Barbie & Ken
Barbie & Ken –
Ana Urkizak Deia egunkarian.
Nik ez nuen Barbie-rik izan. Nire gurasoei panpina garestiegia eta sexistegia iruditu zitzaien. Beste balio batzuetan hezi nahi izan zuten beren alaba (eta semeak). Hala ere, filma ikustera joan naiz. Eta jakin nahi nuke, filmaz zer nolako irakurketa egin duen Barbie panpina izan duen pertsona batek. Guk, Bizkaian, panpinari andrakileta deitzen diogu, hau da, andrazkoaren antzekoa den jostailua edo bixika. Eta bixikan egitea da, bizitzaz jolas egitea. Esan genezake, bada, andrakiletak direla andrazkoak bixikan ibiltzeko bixikak. Kontua da inguruak nahasten ari dela delako filma: batzuentzat feministegia da eta besteentzat, aldiz, arrosegia. Batzuentzat patriarkatuaren aurkako parodia den artean, besteentzat, berriz ere panpina merkatuan jarri nahi duen marketin kanpaina hutsa.
Ni filma ikustetik bi ideiarekin atera nintzen: batetik, orain arte bazka izan dugun estetika eta mundu arrosa ezin hobeto deskribatzen duela (oka egiteko gogoa emateraino): eredugarritasuna, perfekzioa helburu, zorionaren hutsa, edertasunaren balioa, emakumeari nahi duena egiteko gai dela sinestaraztearen faltsutasuna, etab. Alderdi honetatik bai esango nuke arrosegia dela. Goragaletuta ateratzen zara.
Bestetik, ostera, komunikazioa dago. Mundu arrosaren lengoaia erabilita, mezurik feministenak ematen dira aditzera, edonork ulertzeko moduan. Eta hauxe da, nire ustez, filma honen ekarpenik handiena: mezuaren xehea eta mezuaren iristeko ahalmena. Nago, askorentzat, patriarkatu kontzeptua eta beronen esanahia filma honi esker hasiko direla existitzen.
Arteak egiak modu erraz eta gozoago batean esateko ahalmena du. Modu sargarriagoan eta ulergarriagoan. Eta horixe da filma honek egiten duena. Kolore pastelak eta zinearen industriak betidanik saldu dizkigun eredua hankaz gora jartzeko parodia bat eskaintzen du. Eta Barbieren antzezpena gutxietsi gabe, Ryan Gosling aktoreak hezurmamitzen duen Ken lagunaren paperarekin gelditzen naiz. Irrigarri uzten baitu gizonezko eder eta txori-buruaren irudia eta dardarka jartzen patriarkatuaren oinarrien ustezko sendotasuna.
Barbie & Ken