Pantailan kabitzen ez den memoria
Pantailan kabitzen ez den memoria –
Urtzi Urkizuk BERRIAn.
Azkeneko bi urteetan entzundako esaldia, hauxe: «Gaur egun, ikus-entzunezko produkziorik ez duen herri batek ez dauka errelatorik». Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak errepikatua, baita Unai Iparragirre ETBko zuzendariak esana ere. Foro dezentetan. Kontakizuna modu desberdinean uler dezake herritar bakoitzak, argi denez. Baina hedabide publikoek herritar guztien kontakizunari tartea egin behar ote dioten jarri behar al da zalantzan?
Ikusi gehiago: Errelatoa, Gogora-k gerritik lotuta
BERRIAk argitaratu berri duen moduan, telebista publikoak uko egin dio intsumisioaren gaineko dokumental bat emateari, «alderdikoia» delakoan. Intsumisioaren garaipenaren lekukotzak bizikidetzaren aurkakoak al dira?
Altsasu telesaila, behintzat, «bizikidetzaren aurkakoa» dela ulertzen du egungo EITBko zuzendaritzak, eta horregatik ez du eman gaztelaniara bikoiztutako bertsioa. Nahiz eta baden datu bat aintzat hartzekoa: 2020ko abenduan estreinatu zuen ETB1ek telesail hori, eta lehen atalak %63ko ikusle kuota lortu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 13 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Gazteak edukiekin kateatzeko saiakera jasoa dago EITBren estrategia planean, baina gazteen %63 erakarri zituen telesail bat ez zaie baliagarri.
Maddalen Arzallusek Euskadi Irratian Ion Paroti buruz kantatutako bertsoak ere «elkarbizitzaren aurkakoak» ziren, eta horregatik kendu zituen Aldekoak.
Horiek horrela, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ez al ditu irizpide horiek berak erabiliko egitasmo batzuei ezezkoa emateko? Noren apetaren araberakoa da eduki bat «bizikidetzaren aurkakoa»? Jakinda Gogora-ren ezezkoak ETBren laguntza eta emisioa galtzea eragingo diola ikus-entzunezko proiektu bati, are larriagoa bihurtzen da auzia.
Bitxia da, zeren Eusko Jaurlaritzak berak agindutako torturaren inguruko txosten batean oinarritutako dokumental bat ere ez du hastapenetan babestu Jaurlaritzaren erakunde batek, ez ETBk ere. Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak egindako tortura kasuak ageri dira hartan, zorroztasunez.
Bestalde, sarri komeni izaten da atzerriko ahots kualifikatu bati galdetzea auzia nola ikusten duen. Ikus-entzunezko zenbait egitasmok EITBn eta Gogora-n egin behar duten bidearen berri izan du Erresuma Batuko ekoizle eta zinemagile batek. Erabakia kirtenkeritzat jo du, eta horren atzean «zentsura gogorra» dagoela esan. Herritarrei egia, errealitatea eta kultura ezkutatzeko asmoa ikusten du. Politika atzerantz egiten ari dela aipatu du: «Garai ilunetara». Haren iritziz, adierazpen eta prentsa askatasuna da demokrazia bat eta diktadura bat bereizten dituena.
Bistan da Euskal Herrian ikus-entzunezkoetan lan egiten duten sortzaileak eta ekoizleak ez direla ausartuko halako hitzak erabiltzera. Muturrekoegiak badira ere, kanpoko iritzi kualifikatu bat da Erresuma Batuko ekoizle horrena. Bat gehiago.
Gertuagoko herrialdeei begiratzea ere aukera bat da; Kataluniara, esaterako. Hango telebista publikoak badu Sense ficció izeneko dokumental saio bat, gizarte eta politika gai arantzatsuak jorratzen dituzten ikus-entzunezko lanak emateko. Erreferentziazko emankizun bat da, eta, asteartero, prime time ordutegia arrakasta handiarekin betetzen ari da azkeneko urteetan. Ematen diren lanek ez dute Generalitateak sortutako erakunde baten zigilurik eduki behar; are, ez dute hatzez aukeratutako politikari batzuen filtrorik pasatu beharrik ere. Programa horretan eman izan dituzten dokumental batzuk euskal gatazkarekin lotutakoak dira, eta ikusle datu onak lortu dituzte. Emanaldiek ez dute kontrako protestarik eragin.
Fikzioan, EITBko zuzendaritzak esana du ez diola jarraituko Altsasu-ren bideari. Martin Ibarbia ETBko lehen programazio zuzendari eta Orio ekoiztetxeko sortzailearen arabera, ETB Madrilera begira aritu izan da, «gehiegi» [BERRIA, 2022ko abenduaren 18a]. Baina Bilboko egoitzatik Madrilera tentuz begiratuko balu, zera topatuko luke ETBk: Espainiako TVE telebista publikoa Poliziaren errepresioaren eta trantsizioko urteen «alde ilunaren» inguruko telesail bat prestatzen ari dela, Demokracia izenekoa. Eta Atresmedia talde pribatuak Las noches de Tefia telesaila estreinatuko duela hemendik gutxira, 1954tik 1966ra Fuerteventuran (Kanaria uharteak, Espainia) egon zen kontzentrazio eremu frankista baten inguruko lana. Rodrigo Sorogoyen zinemagilea, berriz, 36ko gerrari buruzko telesail bat egitekotan da; azken kasu horretan, Movistar Plusek bertan behera utzi zuen proiektua. Ez baita komeni Madrilekin tematzea. Beste herrialde batzuetan ere ari dira azkenaldian gai arantzatsuak dituzten telesailak estreinatzen. Baina ETBk eten egin du bide hori, elkarbizitzaren izenean.