Horizontes Latinos hautaketa

Horizontes Latinos hautaketa –

Horizontes Latinos hautaketa

Paula Hernándezen ‘El viento que arrasa’ filmarekin estreinatuko da Horizontes Latinos saila eta Carolina Markowiczen ‘Pedágio / Toll’ lanarekin amaituko.

Lila Avilés, Martín Benchimol, Tatiana Huezo, Guto Parente eta David Zonana ere Horizontes Saria eskuratzeko lehian sartuko dira.

Camila Fabbri, Dolores Fonzi, Felipe Gálvez, Lucía Puenzo eta María Zanetti zinemagileen lanek osatuko dute saila.

Argentinan, Txilen, Mexikon eta Brasilen kokatutako hamabi istoriok osatuko dute Horizontes Latinos saila, Latinoamerikan osorik edo partzialki ekoitziak diren, Espainian erakutsi ez diren eta jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzendu dituzten edota munduko gainerako lekuetako komunitate latinoamerikarrak esparru edo gaitzat dituzten urteko film luzeen hautaketa. Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan Horizontes saria lortzeko lehiatuko diren lanen hautaketan, halaber, WIP Latamen azken edizioan saritutako bi film –El castillo / The Castle eta Estranho caminho / A Strange Path– eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan bildutako lan bat –Alemania– bildu dira.

Horizontes Latinos sailean film bat –Los sonámbulos / The Sleepwalkers (2019)– aurkeztu ondoren, Paula Hernández (Buenos Aires, Argentina; 1969) sailean izango da berriz, El viento que arrasa / A Ravaging Wind filmarekin estreinatuko baitu; Selva Almadaren izen bereko eleberriaren egokitzapen zinematografikoarekin, hain zuzen. Alfredo Castro, Sergi López, Almudena González eta Joaquín Acebo antzezleek hartu dute parte predikari bati eta bere alabari buruzko istorio hau; misio ebanjelizatzaile berri baten erdian auto matxura bat izango dute protagonistek.

Carvão / Charcoal (2022) filmarekin sailean parte hartu ondoren, Carolina Markowicz (São Paulo, Brasil; 1982) bere bigarren film luzearekin izango da sailean; hala, Pedágio / Toll filmak Horizontes Latinos saila itxiko du. Protagonista, errepideko ordainleku bateko langilea, atsekabetuta bizi da bere semea homosexuala delako, eta edozer egingo luke haren kondizioa aldatzeko.

Maria Zanetti (Buenos Aires, Argentina; 1980) zuzendariak Alemania aurkeztuko digu, 2021ean ArteKino International Award saria irabazi zuen filma Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan. Zuzendariak nerabe baten pertsonaia jarri du erdian bere lehen film luze honetan: protagonistaren ahizpak buruko nahasmendu bat duenez, familiak egoera txarra bizi du.

Dolores Fonzi aktoreak (Buenos Aires, Argentina; 1978) –El auraTrumanLa cordillera / The Summit eta Distancia de rescate / Fever Dream– Blondi filmarekin estreinatu da zuzendari gisa; semearekin harreman berezia duen ama gazte baten istorioa kontatzen digun film horretan, Fonzik berak egin du amaren rola, Carla Peterson, Rita Cortese, Toto Rovito y Leonardo Sbaraglia antzezleekin batera. BAFICI jaialdiaren lehia ofizialean estreinatu zen filma, eta antzezle-zerrenda osoak antzezpen onenaren saria jaso zuen bertan, baita Emakumezko zuzendari argentinar onenaren saria ere lehia ofizial guztien artean (Género DAC saria).

Horizontes Latinos hautaketa

Halaber, Camila Fabbri (Buenos Aires, Argentina; 1989) idazle eta aktoreak ere bere lehen film luzea zuzendu du: Clara se pierde en el bosque / Clara Gets Lost in the Woods film luzeak bere iraganeko gertakizun traumatiko baten ondorioak bizi dituen emakume bat du protagonista. Fabbrik antzezlanak idatzi eta zuzendu ditu eta bere literatur lana hizkuntza askotan argitaratu da. Gainera, Zilarrezko Kondor sarietarako aktore berri gisa izendatu zuten Dos disparos / Two Shots Fired (Martín Rejtman, Horizontes Latinos, 2019) filmean egindako lanagatik.

Zinema dokumentalaren arloan aritua, Martín Benchimolek (Buenos Aires, Argentina; 1985) bakarka zuzendutako bere lehen film luzea aurkeztuko digu: El castillo / The Castle pelikulak WIP Latam Industria Saria eta WIP Latam onenaren Egeda Platino Industria Saria lortu zituen iaz. Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean estreinatua, Justinaren –etxe handi bat oinordetzan hartuko duen etxeko langile baten– istorioa kontatzen digu filmak.

Tatiana Huezo Horizontes Latinos sailean izango dugu berriz (San Salvador, El Salvador; 1972); 4+1: Mexikoko Zinema Garaikidea atzerabegirakoan egon zen egilea El lugar más pequeño / The Tiniest Place (2011) filmarekin, eta horren ondoren, Horizontes saria irabazi zuen Noche de fuego / Prayers for the Stolen (2021) lanagatik. El Eco / The Echo filmak –Mexiko iparraldeko herri urrun bateko bizitza dokumentatzen duenak– dokumental onenaren saria eta Encounters saileko zuzendaritza onenaren saria jaso zituen Berlingo zinema-jaialdian.

Guto Parentek (Fortaleza, Brasil; 1983) hainbat zinema-jaialditan –hala nola BAFICIn eta Rotterdamgoan– parte hartu izan du, eta aurten Donostia Zinemaldira itzuliko da; zehazki, bere hamargarren film luzea –WIP Latam sailean Projeto Paradiso Lehen Saria irabazi zuena– aurkeztuko digu. Estranho caminho / A Strange Path filma pandemiaren ondorioz bere aitarekin berriro konektatzen den zinemagile bati buruzkoa da, eta Tribecako zinema-jaialdiko nazioarteko lehiaketan lau sari irabazi zituen: film, interpretazio, gidoi eta argazki onenaren sariak, hain justu.

Horizontes Latinos hautaketa

David Zonanak (Mexiko Hiria, 1989) Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen Mano de obra / Workforce (2019) estreinako lanarekin, eta aurten Horizontes Latinos sailean erakutsiko du bere bigarren lana, Heroico / Heroic, Sundancen eta Berlinaleko Panorama sailean izan zena. Zonanak Donostian erakutsiko digun lan berria gerraren aurkako alegatu bat da, etorkizuna hobetzeko asmoz ikastetxe militar batean sartzen den gazte bat protagonista duena.

Felipe Gálvezek (Santiago, Txile; 1983) Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard atalean parte hartu zuen film bat erakutsiko du, westernaren tankerakoa. Los colonos / The Settlers filma egilearen lehen lana da, XX. mendearen hasieran girotuta dago, eta Txileko Patagoniako herri indigenen genozidioan jartzen du arreta.

Lucía Puenzo zuzendariak (Buenos Aires, Argentina; 1976) Cannesko, Berlingo eta Tribecako zinema-jaialdietan (besteak beste) parte hartu izan du, baina Donostia Zinemaldian ere izan da; zehazki, Horizontes Latinos sailean hartu zuen parte El médico alemán-Wakolda (2013) filmarekin. Zinemagileak, bere bosgarren film luze honetan –Los impactados izenekoan–, Mariana Di Girolamok antzeztutako emakume baten istorioa kontatzen digu: ekaitz batean, tximistak jo ondoren aldaketa fisiko eta psikikoak jasango ditu protagonistak.

Lila Avilés zuzendaria (Mexiko Hiria, 1982) New Directors sailean izan zen bere lehen film luzearekin (La camarista / The Chambermaid, 2018), eta nola Oscar sarietarako hala Goya sarietarako hautatu zuten Mexikoko ordezkari gisa. Horizontes Sariko epaimahaikide izan eta bi urtera, zinemagileak sail berean erakutsiko du bere bigarren lana, Tótem / Totem izenekoa. Aurreko Berlinalean lehiatu zen film horretako protagonista zazpi urteko neskato bat da, bere familiaren zimenduak kolokan ikusiko dituena.

Horizontes Latinos hautaketa

Horizontes Latinos saileko filmak Horizontes saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horrek 35.000 euro ematen dizkie zuzendariari eta film irabazlearen Espainiako banatzaileari. Horizontes Sariaren epaimahaiak du film horiek baloratu eta saritzeko ardura. Horizontes Latinos sailaren barnean zuzendariaren lehen edo bigarren lanak diren filmak (aurten, AlemaniaBlondiClara se pierde en el bosqueHeroicoLos colonosPedágio y Tótem) Gazteriaren TCM sarirako hautagaiak ere izango dira; 18-25 urteko 150 ikaslez osatutako epaimahai batek ematen du sari hori.

Horizontes Latinos hautaketa

Horizontes Latinos hautaketa