Etenaldia

Etenaldia –

Hogeita bi urte beteta ekin diogu hogeita hirugarrenari gizakiok, eta dagoeneko XXI. mendea badoa aurrera apurka-apurka. Aurreko mendea ez zen samurra izan, aitzitik bi Mundu Gerra handiek eta bestelako izugarrikeriek ezaugarritu baitzuten. Hala ere, bazirudien zer edo zer ikasita sartu ginela mende berrian, baina alferrik, egungo egoerak kontrakoa adierazten digu.

Etenaldia
Arg: Pixabay

Duela bi urte, maiatzeko lehen egunetan, lagun kuadrilla bat asteburu pasa joan ginen arabar mendialdera, eta afalostean, etxeratze agindua urratzetik gertu, ohera joatekoak ginela, zeruan, argi multzo izugarria ikusi genuen parabola eder bat egiten, sorginaren trena osatzen. Ikusi, eta oraindik ahoa itxi ezinda, ezpainei kosk eginik, bat-batean, argi-trena ortzi mugan desagertu zen.

Geroago jakin genuen, aurten ere ikusi diren Elon Musk aberatsaren Starlink satelite sorta jaurtiketak zirela gau hartan guk ikusitakoak. Niretzat, gau hartan sartu ginen XXI. mendean. Ondoren, gizakiak agindu gabeko dron batzuen erasoa izan zen Libian, eta sateliteen kontuak asaldatu egin banindu, erasoak erabat kezkatu.

“Inork demokratikoki erabaki gabe etxeko sukalderaino sartu zaigu, eta zail izango da kaleratzea”

Orain, Adimen Artifizialaren txanda iritsi da, inork demokratikoki erabaki gabe etxeko sukalderaino sartu zaiguna, eta zail izango dena kaleratzea. Benetan, izua sorrarazten duen gaia, are gehiago, hainbat jakintsuri entzun ostean balazta sakatu beharra dagoela gai honen kudeaketan, gainera, nork ez daki zer eragin izan dezakeen gizakiok dar-dar batean jarri dugun ekosisteman, eta inolako kontrolik gabe ari da hedatzen. Are gehiago, Adimen Artifizialak erabakiak hartzerako orduan gizakia ordezka dezakeen lehen erreminta izan daiteke, eta horrek demokraziaren oinarriak deuseztatu eta diktadura digital batera eraman gaitzake.

Stephen Hawking, Noam Chomsky eta berriki, Yuval Noah Harari bezalako pentsalari eta zientifikoek arriskuaren larritasunaz ohartarazi gaituzte, baina munduan ezarri den kontrol demokratiko eza, gizakiaren ahuldadearen ispilu. Aurreko asteetan, Adimen Artifizialaren sortzaileetako bat, Geoffrey Hinton, gai honen inguruko arriskuez argi eta garbi mintzatu zen: “Gizarteak zer den egia eta zer ez, ez jakiteak larriki kezkatzen nau”. Eta teknologia honen inguruko behin-behineko etenaldia eskatu zuen. Ez da bakarra, dagoeneko 30.000tik gora pentsalarik eskatu baitute gauza bera. Hawking zuzena izan zen, Lurra planetatik Adimen Artifizialak kanporatuko du gizakia, ez besterik. Esperantzari zirrikitu bat ireki nahi badiogu, demokraziaren eta giza duintasunaren izenean, Adimen Artifiziala garatzeko programen berehalako etenaldia behar dugu.

ALEArentzat egindako kolaborazioa

Etenaldia

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz