Kritika Zinematografikoa: “Limoiari eztia”
Kritika Zinematografikoa: “Limoiari eztia” –
.
Zuzendaria: Izaro Andres eta Ander Merino.
Urtea: 2022
Herrialdea: Euskal Herria
-Jasotzen dudalako ematen dudan beste-
Dokumentalaren lehen pasarteek nora eza eragiten digute, elementu guztiak baitira arrotzak. Pikatu bortitza dugu, ispiluz beteriko gela batetako bazterra erakutsiz. Erdian Izaro Andres musikaria dago, nabarmenki urduri, eskutan dituen paperak buruan jarriz, egoerari aurre egiteko gai denaren ziurtasunik ez balu bezala. Bapateko muntaia azkarrak tentsioa areagotuko du, argi izpi bortitzak ere sartuko dira jokoan. Izaro berak adieraziko digu ez dakiela nondik hasi. Zeri buruz ari da? Film bat eraikitzearen erronkaz? Bere barrenak hustutzeko abiapuntu egokia aurkitzeaz? Akaso bi gauzei buruz. Kontua da, martxan jarriko dela: paperak eskuan dituela, irribarre labur bat egingo dio kamerari, eta nolabaiteko biluzte pertsonala den errelatoari ekingo dio, hitzaurre eder baten bitartez: “Berriro dena egin beharko banu, ez dut uste gai izango nintzenik”. Hala barneratuko gara abentura bikoitzean, bi norabide zeharo ezberdinetan, kanpo bidaia eta barne bidaia elkarren ondoan jarriko diren heinean.
Berez pelikula atzera kontaketa baten kronika da, Izaro Andres konpositore, musikari eta kantariak bere ibilbidean (momentuz) izan duen kontzerturik handiena ospatzerainokoa, urte honetako maiatzean Donostiako belodromoan eskainitakoa, 6.000 ikusletik gora eta hainbat gonbidatu esanguratsu tarteko zirela. Banbalina lana erakutsiko zaigu, musikarien artean dagoen sintonia prestaketa prozesuan, eszenara igotzeko garaia hurbiltzen doan heinean tentsioaren indartzea. Eta paraleloan, muntaia baliatuta, filmaren bihotza egongo da, Izaroren barrenetarako jauzia. Hastapenean ikusi dugun ispiluen gela hori espazio abstraktu bilakatuko da (nolabait, Orson Welles The lady of Shangai-ren oihartzunak somatuko ditugu) norberaren psikologia konplexua ulertu nahi duen subjektuaren lurraldea. Bertan egiten diren hausnarketa zoragarriek gordetzen dute filmaren arima bera. Lehenik eta behin, zinez interesgarriak direlako: lana eta pasioaren arteko muga, fokotik kanporako bizitza, kolapsoa, maitasunaren hautua, ahul kontzeptualizazioa, gorrotoan hasi eta beldurrean jomuga duen bidea… ugariak dira Izarok lehen pertsonan garatuko dituen aspektuak, eta era zehatzean aipatuko ez bada ere, lehen terminoan jarriko zaigu osasun mentalaren gaia. Denak ukitu liriko eta ederra izango du bere idazketan, eta hausnarketon balioa are gehiago handituko da emango den irudi tratamenduaren bitartez. Hasteko musikaria beraren jarrera naturalagatik. Ez du ezkutatzen pasarte hauek duten kutsu teatrala, paperak eskuan dituela azalduko baita etengabe, aldez aurretik idatzitakoa irakurtzen; edonola, hainbat momentutan hegan hasiko da erreferentziazko testu horretatik aldenduz eta ideiak garatu egingo ditu, natural duen hizkuntzak aldi berean plazaratzeko joera horrekin. Gutxi balitz, bisualki pasarte hauek oso landuak egongo dira: angulazio bortitzak, lehen plano muturrekoak, ispiluak baliatuz eratzen diren irudi bikoitz eta errepikatuak. Horrek guztiak indartzen du artstak berak bere narrazioan uzten digun zutabe ugarietako hau: “zenbat Izaro kabitzen diren esistentzia bakarrean”.
Paradoxikoki, ispiluen gela horren indar horretatik sortzen da filmak duen arazo nabarmenena: bi poloen artean dagoen desoreka. Eta ez da prestaketa lanak eta kontzertuaren planifikazioak arazorik daukatenik (egoki helarazten dira musikarien arteko hartu emanak, zintzilik dauden hamarnaka gauzek ondo ez ateratzeko duten arriskua eta ordua heltzen doanerako zirrararen indartzea era duinean dago bildua), baina barne bidaia horren hausnarketek eta irudien indarrak energia gehiegi daukate. Hala, filmaren azken pasarteetan kontzertuaren barrenetan erabat sartuta egongo garela, faltan botako dugu filmak proposatzen duen beste bide introspektibo hura.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Limoiari eztia”