Matesa-Iwer-erako proiektu berriak instituturik gabe utziko du Arrotxapea auzoa

Matesa-Iwer-erako proiektu berriak instituturik gabe utziko du Arrotxapea auzoa –

Iruñeak 200.000 biztanle baino gehiago ditu, 14 auzotan banatuta. Horietatik Arrotxapea da jendetsuena, 26.000 pertsona baitaude erroldatuta bertan. Hiriburuko auzorik handiena ere bada. Kopuru horiekin, herritarrentzako behar adina zerbitzu behar lituzke auzoak, bereziki hezkuntzakoak. Haur eta lehen hezkuntzako 4 ikastetxe dauden arren (D ereduko Patxi Larrainzar IP, PAI ereduko Arrotxapea IP, G ereduko Cardenal Ilundain CPEIP eta A, G eta PAI ereduak biltzen dituen La Compasión-Escolapios itunpeko ikastetxea), auzoan ez dago ikasle horiek guztiak hartzen (eta etorkizunean hartuko) dituen instituturik.

Matesa-Iwer-erako proiektu berriak instituturik gabe utziko du Arrotxapea auzoa

Arrotxapeko Plan Partziala 1989ko abenduaren 14an onartu zuen Iruñeko Udalak, UPN alkatetzan zela, eta horrek aldaketa sakona ekarri zion hiriaren iparraldean dagoen auzo honi. Planak, adreiluaren espekulazioaren eskutik zetorrenak, bost mila etxebizitza baino gehiago eraikitzea eta bestelako hainbat eraldaketa ekarri zituen: baratzeak desagertu egin ziren eta fabrikak industrialdeetara lekualdatu ziren. Plan partzial horretan higiezinen gaineko espekulazioa kontuan hartu zen, bai, baina ez auzoarentzat beharrezkoak ziren zerbitzuak. Osasun-zentroa, adibidez, txiki geratu zen ia estreinatu zen egunean bertan, eta auzorako instituturik sortzea ere ez zuten aurreikusi.

Berriki jakin dugu Matesa-IWER eraikinean hogeita hamar loft egingo dituztela, Healthcare Activos enpresak sustatutako zahar-etxe bat, gimnasio bat, jatetxe panoramiko bat, supermerkatua barne hartzen duen merkataritza-gune bat eta dozena bat lokal. Halaber, Marcelo Celayeta etorbidearen ondoan 5.000 metro koadroko berdegune bat eta etxebizitza gehiago aurreikusi dira. Dena oso pribatua, baina auzoko bizilagunek dituzten beharretatik urrun dagoena.

Ez dugu ahaztu behar Nafarroako Gobernuak 2026rako Iruñean edo bere eskualdean izaera industrialeko Lanbide Heziketako zentro bat eraikitzeko asmoa berretsi zuela. Industria-arloko berrikuntzan, digitalizazioan eta prestakuntzan oinarritutako LHko zentro bat izango zela ere aurreratu zuten, honako lanbide-arlo hauetako zikloak barne hartuko zituena: informatika, komunikazioak, elektrizitatea, instalazioa eta mantentze-lanak, eta fabrikazioa eta mekanika; guztia 4.0 industriarekin oso lotuta.

LABen ez dugu argi zentro berriaren proiektua proposamen serioa edo hauteskunde-propaganda hutsa izan den, baina egungo Matesa-IWER eraikina berau ezartzeko kokapen ezin hobea izan zitekeela ikusten dugu. Kokapen horretan, gainera, birgaitze-proiektua (Open Lab) gehitu zitekeen, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin (CENER) partekatua eta Europako Batzordearen funtsekin finantzatua. Era berean, Matesako eraikinak eta San Pedro taldeko etxebizitzak elektrizitatez hornituko lituzkeen energia-komunitate bat sortzea ekar zezakeen horrek.

LABen atsekabez ikusten dugu eta baita salatzen ere, Iruñeko Udalak nahiago duela hiriko eraikin enblematiko batean ekimen pribatuekin espekulatu, bizilagunei behar dituzten zerbitzuak ematea baino. Horrela bada, Arrotxapeak instituturik gabe jarraituko du; auzoko gazteenek ezin izango dute beren ikasketekin auzoan bertan jarraitu, eta goizero-goizero Iruñeko beste auzo batzuetarako erromesaldia egin beharko dute bigarren hezkuntzako ikasketak egitera.

Mikel Auza Makutso
Oihane Jordana Mosén

Arrotxapea auzoko bizilagunak eta LAB Irakaskuntzako ordezkari sindikalak

Matesa-Iwer-erako proiektu berriak instituturik gabe utziko du Arrotxapea auzoa

Matesa-Iwer-erako proiektu berriak instituturik gabe utziko du Arrotxapea auzoa 

LAB Nafarroa, Lanbide Heziketa