Locarnoko Zinemaldian estreinatuko da “Negu Hurbilak” fikziozko filma

Locarnoko Zinemaldian estreinatuko da NEGU HURBILAK fikziozko filma –

Negu kolektiboaren lanak Cineasti del Presente sailean izango du mundu mailako estreinaldia, abuztuaren 9an.

Bartzelonako D’A Film Festival zein L ’Alternativa, Tarragonako REC, Xixongo Semilleru LAB edota Palmako Atlantida Film Fest jaialdietako industria sailetatik igaro ondoren, Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatuko da Negu Kolektiboaren lehen fikziozko film luzea.

Cineasti del Presente sailean lehiatuko da, mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa atalean. Abuztuaren 9an izango du lehenbiziko emanaldia.

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Zubietan (Nafarroa) burutu dituzte errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur izango du lanak aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.

Negu kolektiboak zuzendu du filma; Maluta* films eta Cornelius Films dira ekoizleak.

Sinopsia

ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du.

Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da.

Locarnoko Zinemaldian estreinatuko da NEGU HURBILAK fikziozko filma

Negu Kolektiboa

Negu Kolektiboaren sorkuntza da honakoa; Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék, Xalba Ramirezek eta Adrià Rocak idatzia; Ekain Albite eta Edu V. Romero arduratu dira edizio lanez. Javi Sevak egin ditu argazki-zuzendaritza lanak, eta Justina Monserrat aritu da arte-zuzendari.

Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen babesarekin, Ritxi Lizartza eta Mikel Mas dira filmaren ekoizleak. Halaber, Carlota Darnell eta Roos Van den Heuvel aritu dira ekoizpen exekutiboan; eta Guille Ortuño ekoizpen-elkartuan.

Talde artistikoari dagokionean, Jone Laspiur da aktore profesional bakarra, eta Zubietako herritarrak gainerakoa protagonistak: Beñardo MutuberriaAna HualdeMarkos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban.

Locarnoko Zinemaldian estreinatuko da NEGU HURBILAK fikziozko filma