Euskal Herria anti-inperialista berrasmatu

Euskal Herria anti-inperialista berrasmatu –

Antolatuta eta herri mugimenduetan gabiltzanok, orokorrean, aho bete hortz geratzen gara albistegiak ikusten ditugunean. Batez ere, gertutik ezagutzen dugun errealitateaz ari direnean. Kostata ulertzen dugu zelan irentsi ahal duen jendeak hain agerikoak diren iruzurrak. Baina errealitateak islatzen digu baietz, herritar gehienek jasotzen dutena zalantzetan jarri gabe barneratzen dutela. Informazio pilaketa honek jarrera politiko zehatz batzuk sortarazten ditu jendartean.

Euskal Herria anti-inperialista berrasmatu

Orain dela gutxi, nire lagun batek, Errekaleorreko nire etxean zegoela, aitortu zidan beldurtzen zuela bere etxea oporretan okupatua izateak. Astakeri bat eman ahal du eta horrela bizi izan nuen nik galdetu zidanean hortaz, baina hotzean eta denboraz mamituta jarrera hori gure ghettoetatik kanpo ohikoena delakoan nago. Okupazioaren kontra abiatu duten ofentsiban denetarik asmatu eta desitxuratu dute, jendearengan okupazioari beldurra sortu arte. Egunerokotasunean pairatzen duten jabetza pribatuaren diktaduraz ohartu beharrean, kolokan jartzen dutenengan jopuntua kokatzen dute.

Okupazioaren adibidea beste aferekin parekatu daiteke. Hauetako askoren muina aski ezaguna da antolatuta gaudenon partetik eta aspaldi garaitu izan ditugu mass-medietan hegemonikoak diren diskurtsoak. Hala ere, zenbait kasuetan, oraindik erresistentziak aurki ditzakegu kolektiboki orokorrean garaitzeko bitartekoak jarri ditugun arren. Adibide argiena niretzat migranteen kriminalizazioa da; hezurretaraino sartu diguten beste sinesmen bat da hau.

Aztertzeko eremua zabalduz gero, hau da, gertuko bizipenetatik munduko gertakariei jauzia ematen badugu, Euskal Herrian, zenbaitetan, noraezean gabiltzala esango nuke. Ez dugu ondo garatuta ezta ondo hedatuta hedabideetatik zabaltzen duten mezu pozoitsuari aurre egin ahal dion diskurtso edota praktika politikorik. Sakabanatuta eta ideologia anitza duten pertsonak barnebiltzen dituzten herri eragiletan ez dugu, gehienetan, gure sektoretatik kanpo geratzen diren problematikaz jarduten. Agian gure kolektiboaren eginkizunarekin loturarik ez diogulako ikusten; edota hausnartzeko gaitasuna, informazioa edota daturik ez dugulako… Dena delakoa, ukitzen ez omen gaituen horren aurrean ondo kokatuta ez egoteak gure etsaiaren koordenadetan jarri ahal gaituela jakin beharra dugu.

Zentsu honetan, urrunago geratzen zaizkigun gaiak aztertzeko eta izan beharko genukeen jardueraz berba egiteko, Otsailaren 23an, Errekaleor Bizirik-ek eta Askapena-k antolatutako solasaldia. Egun honetarako hurrengo galdera luzatu digute: Zergatik eta nola izan antiinperialista Euskal Herrian. Erantzunari hasiera emateko, aurkezpenik behar ez duen Iñaki Gil de San Vicente gonbidatu dute. 18:00tan hasiko da Iñakiren hitz hartzea, baina ostean, bildutakoen artean solastea da helburua. Aukera paregabea pil-pilean dagoen mundu honen gaineko argazki bat egiteko. Ezinbestekoa dagokigun tokitik antolatzeko, koordinatzeko eta berriz ere Euskal Herria antiinperialista eraikitzeko. OTAN-i ezetz esan zion herriaren memoria astintzeko.

Euskal Herria anti-inperialista berrasmatu

5 pentsamendu “Euskal Herria anti-inperialista berrasmatu”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2023-02-17 10:47

    NATO ez, ANZUS ez, CSTO ez, eta SCO ere ez.

  • NATO munduko gastu militarraren %51a da.
    CSTO munduko gastu militarraren %5a da (iristen bada).
    Eta sinetsi behar dugu agresore inperialista eta munduarentzako arriskua gastu militarraren %5ak sortzen duela.
    “Gerra bakea da, askatasuna esklabotza da, ezjakintasuna indarra da.”

  • Gora kapitala 2023-02-17 12:41

    “Egunerokotasunean pairatzen duten jabetza pribatuaren diktaduraz ohartu beharrean, kolokan jartzen dutenengan jopuntua kokatzen dute.”

    Zertan datza “jabetza pribatuaren diktadura”? Nola jartzen du kolokan diktadura hori nire ondasunak lapurtzen dizkidanak? Nire ondasunez gabetzen nauenak emango dit askatasuna? Nola?

  • Mikel Haranburu 2023-02-17 13:39

    Ez, ez “duzue” ezer sinetsi behar, ez eta “CSTO munduko gastu militarraren %5a dela”. Hala balitz, ezin sinetsizkoa litzateke, 51/5 erlazio horretan, 5 baino gutxiago gastatzen duenak 51koari aurre egitea Ukrainan eta NATOren indarrak ahituxeak egotea; hala diosku bere “informazio” kanpainak (hau bai Errusiaren ofentsiba berria).
    Adrian Zelaiak berea bota du, Euskal Herrian informaziorik ez dugula-eta beste foko bati begira jar gaitezen; Iñaki Etayok ikuspuntu geopolitiko-geoestrategikoa erakutsi du, internazionalismotik omen; hirugarrenik (baina ez azkenik, ziur asko), NATOren aurkako manifestazioaren iragarpena, Ekai Centerrek abisatu bezala: “Azkenean Euskal Herria mugitzen hasi da”.
    Dena dela, gastu militarraren ehunekoak ez du zehazten eta ez jakinarazten, eta ez informatzen, gastatutakoa zertan eta nola erabiltzen den…
    Otsailaren 24a internazionalismo antiinperialistaren eguna izendatzea dago… manifaren biharamun itzela izan “dezazuen”

  • Hortz klinikatik 2023-02-17 17:21

    Mundua eraldatzea, ala kritikatzen duzun mundu horretan bertan burbuilatxo bat eraiki, eta barrutik kanpoan dagoen guztia zure kontzientzia maila ez lortzeagatik kritikatzea, kanpoan dauden horiek erakarri nahian. Gero aho bete hortz…