Nahuatl kulturari buruzko zenbait gogoeta
Nahuatl kulturari buruzko zenbait gogoeta –
Gaur egun zibilizazioen kultura aztertzen dugunean, normalean, Eurasia eta Ipar Afrikako herrienetara jotzen dugu soil-soilik, herrialde zabal horiek bailira munduaren ardatza eta sehaska bakarra. Mendebaldekoentzat gaurko lerro handiko kultura aipatu kultura horiengandik datorkigu: Mesopotamia, Egipto, Fenizia, Grezia, Erroma, Europa, Mendebaldea… Hori da mendebaldekoen irudikoz, gizateriaren ibilbidea, kulturaren garapena. Mundu zabaleko gainerako kultura eta herri zaharrak hutsaren hurrengoa dira ikuspegi itxi horretan. Ahanzturaren hautsetara kondenatuak direla dirudi. Horixe da orain aipatuko dudan nahuatl kultura aberatsarekin gertatzen dena.
1.- Nahuatl herriaren historia
Iduriz, antzinatearen garai ilunetan nahuatl edo naho izeneko leinuak, oraino ongi ezagutzen ez ditugun motiboengatik, gaur Estatu Batuetakoak diren lurraldeetatik hegoalderantz mugitzen hasi ziren, eta azkenean, Mexikoko goi-ordokian finkatu ziren. Ibilaldi hau ez zuten egun batetik bestera egin, luzea izan zen eta hiru alditan banaturik. Hastapenetan totelka izenekoak jaitsi ziren, geroago txitximekak eta azken aldian, azteka izenekoak. Luzaz pentsatu izan da hiru herri ezberdin zirela, baina gaur egun ondotxo dakigu, hiruak hizkuntza eta etnia berekoak zirela, nahuatl etniakoak, hain zuzen.
Hasieran, arestian aipatu bezala, totelkak zabaldu ziren Mexikoko goi-ordokian. Bigarren aldi batez, txitximekak iritsi ziren eta totelken gainetik haien boterea hedatu zuten. Gauza bera gertatu zen berantago, aztekak lurralde haietara iritsi zirenean, aurreko totelkak eta txitximekak garaitu eta azpiratu ondoren, beraien erresuma eta kultura inposatu baitzuten. Azteka inperioaren hiriburua mexika leinuaren Tenotxtitlan handi boteretsua izan zen eta hiri horretatik goi-ordokiko herri guztiak gobernatzen zituzten. Azteken aroa izan zen, iduriz, nahuatl zibilizazioaren momenturik gorena.
Azteken jainko-jainkosa nagusiak Ketzalkoalt eta Huitzilopotxtli ziren, eta haien inguruan baziren izadiarekin loturiko jainko-jainkosa ttikiago franko. Azteken sinesmenak naturalista-animistak ziren.
Azteka inperioaren loratze gorena Moztezuma enperadoreakin (1.440-1.469) lortu zutela dirudi. Tamalez, loratze hura errotik moztu zuten itsaso zabalaz bestaldetik iritsitako gizon zuriek. Zaldiz, suzko armez, eta ankerkeria handiz, azteken erresuma ezabatu zuten betiko. Europar “zibilizatuek” amerikar “salbaiak” garaitu eta esklabo bilakatu zituzten. Hori izan zen nahuatl kulturaren amaiera tristea.
2.- Heriotzaren aurreko kezka
Heriotza beti izan da herri eta kultura guztietan gogoeta piztu duen errealitatea, betidanik gure artean izan delako. “Bizitzak heriotza zor” erraiten dugu euskaldunok. Baina zer zen heriotza nahuatl herritar naturalista-animistentzat? Nola ikusten zuten? Eta nola islatzen zuten beraien literaturan? Ikus dezagun XV. mendeko olerki honetan poeta nahuatl anonimo batek heriotzari buruz erraiten diguna:
Nora joanen gara?
– Nora joanen gara?
hiltzerik ez den tokira?
Baina, horregatik negarrez biziko ote naiz?
– Zure bihotza gogortu dadin,
jakin ezazu hemen ez dagoela inor
betirako biziko dena.
– Gure printzeak ere
hiltzeko sortu ziren.
Bizidun guztiak noizbait hilen dira.
– Zure bihotza gogortu dadin,
jakin ezazu hemen ez dagoela inor
betirako biziko dena.
Ikusten dugunez, ez da etsipena olerkariak heriotzaren aurrean hartzen duen jarrera. Heriotza naturaltasunez onartzen du, ez da heriotzaren aitzinean matxinatzen, eta gainera, haren ustez, heriotzaren ondoren den beste mundu hilezkorra aipatzen du lehen koblan. Hau ikusirik, erran genezake nahualtl jendeak mundu honetako bizitza bidaia edo ibilaldi gisakotzat hartzen zuela.
Hala eta guztiz ere, hilezkortasuna izan da beti mintzagai, herri eta kultura guztietan, gizakiak atzeman nahiko lukeen xedea. Eta horixe da beste olerkari baten eskutik honako olerkian irakur dezakeguna. Horratx:
Irauteko gogoa
– Nik, lore arteko uretan bizi naizen hegaztiak, jaietan irauten dut
Uraren bazter zabaleko kantua naiz,
nire bihotza gizakien inguruetan dabil,
baita lorez betetako bazterretan ere.
Haien kolore eta usainez printzeak orditu daitezen.
Hauxe da edertasuna!
– Ai, arras suminduta nago!
Nire bihotza minduta dago!
Bederatzi lurraldeetako olerkaria nauzue,
baita urez betetako bazterretakoa ere.
Ai adiskideak, hil nadin!
– Orain, jade biribiletako lepokoa ezarriko dut ene lepoan,
olerkaria naizenez gero, hauxe baita nire saria.
Jadeek distiratzen dute
eta ni nire kantuaz harrotzen naiz.
Mozkor ezazu nire bihotza!
lorez betetako lurraldean ehortzi nazaten!
– Poeta naiz kantatzen dudan aldiro,
eta nire baitatik tristura isurtzen zait.
Mozkor ezazu nire bihotza!
Lorez betetako lurraldean ehortzi nazaten!
– Ederlan bat utziko dut margoturik,
poeta naiz eta nire kantua lurrean biziko da.
Ni kantuaren bidez oroituko naute.
Luma horiz estalitako ohean etzanda jarriko naute
eta atsoek niregatik eginen dute negar.
Haien malkoek nire hezur lehorrak bustiko dituzte.
Orain hobira jaitsi beharra daukat, usapalen erresumara.
– Ai ene entzuleak! Jakin ezazue
izugarri sufritzen ari naizela!
eta Thapalara betirako deitzen nautenean,
lumazko nire apaindurak ke bihurtuko direla!
Joanen naiz, bai, desagertuko naiz betiko.
Luma horiz estalitako ohean etzanda jarriko naute
eta atsoek niregatik eginen dute negar.
3.- Izadiaren ederra, bizitzaren giltza
Bizitza ederra da nahuatl olerkietan, zinez ederra, eta halaber, beste bizitza ederrago baten giltza. Eta filosofia honetan erroturik gizakiak izadiari kantatzen dio, bizitzaren edertasuna azalduz, iraunkortasuna desiratuz. Hori da nahuatl olerkietan, behin eta berriz, azaltzen diguten pena eta arrangura sakona, ezin iraun mundu honetan betiko. Ikus dezagun zein indartsu den sentimendu hori olerkari nahuatl batek udaberriari eskainitako olerki honetan:
Udaberri kantua
– Margolanen etxean hasi da kantari.
Kanta ezazu eztiki! Bana itzazu lili ederrak!
Poztu ezazu zure kantua!
– Aditzen da kantua
baita kriskitinen soinua ere.
Hauxe da gure kantu eztiek damaiguten erantzuna.
Bana itzazu lili ederrak! Poztu zure kantua!
– Lore ederren artean, faisai alaia kantari ari zaigu,
eta bere kantu ozena ur artetik igortzen digu.
Txori gorriek erantzuten diote,
txori gorri ederrek eztiki kantatzen dute.
Baina asmoak asmo eta ametsak amets, nahuatl gizon-emakumeek ez zuten betiko irautea lortu, guk, gaurko gizakiok, lortuko ez dugun bezala. Dena den, 1.500. urte inguru hartan, Tekamaltxalkoko Aiokuan, Kuetzapaltzin izeneko nahualtl olerkariak kantatu zuen bezala, orduko sentimenduak eta nahiak gaur eguneko berberak direla dirudi. Urteak eta mendeak iragan dira, giza belaunaldi zaharrak desagertu dira eta berriek haien tokia hartu dute, denborak eta kulturak aldatu dira, baina gizakiak hilkorra izaten jarraitzen du. Lurra da iraunkor bakarra, hilezkorra dena. Betiko hala bedi!
Lurrak iraun dezala!
– Lurrak iraun dezala!
Mendiek zutik jarrai dezatela!
Horrela zioen Tlaxkalan, Huexotzinkon…
Aiokuan, Kuatzpaltzin jakintsuak.
– Artozko eta kakaozko liliak
bana ditzatela!
Lurrak iraun dezala betiko!
Nahuatl kulturari buruzko zenbait gogoeta Nahuatl kulturari buruzko zenbait gogoeta Nahuatl kulturari buruzko zenbait gogoeta Nahuatl kulturari buruzko zenbait gogoeta Nahuatl kulturari buruzko zenbait gogoeta Nahuatl kulturari buruzko zenbait gogoeta
Tolteka, ez totelka
Mila esker zuzenketagatik, Asier.
Artikulua bidaltzean ez naiz akatsaz konturatu.
Herriaren izena MEXIKA zen eta horrexegatik konkistatzaileek “mexicano” deitu. “Azteka” XIX. mendeko historiografiaz geroztik erabili izan da, baina berez haiek ez zuten izen hori ezagutzen eta egun ez da zuzentzat hartzen.
“… esklabo bilakatu zituzten”.
Mexika eta gainerako herriak, behin garaiturik, Gaztelako Koroaren menpeko ziren. Isabel erreginak eta oinordekoek propio hainbat legetan debekatu zuten indioak esklabo bihurtzea. “Vasallos de la corona” ziren, hau da, herritar libreak.
“Nahuatl kulturaren amaiera tristea”.
Konkistaren ondoren makina bat kronika historiko, teatro lan, elizaliburu, gramatika eta lege-idazki argitaratu ziren nahuatl hizkuntzan. POESIA ere bai. Bestela, ea nola euskaratu ahalko zituen poemok Josebak hain ederki.
Lan horiek Tenochtitlango aldaeran idatzi ziren, estandar moduko batean, “nahuatl klasiko” esaten zaio.
Felipe II.ak hizkuntza ofizial izendatu zuen “Nueva España” aldean. Estatus hori mende bete geroago kendu zen, nahiz eta oraindik eguneroko hizkuntza bezala iraun.
1821an Mexikok independentzia eskuratzean, biztanleriaren %66 “indioa” omen zen eta oraindik nahuatl hizkuntza herri desberdinen arteko “lingua franca” moduan erabiltzen zen.
Harrezkeroz, gaztelaniaratzea azkarrago gertatu zen, tartean zirela indioen bizimoldeen aldaraztea, lur komunalen galera, eta abar. XVI. mendetik Nueva Españako indioei aitortutako foru eta eskubideak, Mexikar estatu berriak desegin egin zituen.
Hala ere, Maximiliano Enperadoreak dekretuak elebiz argitaratu zituen. Emiliano Zapatak ere pare bat aldarrikapen nahuatleraz atera omen zituen.
Informazio biziki interesgarria eta baliosa eman duzuna, Amonamantangorri, zinez eskertzen dizut.
Iruditzen zait oso ikuspegi idealizatua eman duzula aztekei buruz. Ahaztu zaizu aipatzea inguruko nazioak esklabizatu zituztela eta antropofagia modu masiboan aplikatu zutela. Hain zuzen ere horregatik izan zen hain “erraza” Cortes eta harekin jardun zuten espainiar-talde txikiarentzat inperio “handi” hura konkistatzea; inguruko herrien laguntza jaso zuten, azteken krudelkeriaz nazka-nazka eginda baitzeuden.