Kargua hartu eta berehala
Kargua hartu eta berehala –
Ni sekula santan ez naiz sentitu politikari, eta, askoz gutxiago oraindik politikari ona. Horretarako, nik uste dut, prestakuntza handia behar dela, eta, baita balio izatea ere. Nik biak faltatu izan ditut bizitza honetan. Hala eta guztiz ere, pertsona batzuen bultzadaz, mende honen hasieran, eta, zehazkiago esateko, 2003tik 2007a arte, Iruñeko Udalean, zinegotzi izatea egokitu zitzaidan, oposizioan eta gutxiengoan, gainera.
Jarraitu baino lehen, komeni da esatea, ordurako, urteak eta urteak zeramatzatela kolektibo askok, Iruñeko udaletxeko sarrera nagusia egokitu zedin pertsona guztientzat, hau da, etxe hartako ezkaratzean barna sartu ahal izan zitezen modu normalizatuan, mota guztietako pertsonak, alegia, aulki gurpildunak, errenak, bastoi eta makuludunak, itsuak, erdi-itsuak, eta, laburbilduz, desgaitasunen bat zuten gizaki guztiak.
Gauzak hala, eta, guri kargua hartzea egokitu zitzaigun egunean, ekitaldi serio hura bukatu bezain azkar, uste dut, protokoloak agintzen zuela otamen bat hartu behar zela udaletxeko areto nagusietako batean. Hartan ari ginela, bada, bat-batean, Yolanda Barcina Angulo izendatutako alkate andre berriak, niregana hurbildu eta zera da esan zidan lehengo gauza, eta, erabakitasun handiz, gainera, ni losintxatu nahian, seguru asko:
-Bai, bai, argi eta garbi zegok, Xanti: agintaldi honetan, udaletxeari sarrera nagusia egokitu beharko zaio, ezkaratzean barrena, pertsona guzti-guztientzat.
Nik, arrazoia eman nion, noski, pozak txoratzen, gainera. Zer egin behar nuen bestela?
Handik aurrera, Udaleko Hirigintza Batzordea genuenean, tarteka-marteka, alkate andreari galdetzen nion ea nola zegoen gai hura, hots, udaletxeko sarrera nagusia egokitzearena.
-Dagoeneko proiektua enkargatuta zegok, Xanti.
Aste edo hilabete batzuk igarotakoan, berriz ere galdegiten nion gai berari buruz, batzorde hartan.
-Jadanik proiektua egina zegok, Xanti, eta, orain, Vianako Printzearen Erakundekoek aztertu behar ditek ea betetzen ote dituen baldintza guztiak, eraikin honen etxe aurre nagusia babestua baitago, balio historikoa eta artistikoa du eta.
Era berean, beste aste edota hilabete batzuk iragan ondoren, berriro ere eskatzen nion informazio eguneratua Barcina andreari, batzorde berberean.
-Den-dena oso ongi zoak, Xanti; lasai! Gainera, Vianako Printzearen Erakundeko arduradunek, oniritzia eman ziotek proiektuari; horixe baitzen zailena lortzeko.
Nik, jakina, arrunt kontentu bukatu nuen batzorde hura; azkenean sinisten hasita bainengoen, behingoz, obra hura eginen zela, hainbat eta hainbat urtez itxaroten eman eta gero. Baina ezaguna da pertsona arruntengan, gutxitxo irauten duela zoriontasunak, kasu askotan, behinik behin, eta, aldi hartan ere, niri berdintsu gertatu zitzaidan, izan ere, hurrengo Hirigintza Batzordeetako batean, hauxe erantzun zidan alkate andreak, zirkinik ere egin gabe, nik galdetutakoan:
-Arazo larri bat zegok, Xanti, igogailua proiektatutako tokian jarriz gero, emakumezkoen komunei leku pixka bat kenduko baitie, eta hori ezin diagu inola ere onartu, nahiz eta Vianako Printzearen Erakundeak ontzat jo.
Pentsa daitekeenez, nik oraindik hamaika ahalegin eta bost gehiago egin nituen, ditxosozko igogailu hura udaletxeko sarrera nagusian jar zedin, baina, hona hemen, azkenik, zer erantzun zidan udalburuak, ni bere gainetik kentzeko-edo:
-Sentitzen diagu, Xanti, baina, azkenean, zera duk erabaki duguna, alegia, udaletxe osoan berritze lan orokorrak eta handiak egiten ez diren bitartean, ez dela egokituko sarrera nagusia; ez zegok besterik! Saioa bukatu diagu.
Eta halaxe, ahoa bete hotz utzi ninduen, azalpen logiko gehiagorik eman gabe; gaur arte. Beste askotan bezalaxe, orduan ere, bere hitza jan zuen, alajaina!, eta, beti bezain lasai gelditu zen, hala ere, andre guztiz ahaltsu ustezko hura, deus ere gertatu izan ez balitz bezala!
Horrela, bada, udaletxe hartan, lau urte haietan lan egin nuen bitartean, egunero-egunero sartu eta atera behar izan nuen eraikinaren atzeko atean barna, lapurrak eta gaizkileak bezalaxe, beste aukerarik izan gabe. Gainerako pertsonek, ordea, aurreko edota atzeko sarrera hautatzen zuten, komenentziaren arabera, eta, oso oker ez banago behintzat, gaur egun ere, esanen nuke, egoera berean gaudela mugikortasun murritzeko pertsonak.
Gero, gainera, behin baino gehiagotan tokatzen zaigu entzutea, hemen ez dela inor baztertzen eta diskriminatzen! Bada, ni bederen, beti sentitu izan nintzen bigarren mailako herritarra gai horri dagokionez, udaletxe hartan, eta, behin baino gehiagotan, auzo-lotsa ere gogotik sumatu nuen.