Kristau meditazioaz

Kristau meditazioaz – 

Kristau meditazioaz

Egungo egunetan meditatzea indarra hartuz eta hartuz doa gure gizartean. Bizitzen ari garen espiritualtasun gertakariaren gorakada berriaren baitan kokatu behar da berau hein handi batean bederen. Sarritan, gure kristau fede-konfesiotik nolabaiteko arroztasunaz bizi dugula aitortu behar dugu. Neurri handi batean, jada hainbat hamarkadatan zehar gure gizartetik Ekialdeko Tradizioei erreparatu izanaren eraginetik sorturiko gertakaria dugu, gehientsuetan baina, handik eta hemendik hartzetik duen “New Age” deituriko nahas-mahas horren baitan kokatu behar dugu; askotan erlijio guztiek, gureak, zein Ekialdeko Tradizioko zeinahik, eskatzen duten sakontasun, atxikimendu pertsonala zein komunitate-bizipenetik ezinago urruti daude praktika hauek, eta norbere ongizate eta “auto-zaintza”-rekin loturiko merkatu produktuekin dute zerikusi handia. Hau guztia ukatzerik ez badago ere, gertakaria hasiera batean uste baino aberatsa eta zabalagoa da, eta, nire ustetan, kristauok arreta handiz begiratu beharko genioke, eta txuri beltz edozein bitasun gaindituz, ikusi gertakari honek zer esaten digun edo zer esan diezagukeen.

Hasteko eta behin, ezin jada gertakari hau guretik erabat kanpokotzat jo; gure fedetik ematen ari da jada, gure fedearen bizipenaren formak eraldatzen ari dira dagoeneko berorren eraginez. “New age” denetariko nahaste-borraste horrek gure fede edukietan sor ditzaken desbideratze edo nahasmenduak ukatu gabe ere, ezin ukatu daiteke, fenomeno honen eraginez indar handiagoz aintzat hartu dugunik gure fedean bizipenaren garrantzia, gurean otoitzak eta barnekotasunak hartu behar duten garrantzia. Hortaz, ezin aipatu gabe utzi otoitz egin-moldeetan izan duen eragina. Gurean, askotan inongo fede-desbideratzerik gabe, bilatzera, sakontzera, eraman gaituzte meditazio praktika berri hauek, eta, horrela, ikusi, gure konfesioari bizkarra eman gabe, Kristautasunean ere egon direla, eta egun badaudela, bide mistikoak eta espiritualak, ezin aberatsagoak, nahiz-eta, egiari zor, eskuarki ez diren hegemonikoak izan kristautasunaren ibilbide historikoan zehar; monastegietako bizimoldeetan eman dira gehienetan, edota, sarri, bide ofizialetik zokoratu samar izan diren mistiko bakan batzuengan baino ez ditugu ikusi.

Hitzak toki berezia du Kristautasunean, dudarik ez, Espirituaren bultzadaz Kristorenganako Hitza. Honek guztionek kristauon artean partekatu eta aitortutako eduki sakramental eta doktrinal handiak ekarri ditu ondorioz: hala nola, gure kredoa, gure sakramentuak, Tradizioak aitortutako dogmak… Asko eta ezinbesteko ditugu sinbolo eta hitzen bidez aitortzen dugun muineko hori guztiori. Alabaina, eta horrekin guztiarekin ere, gure fedearen garra pizturik mantenduko badugu, badago atergabe aurre egin beharreko erronka bat: Jainkoaren Hitza gure baitan ernatu dadin ahalegindu eta ahalegindu beharko gara betiro. Jainkoaren Hitzarekin komunio santu eta mistikoan sartzen ahalegindu beharko gara. Horretara bidean, oztopo, eragozpen, edo traba izan litezkeen guztiak erauzi behar ditugu gure barnetik. Etengabeko bihotz berritzerako deia egiten zaigu. Eta bihotz berritze hori zerarekin dago hertsiki loturik, Jainkoaren Hitzari gure barnean leku egitearekin alegia.

Jainkoaren Misterioaren lekukotza dugu, horren lekuko aitortzen dugu geure burua. Alabaina, urrats ezinbesteko bat ematera gara deituak. Jainkorekiko harremanaren misterioa bizi eta esperimentatzera abiatu behar gara. Guretik, zarata eta distortsio litezkeen horietatik guztietatik asko dugu kentzeko, asko erauzteko. Jainkoaren misterioari geure burua eskaintzeko, garen “gu” horretatik gutxiago izan behar gara. Meditatzeko, gure eta besteon hitzak isilarazi behar ditugula esan ohi da, baina hori bainoago, garen “gu” hori, naizen “ni” hori, isilarazi behar dugu.

Gurutzeko San Joan, Santa Teresa Jesusena, Eckart Maisua, Tauler,… eta beste zenbait eta zenbait mistiko mintzo izan zaizkigu goian aipatutako horretaz. Jainkoa gure baitan, eta gurekin intimoki bat-bat eginik dagoela esan ziguten, baita infinituki ere transzenditzen gaituela. Paradoxa horrekin harreman izatea oso zail bilakatzen da; ziztuan eta berehalakoan berorri ezentzuna egitera lerratzen gara, azaleko bilakatzen dugu berau gure eguneroko kezka txikien zalapartari geure burua emanez. Ahaleginduz gero ere, Jainkoa den paradoxa hau, gainditzen, edota gain-eramaten, ez da inondik ere samurra. Hori lortze aldera, isildu behar gara, baina gure mihiari zein pentsamenduari hesia jarriz soilik ez dugu iritsiko, isildu behar gara gu geu, gu garen hori, geure barren barrenetik, errotik isildu behar gara. Horrela baino ez dugu lortuko paradoxa misteriotsu honen bi poloak bakean jartzea. Horrela, Jainkoaren misterioaren handiaz jabetuz joango gara. Jainkoarekiko gure harremanak mihise baztergabe bat barne-biltzen du bere baitan, eta berorretaz apaltasunezko eta harridurazko isiltasunari eutsita baino ezin izango gara ohartu, nahiz-eta bere edertasun ezin handiagoa apurño bat baino ez dugun sentituko, onenean. “Isiltasunekotzat” jo dezakegun otoitzaren bitartez hizkuntzak eta hitz egite guztiek sortzen dituzten desbideratze guztietatik libre geratuko gara, eta, horrela, Jainkoa, ezin intimoago, eta, bateratsu, ezin baztergabeago, sentituko dugu.

Aipatu isiltasun hori lortze bidean topatuko ditugun zailtasunak ugariak izango dira, eta, ziurrenik, luzaroan iraungo dute. Esanda bezala, kontua ez da mihiari (eta “barne mihiari”) eustea soilik; areago doa kontua, Jainkoaren presentzia sentitua zabal dakigun adimen zein bihotzean lasaitasun arretatsu batean murgildu beharko gara. Otoitz egiteko molde honek ez du hitz gehiagoren bitartez izan dezakegun nahasmendua arindu nahi, oso bestela dihardu, distrazioetan eta desbideratua dagoen gogoa bere helburu ezin gorakoagora erakarri nahi du, Jainkoaren zabalgunera deitu nahi dio. Juan Casianok Colaciones izenburuko liburuan ederki asko deskribatu zuen prozesu hau horretarako propio hautatutako salmoaren bitartez (46,10): “Amore eman ezazue! Aitor ezazue Jainkoa naizela!” (Regla delos monjes 42,6.13; 73,14).

Kristau meditazioaz

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.