Zergatik idazten da frantsesez Pays basque, minuskularekin?
Zergatik idazten da frantsesez Pays basque, minuskularekin? –
Le Tour-a dela eta, Baskoniako zer irudi ematen duten medioek begira nengoela, ohartu naiz medio frantsesek Pays basque idazten dutela, basque hori minuskulaz, Pays Basque, Basque maiuskulaz idatzi beharrean.
Arraroa egiten zait eta hemen nator norbaitek zehatz ezagutzen badu zergatia argitu diezadan, ez baitut argudio baliagarririk arkitu. Ikus Le Grand Départ inguruan emandako begiradan Le Monde, Le Figaro eta Liberation-ek zela idazten duten.
Ez dute berdin jokatzen izen konposatua duten zenbait lurraldeekin, Sri Lanka, Costa Rica, Puerto Rico edo Pays-Bas, deituraren izen biak maiuskulaz idazten dituzte. Honek emango luke pentsarazteko estatu direnei uzten dietela izeneko bi hitzek maiuskulaz idazteko beta, baina hori ere ez da arrazoia.
Begiratu dut ere Wikipedia.fr-en Frantziako pays desberdinei zela deitzen dien, maiuskulaz idazten dituzte gehienak, ikus hemen, baina minuskulaz idazten dituztenak ere ugari dira, Pays normande, Pays de lacs, etab. Pays de les basques, Euskaldunen lurraldea edo itzuliko litzatekeena, esango balute moduan.
Dena den, basque hori adjektibo bezala erabilia da. Hau da bitxia, guztiz arrunta den hitza, Pays, maiuskulaz eta, karakterra ematen diona, basque, benetako sustantiboa izan beharko litzakeena, minuskulaz. Bestalde, esaterako propaganda egiten dutenean ez dute arau hau jasotzen Pays Basque, biak maiuskulaz idazten dute.
Kontrastatu dut honen zergatia Beñat Castorene-rekin eta berak ere zalantzak ditu. Hala ere gauza bitxia bidali dit, horrela dio: “Beharbada Pays basque, basque adjektiboa da eta manera berean erranen zuten Pays gallois edo Pays britannique edo germanique.; Ez dakit ere kontu hori sekula arautua izan den ere. Gainera, erreinu zaharrean ez dakit Pays Basque kontzeptua existitzen zen, baizik eta Pais de la Bort eta pays de Navarre eta Soule. Begira eranskina”. Eta hemen azpian bidali didan liburuaren azala, non La Bourt argi eta garbi ikusten den (XVI. mendeko liburu hau garrantzi handikoa Lapurdiko foruak ezagutzeko).
Beraz, inork zehatz baldin badaki honen zergatia, gustura jasoko nuke azalpena.
Berriro ere, eta ebidentzia honen aurrean, berresten dut izen konpaktua erabiltzearen alde egin beharko genukeen hautua. Baskonia deituko bagenio gure lurrari, deitura konpaktu eta bakarrarekin, ez genuke izango nahasketa hau. Egunetik egunera, Baskonia izena erabiltzearen aldeko argudioak metatzen ari dira.
Oso kontu interesgarria. Nik beti Pays Basque idatzi dut frantsesez baina artikuluak zalantza sortu dit. Lankide bati, frantziarra, galdetu diot zein den idazkera zuzena eta zergatik eta zera erantzun dit:
– frantsesez “Pays basque” ez da izen propiorik, eremu geografiko hutsa baizik, hortaz basque letra xehez idatzi behar da
– baina, “Pays Basque espagnol” (sic) idazten badugu orduan bai “Basque” letra larriz idatzi behar dugu, entitate administratiboa baita, E.A.E. alegia.
Bai interesgarria frantziar horren esplikazioa. Izaitekotan,berriz ikusten baduzu mesedez galda ezaiozu Pays basque français idatziko lukeen ala …
Frantziako euskal eremua izan zitekeen eremu geografiko hutsa, baina beste batzuk ere berdin zitezkeen eremu geografikoak eta maiuskulaz idazten dituzte.
Diot “zitekeen” urte batzuk badirelako Communauté d´aglomération Pays Basque ofiziala dena habian dela eta biak maiuskulaz idazten dituztela.
Pays Basque espagnol, ofizialki ez da existitzen. Lege horrekin Pays basque espagnol beharko luke.
Eta Beñat-en galdera benetan inteligentea.
Hausnarketa interesgarria da.
Hala ere, nire iritziz, askoz interesgarriagoa (eta esanguratsuagoa!) litzateke galdetzea (eta ikertzea) zergatik gazteleraz (alegia, uve hizkia ahoskatzen ez den hizkuntza batean beraz) idazten ote diren uvez “Vasco” nahiz “Vizcaya”, eta munduko gainerako hizkuntzetan, aldiz, bez.
Eskertuko nuke honen inguruko argibideren bat.
Besarkada bana.