Supersuper

Supersuper – 

Supersuper

Apirilaren 5a, jaiegun handia. Supersur deituriko autopista ireki da Bizkaian. Supererosoa, superazkarra, superzabala; hala dioskue publizitate iragarkietan. Seberetxe zulatu digute, gutxietsi Bolintxu, Arnotegi andeatu. Gauden denok pozik. Goazen denok freeFlow bidesaria baliatuz Buiako plazatxora, ospa dezagun egun handia bozgorailuetan on sakatuz eta dantza alaian murgilduz: Super superman, super-moving, super-touching, super-loving. Jo ezak berriro, Mielbose.

Euskal Herrian hogeita hamar urtean 42.500 hektarea artifializatu dira, historia osoan baino gehiago. Lagun batek esaten dit Pradalesek ez dituela belardiak maite, ezta Ortuzarrek baratzak. Baina aurrerantzean minututxoren bat azkarrago helduko gara. Presaka, beti presaka, inora ez iristeko. Jeltzaleak aldatzear omen dute ikurraren kolorea, orlegitik griserako trantsizioan dira dagoeneko. Nuria Lopez de Gereñuk, sailburu zelarik, duela hamasei urte adierazi zidan agortuta zegoela trafiko arazoak konpontzeko errepidetzarrak eraikitzeko sasoia, ez zutela eskaintza handituko, bazekitela hori ez zela konponbidea.

Ikus dezakegunez, lehengo lepotik burua. Eibartarra patronalaren zuzendaritzara joan zen, baina ondorengoek ildo beretik gidatzen dute, gaituzte. Negutegi-efektuko gasen isurketek Urkullu lehendakariak larrialdi klimatikoa aitortzea eragin zuten, eta motordun garraioa da sektorerik kutsakorrena eta eboluzio okerrena duena. IPCCk gainbeheraren froga argiak erakutsi ditu, norabide aldaketa behar dela ohartaraziz. Baina EAJk ez ikusiarena egin du errealitatearen aurrean, ez entzunarena zientziaren oharpenen aitzinean. 1990az geroztik, errepide bidezko garraioak gasen isurpena murriztu beharrean, bikoiztu egin da. Zein da da EAEn agintzen duen alderdi nagusiaren irtenbidea?

Hymel, Hsu eta Zhang, García-López, Duranton eta Turner, Goodwin eta Hass-Klau… hainbat dira ikertu eta frogatu dutenak autobide eta autopista gehiago eraikitzeak ez duela errepideetako trafiko-ilaren arazoa konpontzen, areagotu baizik. Eragindako eskariarena zeharo frogatuta dago. Baina jakina da eraikuntzaren patronalaren garroak luzeak direla, eta gozoak gerora eskaintzen dituen sariak. Agian urte batzuk barru Ahoztar Zelaietak argituko digu non dabiltzan oraingo erabakiak hartzen ari direnak.

Ikerketak ikerketa, mila milioitik gora balio izan duen Supersur amaituta, itsasadarraren azpitik eraikiko dute seiheun milioiko zuloa eragingo duen tuneltzarra. Jolasak ez du etenik. Berriki jakinarazi dute azken bost urteotan ibilgailu motordunen trafikoa nabarmen areagotu dela, NEGen isurketa handituz. Pradalesek izango ditu berriro hondeamakinen giltzak datorren legegintzaldian? Supersur egiteko, 21 bidezubi, 5 tunel bikoitz, 2 tunel faltsu. Ama Lurra zulatuz gozatu ostean, poz-pozik agertzen da kameren aurrean. Hori da mugikortasun-eskaria kudeatzeko duen metodoa? Hori klima-krisiari aurre egiteko era? Lege zaharra, bistan denez.

Bolintxuren haranean, dantzak jarrai dezan, Obus-en aspaldiko kanta entzuten da. Metal soinuak ordu txikitan: “Ametsen sasoia joana da… egunero zubi bat gehiago, autopista berri bat, hotza, erraldoia, zabalagoa eta krudelagoa… berorretik noa itsu-itsuan, gasolina errez”.

Supersuper

Irakaslea

Zer duzu buruan “Supersuper”-ri buruz

  • Jeltzaleen hipokresia mailak ez du hitzik. Pena erabateko gizarte domestikatu batean bizi garela eta diruzale hauek boteretik ezin ditugula kanporatu. Herria lo dago eta jeltzaleek anestesiaren monopolioa daukate.