Jarri txapa, eman txapa!

Jarri txapa, eman txapa! –

Heldu da azaroaren 18a, heldu da hitzez ekiteko garaia. Gutxienez abenduaren 2ra arte soinean daramatzagun txapei so eginez ibiliko gara. Belarriprest da, beraz, euskaraz egingo diot, ahobizi da, hortaz, euskaraz egingo dugu berba.

Jarri txapa, eman txapa!

Hurrengo 15 egunetan hirugarren Euskaraldian murgilduko gara, eta ez gara, ez, hutsetik abiatuko. Aurreko edizio biek utzi zuten aztarna, eta norberaren bizipenek ere eragin handia daukate Euskaraldiarenganako jarreran. Esango nuke, asko okertu gabe, asko garela Euskaraldian parte hartu eta, gehiago edo gutxiago, lortu dugunak hizkuntza ohiturak aldatzea, hobetzea.

Lorpena da, dudarik gabe, ariketa bera egitea; ikustea euskaltzaleak zelan antolatu garen, elkarlanean, ekimena posible egiteko. Bestalde, ezin albo batera utzi nazio ikuspegia. Tamalez, ez daukagu ekimen gehiegi Euskal Herri osora hedatzen direnak; handiena Korrika izango da, ea Euskaraldia ere bide horretan jartzen dugun!

Hirugarren Euskaraldiaren atarian, gainera, maiz entzuten dugu erabilera trabatuta dagoela, eta egiturazko hutsuneak daudela traba hori gainditzeko. Nire ustez, kontua ez da erabilera ez izatea ezagutzaren parekoa; kontua da egun dauden baldintzetan oso zaila dela erabileran aldaketa nabarmenak ematea.

Hirugarren Euskaraldian sartuko gara, milaka izango gara ahalegin praktikoa egiten arituko garenak, euskara gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzen.

Etor dadila Euskaraldiarekin euskara erabiltzeko bulkada: eragin dezagun erabiltzeko baldintzetan, ariguneek sor ditzatela erabilera eremu gehiago. Jantzi ditzagun kaleak koloreekin, zipriztin ditzagun bazterrak euskararen doinuekin. Jarri dezagun txapa, eta eman dezagun txapa euskaraz!

ANBOTOn argitaratua

Jarri txapa, eman txapa!