Durangoko Azokako spot-a eta playlistak

Durangoko Azokako playlistak euskal musikako azken nobedadeak – 

durangokoazoka.eus

Durangoko Azokako playlistak euskal musikako azken nobedadeak bildu ditu Badok atarian

  • 75 banda baino gehiago entzun daitezke Durangoko Azokako 57. edizioaren musika zerrendan. 
  • Euskal musikako azken nobedadeak Badok atarian eta Spotify plataforman topatu daitezke.
  • Durangoko Azokak aurtengo iragarkia aurkeztu berri du. Landakogunean kolore eztanda irudikatu du Azokak, Uma Bracaglia aktore durangarraren parte-hartzeagaz.

Badago entzungai Durangoko Azokako 57. edizioko musikazerrenda! Lehenengo aldiz, Azokako playlista Badok atarian entzungai egongo da, eta bertan euskal musikaren azken nobedadeak entzun ahal izango dira. Horrela, Azoka heldu baino lehen, musikazaleek euren talderik gustokoen azken kantuak entzun ahalko dituzte, eta ezagutzen ez dituzten banda berriak ezagutzeko aukera izango dute.

Guztira, 75 banda baino gehiago batu ditu Azokak bere playlistean. Kulturaren plazako egitarauan gertatzen den bezalaxe, aniztasuna da musika-zerrenda honen ezaugarri nagusia. Talde hasiberriekin batera, hainbat talde ezagun topatu daitezke: Gatibu, Zetak, Izaro, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Liher, Ruper Ordorika, Ines Osinaga, Delirium Tremens, Kokein, Merina Gris, Fermin Muguruza, Mikel Urdangarin, ETS… Badokeko zerrenda hau hemen entzun daiteke: badok.eus/durangoko-57-azoka

Musika-zerrenda hau astero eguneratuko da, taldeek euren abesti berriak publikatzen dituzten heinean. Badok atarian entzungai egoteaz gain, azken urteetan bezalaxe, Azokak musika-zerrenda osatu du Spotify plataforman, kontu horretan abestiak igo dituzten musika taldeekin. Spotifyko zerrenda entzuteko: open.spotify.com

Horrez gain, Durangoko Azokak edizio honetako iragarkia ere aurkeztu berri du. Spotean Landakogunea hutsik agertzen da, eta gazte batek koloretako eztanda egingo du kitarra eta bozgorailu batzuekin, “eztanDA!” aurtengo leloagaz jolastuz. Spoteko protagonista Uma Bracaglia aktore durangarra da, eta iragarkiarekin Azokak aurten euskal kulturak bor-bor izango dugula irudikatu nahi izan du, bi urteko ez-ohiko edizioen ostean. Spota ikusteko: youtube.com/DurangokoAzoka

Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra ospatuko da aurten, eta aurrez aurreko plaza izateaz gain, online dendari ere eutsiko dio (hilaren 7tik 10era kasu honetan). Urtero bezala, hamaika kultur jarduera izango ditugu Durangon egun horietan: disko aurkezpenak, solasaldiak, proiekzioak, antzezlanak… Azaro amaieran aurkeztuko du Azokak egitarau osoa.

Durangoko Azokako playlistak euskal musikako azken nobedadeak bildu ditu Badok atarian

Durangoko Azokako playlistak euskal musikako azken nobedadeak bildu ditu Badok atarian