Bixamona (ostera ere)

Bixamona (ostera ere) –

Bixamona (ostera ere)Bi urte pasa dira aurreko bixamonatik eta oraingoa ere pasatu dugu (gogorra aurten ere). Eta aurten zer bixamona utzi dit ba Euskaraldiak?

Batetik, nik neure inguruan txapa gutxi ikusi dut, neure inguruan jendea ez dut ikusi bereziki motibatuta (bale, inpresio pertsonaletan oinarritzen ari naiz eta horrek ez du balio). Eta gero datuak ikusi ditut eta zer gura duzue esatea, ba %28 jaitsi da parte hartzaileen kopurua 2018tik (eta 2020ko pandemian baino gutxiago izan dira): neure herrian 2017ko datuetara itzuli gara (2017an Derion Ahora izeneko ekimena egin genuen). Ez dakit, baina tresna kamustu zaigula iruditzen zait, kamusten ari dela.

Bestetik, Euskaraldia batez ere kualia da eta ez kuantia, eta zu ari zara kuantiari begira. Hala da, halaxe da eta, agian, kopuruak ez du axola, baina nik erronka gutxi ikusi dut neure inguruan (ostera ere inpresio pertsonaletan oinarritua!). Hala ere, bide horretan pauso batzuk egin direla uste dut. Batetik, ahalduntze eskolak eratu dira herri batzuetan (ea horren inguruko baloraziorik helarazten den); bestetik, Zapla izeneko irratsaioa egin da eta hor ere ohiturak aldatzeko gakoak eman zaizkio hala gura duenari. Eta seguru nago herririk herri beste hainbat ekimen interesgarri egon direla.

Aurten, hirugarrenik, ariguneak ere egon dira. Eta hori oso garrantzitsua dela uste dut. Baina zalantzak sortzen zaizkit. Ariguneak arigune izango dira 15 egunetan bakarrik? Bai? Zergatik? Ariguneak iraunarazteko lanik ez al genuke egin behar denok? Zalantzak ditut horrekin eta agian tresna zorrozteko baliabideetako bat izan daiteke ariguneak iraunarazteko lana egitea.

Euskaraldia …. eta, ondoan, adibidez Pantailaldia. Hor ere eman nuen izena eta, bua, ezin izan diot inondik ere erronka horri heldu. Ia inposiblea da pantailak euskaraz kontsumitzea, astebetean bada ere. Hutsune handia dugula banekien, baina ahalegina egin eta hutsunea uste nuena baino sendoagoa dela iruditzen zait. Pantailetan eskaintza duinago bat izateko lana egiten jarraitu behar dugu.

Eta … zein da zure Euskaraldia? Zer egin dezakezu zuk? Zer dago zeure esku?

Bixamona (ostera ere)

7 pentsamendu “Bixamona (ostera ere)”-ri buruz

  • Nire Euskaraldia zurearen oso antzekoa izan da. Nik aspaldi utzi nion kanpoan errudunak bilatzeari. Ez dago amaren seme-alabarik beste Euskaraldi bat jasango duenik. Astuna, iluna, beruna. Nik ere ez dut ikerketarik egin, baina inguruan baditut lagunak eta beldur apur batekin bada ere, saiatu dira esaten pentsatzen dutena. Usain eskasa hartu du honek, herriz herri jendea liberatuta kaka esplikatzen, herriz herri dirua gastatzen ezdakitzertarako, ez, behintzat, hizkuntza ohiturak aldatzeko. Leku gehienetan mugatu gara argazkiak ateratzera, banderolak jartzera eta ekintzaren bat edo beste antolatzera. Euskalgintzak bizi behar badu, ez dadila izan euskara bera itota eta dauzkagun aliatu apurrak galduta. Aspergarria da osoooo. Eta entzun nahi ez duenak ezkutuko beste interesen bat du. Mila esker artikuluagatik. Horrelakoak behar ditugu. Ez “bertangoxo” eta “ninaizonena”ka ari direnak.

  • Barrikagane 2023-01-03 16:01

    Antolatzaileak berak barik, oso bistakoa izan da aurtengo edizioa nabarmen kaskar joan dela. Baina, tira, etorriko dira berriro be jaurlaritzakoak, topagunea, klusterra eta gainerako pesebreroak arrakastatsua izan dela errepikatzen, goebbelstxoen lez. Izan ere, badirudi kanpaina honetaz aparte, ez dutela ezer egiteko kapazitaterik. Oso oso kezkagarria da epaitegietatik hizkuntza politika oinpean jartzeko egiten ari diren enegarren erasoa, eta are kezkagarriagoa aurre egiteko kapazitate falta. Oraintxe esan du Barakaldoko udalak,
    helegite jartzea dela eta, “bertako teknikari juridikoek erabaki dutela ez dagoela errekurtsoa jartzeko legezko oinarririk”. Hau horrela bada (eta oker egon nahi nuke), erridikulua galanta eta inkonpetente arriskutsu gehiegi bazterretan.

  • Barrikakoari 2023-01-03 19:47

    Ez nuke dena zorro berean sartuko. Euskaraldia da modu hor aipatu dituzun batzuei jaten emateko. Jatea ondo dago, baina lan profesionala behar du ordaindua izateko. Edozer gauza, edozein modutan, fundamenturik gabe ez. Euskaraldiari eutsi beharrak itxura eskasa ematen du. Oso eskasa. Eta hor agertu direnak han eta hemen ontasunak\gezurrak kontatzen, doazela hausnartzeko gelara. Utzi lekua beste batzuei.

  • Nik Iruñean oso txapa gutxi ikusi dut, aurrekoan baino aise gutxiago.
    Pultsurik gabe gaudela agerikoa da eta ez dugu begi aitzinean duguna ikusi nahi. Joan den urteetan arrosaz pintatatzen ibili diren profesional eta erdi profesionalak porrot egin dutela onartu beharko lukete. Dimisioa eman beharko zenukete, jaunok!

  • Hori da, dimisioa. Horretan ari direnek dimisioa eman beharko lukete. Goitik agindu, udal guztiak dantzan jarri, herritarren aurrean erridikulu demasekoa egin eta euskararen erabileran atzera egiteko eta prestigioa galtzeko mekanismoa bultzatu, hauspotu eta finantzatzearren. Eta kargu publikoen atzetik dabiltzan euskararen ustezko salbatzaileek ere beste horrenbeste, dimisiorik ez, ez dutelako kargurik (satelite larregi), baina inork ez lieke gehiago ez mikrorik ez bozgorailurik jarri beharko.

  • Mikel Haranburu 2023-01-05 10:06

    Ez ote den egunotan indar askoz ere gehiago baliatzen Euskaraz egin dezagun aldarrikatzen, Euskaraz egiten baino…

  • Euskaldunok oso aldarrikatzaileak gara; denetarik nahi dugu euskaraz, baina gero, horren aurrean, gure erantzuna eskasa izaten omen da.

    Estatulitisak soilik jendea gogogabetzeko balio izan du, alegia, dena estatu hipotetikoa (edo daukagun administrazioak) egin dezala pentsatzeak.

    Nire aburuz, horrelako esaldiak “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz” oso kaltegarriak dira.

    Euskara salbatu? Komunitate kontzientea eta lana.
    Ea noiz ikasten dugun dena ez dagoela estatuaren/administrazioaren menpe.