Hipokresia jauregian

Hipokresia jauregian –           

Agian indarrean nago, nire odolak beroari eusten dio eta horrek ondorioak ditu, baina, nire ustez, uka ezina da, gaur egun bizi dugun egoera honi -gaur bezala- aurre egiten badiogu,  Nafarroan historia erabat aldatzetik hurbil gaudela esango nuke. Zentzu horretan, eskerrak eman behar dizkiegu, euren ahalegin, borroka, porrot, nahiz garaipen txikien bidez, aurrean dugun ibilbide hori ahalbideratu duten guztiei, bai jauna.

Hipokresia jauregianHerriaren erabakitzeko eskubidea defendatzen duen, aukera politiko baten sustatzailea naizen heinean, jakin badakit, bertako aginduek zer punturaino osatzen duten, -nola edo hala-, gure lehendabiziko esku-hartze eremua. Eremu horretan, gutariko bakoitzaren bizia eta etorkizuna ez ezik, gure herriaren etorkizuna ere badago jokoan. Era berean, munduari begira zabalik dagoen leihoa da, baina baita halako hesi bat ere.  Leihoa da, mundu zabalean dauden beste gizon-emakumeen borrokarekin bat egitea ahalbideratzen digulako. Eta hesia, berriz, gatazketan ez delako batere erraza izaten, ageriko arazoez haratago ikustea.   

Ondo baino hobeto ulertzen ditut, eginkizun nazionala erantzukizun osoz landu arren, eta halako arazo unibertsal batekin topo egiten duten idazle eta politikariak. Hala ere, ez ditut onartzen, tarteka “munduko hiritartasun” hori aldarrikatzen dutenek, unean uneko erantzukizun zehatzetatik ihes egiteko.

Dena dela, gaurko egoera honek, ez dauka inolako zerikusirik garai bateko bizitza politikoaren inguruan suma genezakeen humanismoaren “inertzia erosoarekin”. Gaur egungo eginkizun politikoak -sigla bat edo besteren babespean- zerikusi gutxi dauka, Amadeo Marcoren garaiekin. Harrotasunez “riau-riau” hura eutsi, eta txinatar mandarin antzera, Nafarroa osoa kudeatzen zutenekin. 

Azkenaldian, nire ustez arduratzekoa den errealitate bat antzeman dezakegu Iruñeako bi erakunde nagusien izaera, “eredugarri” bilakatzen ari baita. Duela gutxi arte, astakeria handiena eginda ere, ezer gertatzen ez zenaren baieztapen ikaragarriak, kalte handia eragin zion Nafarroari, eta ez bakarrik kanpora begira, baita lurralde barruan ere. Osmosia ukaezinezkoa baita. Horren guztiaren emaitza suntsitzailea zen erabat. Izan ere, erakundeak “Migueliko” jaunaren estiloari jarraikiz kudeatzeak, hau da, ezagutzaren ordez harrokeria baliatzeak, pertsona haserreak, axolagabeak eta ankerrak bilakatzen bai ditu kudeatzaileak. Egiari zor, ez sobera gomendagarriak, demokrazia sasoian.  

Atzera begiratuko bagenu, baiezta genezake -harrokeria pixka batekin bada ere- arazo metafisiko baten aurrean gaudela; zer gara norbanako gisa, eta zer herri gisa, gaur. Hori horrela, eta etorkizunera begira, Nafarroako gizarteak egun bizi duen gatazka ideologikoen barru, ebatzi beharko du; humanismoarekin bat datorren norberekeria garatuz, edota, gizarte aurrerakoi bati hurbilduz, herritartasuna landu.

Azken finean, onartu behar dugu, herrialde, nazio eta herri guztiek arazo nagusi berberari aurre egin behar diotela;  justizia sozialean oinarrituriko bakea.

Denok “egokitu” gara gure ingurura: geroz eta handiagoak diren bukaezinezko pribilegioetara batzuk, eta urritasun nahiz eskasiara besteak. Bizitzaren karrusel horretan, dena bat batekoa dela dirudien arren, ezer ere ez da inprobisatzen, izan ere, erabakia gutxi batzuek hartu arren, makina bat dira laguntzen saiatzen direnak.

Azken hori atsekabez diot; baina halaxe da. Iruñean hara eta hona ibiltzen naizenean, Sarasate Pasealekuan, sarritan gurutzatzen ditut aspaldiko ezagunak -ile zuriak batzuk, eta ia ilerik gabekoak besteak-, filosofia marxistan esperientzia izan arren, maila pertsonalean jokabide erreakzionarioa dutenak. 

Lehen aipaturiko “egokitzapenaren” produktua dira, zalantzarik gabe. Gogorra egiten zait ezagun horiek irribarrez agurtzea, eta seguru nago nabaritu ere egiten zaidala, izan ere, pertsona horiek dira, “intelektualak” -diren aldetik- kalte gehien eragiten dutenak, amaigabeko espainiar trantsizio honetan bizitako hamaika arazoen aurrean, “sorbaldak jaso”, besterik egin ez dutelako.

Mingarria da hori, oso mingarria, eta GALek erail zuen adiskide bezain lagun nuen Santi Brouard-ek Bilbon esandakoa datorkit burura: “Jakina denez, hipokresia da demokraziaren arte ederretako bat”. Egia latza, baino egia.

Zenbait egun  barru -ez askorik-, Nafarroako gizarteak beste galdera bat izango du mahai gainean. Denbora laburrean bigarrena.

Hemen galdera; 2023. urtean, XXI. mendearen hiru garren hamarkada jorratzen ari garenean, kapitalismoa nagusi den aro honetan, eta PSN nafar jator bezala “makilatzen” denean, nork egingo die aurre Nafarroan milaka eta milaka familiek bizi duten eskasia  egoerei? Hau da, UPN-PSN-PP hirukoteak -bere garaian- diru publikoaren kudeaketa anker bezain lotsagarriaren ondorioz sorrarazitako beharrei?

Mugara heldu gara. Nafarrak urte askoz pairatu dugu alfer eta harro bezain gezurti diren belaunaldi baten kudeaketa. Ezinezkoa zirudien arren, “Miguelico” eta Barcinak, gainditu bai zuten,  Urralburu, Aragón eta Otano bezalako “sozialisten” gaizkile ezagunen jarrera. 

Lehengo gaizkile eta oraingo hipokriten arteko Ibilbide nekagarri honek, bidegurutze batera ekarri gaitu, gure erakundeetan zintzotasuna ezartzeko bidea erakusten digun bidegurutzera, alegia.

Izan gaitezen objektiboak, eta jarrai dezagun hipokresiari bidea estutzen. Eutsi goiari.

Hipokresia jauregian Hipokresia jauregian

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.