EHZ, Irisarrin eginen den azkena
EHZ, Irisarrin eginen den azkena –
Ekainaren 30etik uztailaren 2ra iraganen den EHZren 27. edizioa Irisarrin eginen den azkena da. Heldu den edizioa beste nunbait eginen da.
Lau edizioz auzolanaz berpiztu eta berreraiki den festibala azalberritzera doa beste haizeetara. 2019an, ehunka galtzagorrik Irisarriko eskola zaharrari bizi berri bat eman zioten. Abentura ezezaguna zen talde gaztearentzat: hainbat belaunaldiren lekukoa harturik, Irisarrira iritsi ziren EHZri geltoki berri bat eskaintzeko Baigura lekuko.
2019ko edizioko sorpresa ederren ondotik, 2020ko ezeztatzea etorri zen, pandemiaren eraginez. Buruhauste eta mugak gaindituz, 2021ean arnasgune bat bilakatu zen festibala eta geroztik, handituz joan da EHZ. Laguntzaileok ere handituz joan giren bezala. Irisarrik eta irisartarrek EHZren lekukoa aldatzea eta festibala egonkortzea ahalbidetu digute. Irisartarrek goxoki hartu gintuzten, lagundu gintuzten eta konfiantza egin zioten 2019an hurbildu zitzaien gazte talde hasiberriari. Festibalak Irisarriko pentzea, plaza eta bazterrak kulturaz bete ditu, beste herrietan bezala bere aztarna uzteko xedearekin. Bost urtez EHZ euskal kulturaren arnasgune eta plaza garrantzitsu bat izan da eta hola segi dezala.
.
EHZ bidaia bat da
Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZak segituko duela. 1996an abiatu zen bidaia bat da EHZ, edonondik heldu den edonorentzat euskararen munduan barneratzeko bidaia bat: Arrosatik, Irisarrira, Idauze- Mendi, Heleta eta Lekornen barna.
Denboran bidaiatzea da EHZ. Festibalaren sortzaileen seme-alabak egun laguntzaile izatera eraman dituen bidea. Bihar ere gehiago izanen dira, amets, ideia eta indar berriekin, egiteko manera berriekin. Laguntzaileek erabakiko dute ondoko hilabeteetan EHZren hurrengo geltokia. EHZ etengabe azalberritzen da: gaur eta biharko belaunaldiek, elkarlanean, esperientziak eta koloreak elkar-korapilaturik, EHZ-ren Herensugea xingola berriekin janzten segi dezatela.
.
Aurtengoa, forma hartzen
Atzoko, gaurko eta biharko laguntzaileak aritu gara lanean azken egunetan EHZren muntaketan. Bi egun gelditzen dira EHZ hasi aitzin eta lehenik eskertu nahi genituzke joan den ostegunetik egunero Euskal Herriko xoko guzietatik muntaketarat hurbildu diren ehunka laguntzaileak. Zabore berezia duten eskukaldiak ere ukan ditugu. Larunbatean Don Bosco-ko errefuxiatuak jin dira, Erlaitza eskola, Estitxu Robles kolegioko hirugarrenak… Plaza, pentzea, haurren xokoa, antzerki gunea, Ospitalea etxea, akanpalekua, festibaleko xoko guziak forma hartzen ari dira.
Haiei esker eta hiru egunez aurtengo Herensugea gorpuztuko duten 500 laguntzaileei esker ospatuko da ahanztezina izanen den aurtengo edizioa.
.
Autobusak eta sarrerak
Autobusak: Aurten, iparraldeko leku ezberdinetatik autobusak antolatuak izanen dira, Maule, Garazi, Baiona eta Hendaiatik. Txartelak ehz.eus webgunean salgai dira 6€-tan.
Ekainaren 29a arte (barne) 3 eguneko sartzeak 60€-tan aurresalmentan salgai dira eta egunez eguneko sarrerak ere eskuratzen ahal dira. Egunean zehar plaza urririk izanen da.
Tokian berean sarrerak eskuragarri izanen dira. Bertan hiru eguneko txartela 65€-tan izanen da, ostiral edo larunbateko sarrera 25€- tan eta igandekoa 19€-tan.
EHZ, Irisarrin eginen den azkena