ez; mendre, ezdeus eta guztiz flakatua dugu-eta gaur egunean errealitatearen xuxurlari zuzentzen diogun arreta eta entzuna. Hortik, eskainka, jakinduria tradizioetan eztula baino zaharragoak ditugun gaur “mindfuness” deituriko praktika horiek, orain eta hemen egotera deitzen digutenak. Neurrian dago gakoa, dena den. Orain eta hemen betiro eta une oro egonda, ez dakit nik bada, ez ote ginatekeen hormatuko eta harri bilakatuko, edo gutxienez “zuhaiztuko”. Baina justu kontrako muturrean dugu kultur mendebaldar honen gaitz pandemikoa, alegia, beti “lehen-gero” eta beti “harako hor edo han” galdurik egotea,… eta hainbesterainokoan, non antsiolitikoak erruz irentsi eta irentsi ibiltzea dugun jada eta tamalez bide erraz-arina edo bide kasik bakarra.
Honatx, jarraian, sendagai on askoa (agian, gaur egunean, honezkero, azken bizigarri ere bai) geneuzkakeen errealitatearenak entzute alderako gonbit olerkitxoak:
Xuxurlaka dabilkigu goiz lehenetik errealitatea,
lauso-lauso deika,
lasaiki, baina tema handiz,
atzo ixilik zetzan errealitate huraxe
gaur aldiz, itzartu berritan, hots eginka,
goiz lehen-lehenetik deika
nork kasu egingo zain-esperoan,
lehenbailehen inork arreta eskain diezaion zain irriki-irrikitan …Nork kasu egingo zain-esperoan!
…
Nork kasu egingo?
Sorosleren bat etorriko ote?
Bat bakarrarekin aski
bi baleude hainbat hobe …baina bat bakarrarekin sobera, aski!
…
Eta nehortxo ere ez baletor?
Ausardia-falta ote?
Berldur-izua hesia?
Lotsakizun apika?
Entzule, ikusle,…lekuko zaitugun hori! Zerk zaitu uxatzen eginkizun honetatik?
Zerk zaitu urrunarazten?
Zerengatik zabiltza iheska?Nora joan uste duzu, errealitate-iheslari hori?
…
Mindufulness xuxurla arrotzen bila