Hamsterrak

Hamsterrak –

Bizitza nola ikusten dudan galdetu didazu gaur, heriotzak zangotrabatu nauen egun berean. Bere buruaren inguruan kaiolan bueltaka dabilen hamsterra sentitzen naiz, nora noan galdetu ere egin gabe aurrera, askotan korrika. Bizikletan ibiltzen naizenean nabaritzen dut. Zer da bizikletan ibiltzea niretzat? Bideaz gozatzea ala leku batetik bestera mugitzea? Askotan, bizikletan nabilela, iritsi beharreko lekura azkar iristea dut helburu, pedalei ematen diet etengabe, ahalik eta azkarren, iritsi egin nahi dut, bidean zehar inguratzen nauena begiratu ere egin gabe. Maiz korapilo bat sentitzen dut lepoan, eta arnasa estu. Bizitza askorentzat hori dela ikusi dut azken egunetan; azkar eta estu, pedalak gogor zapalduz, bidearen bukaerara iritsi nahian, presaka. 

Hamsterrak
mordilla-net

Bidea amaitzean hor dago gure zain. Batzuetan espero dugu, bestetan ezustean harrapatzen gaitu. Eta bizikletan azkar goazen arren, inoiz eta inor ez gaude prest emango digun kolpea sahiesteko. 

Telefono deia izan da, telefonoa eskegi eta kaiolatik erori da hamsterra, bere presakako eta ordutegiz beteriko bizitza jarri da hankaz gora. Momentuaren zain zegoen arren, prest zegoela uste zuen arren, erori egin da. Gurpila eten da, errutinaren zurrunbilo hori orain kanpotik ikusteko aukera du; urrunetik ikusteko aukera dut. Izerdi hotzak blaitu nau eta hemen nago, leihoaren izkina eguzkitsuan eserita, milaka gauza ditut egiteko, milaka ordutegi betetzeko, baina sentitzen dudan min honek gure egunerokoa zein zoroa eta zentzugabea den besterik ez dit kontatzen. 

Denbora gelditu egin da, denbora gelditu egin duzu, joan egin zara eta ezezagunen ezpainetako gorriz bete ditut masailak. Askorekin odola elkarbanatzen omen dut, beste asko zure bizitzan zehar garrantzitsuak izan omen dira, eta heurek ere, nik bezala, sentitzen dute zu joatearen mina. Denek sentitzen dugu orain zure hutsunea, eta nola bete. 

Ilea urdinduta duen gizonkote zaharrak otoitz egin dizu. Otoitz egiten dute askok horrelako uneetan, zeru gainetan dagoen beste zerbaitek zaintzen omen gaitu eta zu ere hara joan omen zara. Nik ez dut sinesten, baina ulertzen dut –gaurkoan ulertu dut– hutsune hau betetzeko zer beharrezkoa dugun zerbait gurtzea, eskuetatik irrist egiten digun heriotzari, bizitza zentzugabe honi, zentzua eman nahian edo. 

Ostiralero bezala, trenera noa, beti 18:15. Jendea sartu, jendea atera, jendeak barre, jendeak lo. Hamsterrak hemen elkartzen gara, bakoitzak egin beharrekoak egiteko bidea partekatzen dugu hogei minutuz. Gaurkoan ordea kanpotik begira nago, ez naiz zuek bezalako hamsterra sentitzen, zerbait gertatu da nigan, zerbait galdu dut. Eta nahiz eta trenean beti bakarrik noan, gaur inoiz baino bakarrago eta ahulago sentitzen naiz, uste dut ez dudala zu gabe errutinara itzultzeko indarrik izango. 

Egunak astiro igaro dira, zu gela horretan zaude, jendea sartu eta ateratzen den gelan. Asko negarrez irteten dira, beste batzuk isilik, batzuk ez dira sartzen. Bizitza osoan egin duzun bezala, orain ere hor zaude, patxadaz, maite dituzunen mina goxatzen. Jendeak bere mina zugan gorpuzten du eta beraiek zu agurtzen ari direla uste duten arren, zu ari zara haien mina pixka bat sendatzen. “Lasai” esaten diezu, begiak eta ahoa itxita dituzun arren. “Lasai”. Nire unea ere iritsi da. Ez nuen asmorik, baina zugana erakarri baninduzu bezala iritsi naiz kristalaren ertzera. Gora begira zaude, begiak itxita eta lasai. Aspaldian ikusi ez zaitudan bezala, lasai zaude. Laban izoztu batek gorputza zeharkatu badit ere, negar zotinak astindu banau ere, lasai zoaz eta ez dago zu lasai ikustea bezalakorik.

Hamsterrak Hamsterrak