Abian dira zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako 2011ko CAF-Elhuyar sariak
Elhuyar Fundazioak eta CAF enpresak abian jarri dituzte 2011ko CAF-Elhuyar sariak. Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta narrazio-lanak bultzatzeko helburua du sariketa honek, eta badira 18 urte sariketa abian jarri zenetik. Hiru kategoria egongo dira aurten ere: Dibulgazio–artikulu originalak, Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak eta Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. Parte-hartzaileek 2012ko urtarrilaren 27 arte izango dute haien lanak edozein kategoriatara bidaltzeko aukera.
Dibulgazio–artikulu originalen kategorian, 2.000 €-ko bi sari emango zaizkie inoiz argitaratu gabeko dibulgazio-artikuluei; bata dibulgazio-artikulu orokorrei dagokiena, eta bestea egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluari dagokiona. Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioaren kategorian, 5.000 €-ko sari bat izango da gazteei zuzendutako euskarazko literatura-lan hoberena aurkezten duenarentzat. Lan horiek zientzia- edo teknologia-gaien presentzia izan beharko dute, betiere. Azkenik, Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2.000 €-ko sari bat egongo da jokoan, eta 2011. urtean argitaratu diren zientzia kazetaritza-lanak aurkeztu ahal izango dira, edozein formatu eta generotakoak.
Epaimahaia zientzia eta teknologiako adituek zein literatura- eta kazetaritza-munduko adituek osatuko dute, eta 2012ko apirilaren 30a baino lehen jakinaraziko dituzte irabazleen izenak.
CAF-Elhuyar sarietan parte hartzeko epea irekita dago jada, eta oinarriak sariketako webgunean daude eskuragarri.