Batera

Batera –

Xabier Euzkitzek Deia egunkarian.

Espainiar herritartasunak ez du pizgarri handirik ematen, ez da oso iradokitzaile eta tentagarria, baina geure sentitzen ez dugun herri bateko nortasun agiriak poltsikoa erretzea baino zerbait gehiago behar da, baldin eta egoera aldatzeko benetako baldintzarik sortuko bada.

BateraAberri Eguna bat da, bat behar du, ez bakoitzak berea. Paradoxikoa da alderdi abertzaleek, urtea joan eta urtea etorri, elkarrekin ospatzeko erakusten duten ezintasuna; etsigarria da helburu gorena norberaren interesen gainetik jartzeko zinezko ahaleginik ez egitea; etsipen horren erakusgarri da batzuen eta besteen oinarri sozialek buruzagiei lepoa gehiago ez estutzea: e!, egingo al duzue deialdi bateratua behingoz! Atzo Donostiako Miramar jauregian mamitu zen siglez eta alderdienganako leialtasunez haragoko grina hori: Euskal Herria Batera. Mila kolore, ikuspegi eta ñabardura –eta errezelo, zergatik uka!–, amesten eta sentitzen dugun etorkizunera eramango gaituen nahiaren hats denok. Batzuen eta besteen artean osin ideologiko sakona, praktikek sakonagotua, zauri zornatuak, min eztitu gabeak. Ez, ordea, elkarren katebegi garela ikusten eta sentitzen ez uzterainokoak. Inor bazterrean utziko ez duen nazio bateko kide izan nahi dugu, iritsi berriarena bertan jaiotakoona beste, ñabarra, koloretsua, irekia, justiziazkoa, berdinzalea, arrotzik gabea. Hori galarazten diguten egiturak ez ditugu hitz hutsez eta hutsalez inarrosaraziko, ezta afera ideologikoki gertukoen ditugun buruzagien esku uzteko dugun ohitura otzan errotuak ere. Herri horretarantz zinezko ahalegin bateraturik ez egitea da ulertuko eta barkatuko ez dugun huts bakarra.

Batera

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.