1912ko galerna Bizkaiko kostaldean

1912ko galerna Bizkaiko kostaldean –

Euskaldunok itsasoa izan dugu beti aurrean, itsasoa izan da guretzat jainkosa, izaki mugagabea, bizibidea, arrantza-lekua, bidaiatzeko aukera, beste lurrekiko lotura, bidaia eta abenturetarako pasabidea, bizimodu hobe baten promesa…, momentu on eta goxoen ekarlea eta baita heriotza sortzailea ere. Eta ez nauzue gerlez eta naufragioez bakarrik ari, galerna edo enbata gaiztoez baizik.

1912ko galerna Bizkaiko kostaldean
Etor-Ostoa

Euskarazko wikipediatik atera dut enbata edo galernaren definizio zehatza:  “Bizkaiko itsasoko kostaldean gertatzen den bat-bateko itsasoko haize-bolada hotz eta bortitza da. Haize mota honek bereziki udaberri eta udazken bitartean Bizkaiko itsasoaren  kostaldean izaten da. Egun beroetan fronte hotz bat agertzen denean haizearen tenperatura, norabidea eta indarra aldatzen dira. Haizearen norabidea mendebaletik ipar-mendebaldekoa izaten da eta indarra 100 km/orduko baino gorakoa. Zerua hodei beltzez betetzen da, horrekin batera euria, tenperatura eta presio atmosferikoa jaisten dira. Baldintza meteorologiko hauekin, itsasoa zakartuz batera olatu handiak izaten dira. Betidanik itsasgizonak enbaten beldur izan dira. Haize honen ondorioz itsasgizon ugarik bizia galdu izan du. Enbatek eragindako tragedien artean 1878an, 1908ko ekainaren 12an, 1909 maiatzaren 24an eta 1912ko agorrilean gertatutakoak gogoragarrienak dira.”

Eta wikipediako testuan aipatzen duten 1912ko galerna da orain lerro hauetara ekarri nahi dudana.  Horratx:

1912ko abuztuaren 12an, astelehenarekin, gaueko ordu ttikietan, sekulako galerna altxatu zen eta indarrez jo zuen euskal kostaldearen aurka, batez ere, Bizkai eta Gipuzkoako kostaldeak astinduz. Egun horietan gure arrantzaleak hegaluzearen arrantzan ari ziren. Lainoak den-dena estaltzen zuen, bat-batean, haize bortitz bat indarrez ufatzen hasi zen, itsasoan izugarrizko uhin edo olatu handiak sortzen. Galerna zen, enbata beldurgarria! Arrantzaleen ontzi ttikiak hor ibili ziren, olatu erraldoien artean, goiti eta beheiti, oihalak galduz eta oreka ezin mantenduz.  Azkenean, bata besteen atzetik, ontziak iraultzen hasi ziren. Sekulako tragedia izan zen; euskal portuetan ez dituzte horrelako asko gogoratzen. Heriok  Bermeoko, Ondarroako, Elantxobeko eta Lekeitioko 143 arrantzaleren bizitzak moztu zituen gau malapartatu hartan, horietako 116 hemezortzi eta hogeita hamar urte tarteko bermeotarrak izan ziren. Hildako bermeotarren kopurua Bermeoko biztanleria osoaren %1 izan zen. Aste horretan Bermeoko jaiak egitekoak ziren, eta bazeuden 80 ezkontza aurreikusita. Erdiak bertan behera gelditu ziren. Kostaldeko herriak alargunez eta umezurtzez beterik gelditu ziren.

Itsasoa aitzinean dugu, bizibide emankorra izan da euskal itsasgizonentzat, baina baita, zenbaitetan, heriotza ekarlea ere, 1912ko agorrilaren 12ko gauean Bizkaiko kostaldean gertatu zen bezala.

1912ko galerna Bizkaiko kostaldean

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “1912ko galerna Bizkaiko kostaldean”-ri buruz

  • Neronek euskaldun zenbaitek, oso euskaldun gutxik, apenas euskaldun batzuek…. Euskaldun gehien- gehienok itsasoaz ez dakigu deus ere, batzuek ezta igeri egiten ere